Koronabirusa

Andoaingo Udalak 2.000 deitik gora egin ditu 65 urtetik gorakoen artean

Aiurri 2020ko api. 20a, 15:45

Desgaitasun txartela duten titularrei deitzen hasiko da apirilaren 21etik aurrera Andoaingo Udala.

Andoaingo Udalak zabaldutako oharra:

Larrialdi-egoera ezarri zen momentutik, Andoaingo Udalaren lehentasunetako bat izan da egoera ahulean edo zaurgarrian dauden pertsonei hurbileko arreta eman eta eurekin harreman zuzena izatea, zer moduz dauden jakiteko eta oinarrizko beharrak beteta ote zituzten egiaztatzeko.

Azken asteetan, Gizarte Zerbitzuen Saila Ataria eta Idazkaritzako langileekin indartu ondoren, 2.279 dei egin zaizkie Andoaingo 65 urtetik gorako pertsonei. Dei horiek hiru fasetan egin dira:

  • 75 urtetik gorakoak: 968 dei egin dira.
  • 70 eta 75 urte bitartekoak: 689 dei egin dira.
  • 65 eta 70 urte bitartekoak: 622 dei egin dira.

Dei horien ondorioz, Gurutze Gorriaren eta boluntarioen taldearen laguntzarekin, 29 familia andoaindar artatu dira eta hainbat zerbitzu eman zaizkie: 29 elikadurakoak, 19 farmaziakoak, 1 bankuarekin egindako kudeaketa eta 1 zaborra jaistea. Beste 9 familia andoaindarrek Gurutze Gorriaren telefonora deitu dute zuzenean eta haien beharrei ere  erantzuna eman zaie.

Gainera, supermerkatu kate batzuk Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri dira, janari soberakina eskaintzeko. Ekarpen horiei esker, Gizarte Zerbitzuetako Sailarekin eta Caritasekin koordinatuta, 56 familiaren beharrak bete dira. Udala Caritasekin ere ari da elikagaien banaketa koordinatzen, Gurutze Gorriaren eta boluntario taldearen laguntzarekin.

Gobernu Taldeak eskerrak eman nahi dizkiegu Gurutze Gorriari, boluntarioen taldeari eta Caritasi bizitzen ari garen egun zailetan egiten ari diren lanagatik eta udalarekin izaten ari diren lankidetzagatik.

Azkenik, jakinarazten dugu, bihartik aurrera desgaitasun-txartelaren titularrei dei egingo zaiela udaletik, horiei ere zuzeneko eta gertuko tratua emateko helburu berarekin. Izan ere, desgaitasun-txartelaren titularrek osatzen duten kolektiboa ere zaurgarritasun-egoeran egon baitaiteke nozitzen ari garen une latzetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!