Urki dantza taldekoak ez daude geldi egonean

Aiurri 2020ko api. 20a, 17:55

Urki dantza taldeak jakinarazi duenez, taldeko kideak ez daude geldi egonean: “Txikiak, gaztetxoak eta baita helduen ikastaroen ikasleak ere harremanetan daude irakasleekin, eta ondo pasatzeko edota etxean entsaio laburrak egiteko materialak eta proposamenak jasotzen ari dira, gure etxeetan ere euskal dantzaz goza dezagun”.

Era berean, Urkik adierazi duenez azken asteetan talde bakoitzeko kideak dantza desberdinak grabatzen ari dira, “bideo guztiak jaso eta montatu ondoren, argitaratu egingo ditugu, Santa Krutz egunaren inguruan”.
Bestalde, gizarte-arauak kontuan izanik, ekaina bitarte dantza taldeak prestatuta zeuzkan emanaldien berri eman ditu:
 
  • Martxoak 15: Zahar Egoitzan emanaldia: bertan behera utzita.
  • Apirilak 3: Basteroko emanaldia: urriaren amaieran egiteko asmoa dago.
  • Maiatzak 2-3: Santa Krutz jaien baitan, Zumea plazako emanaldia eta Ezpata Dantza: bertan behera utzita.
  • Maiatzak 9: Debako Dantzari eguna: bertan behera utzita.
  • Ekainak 7: Haurren Euskal Jaialdia: bertan beheta utzita.

Alde horretatik, Urki dantza taldeak bere eskerrik beroena luzatu nahi die jaialdian parte hartzekoak ziren Gasteiz, Durango, Lekunberri, Betelu, Leitza, Goizueta, Azkain, Deba, Tolosa eta Hernaniko taldeei, eta halaber, Andoaingo Soinuak Musika Eskolari eta Punttuka Bertso Eskolari.

Urkiko kideek ez daukate batere zalantzarik datorren urtean jaia gogo bereziarekin ospatuko dutela.

  • Ekaineko beste emanaldiak (ikastetxetako ikasturte amaierako jaiak eta San Juanak): Ikastetxe eta Udalaren esku dago erabakia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!