Koronabirusa

Andoainek merkatua berreskuratuko du Goikoplazan larunbatetik aurrera

Aiurri 2020ko api. 21a, 10:12

Elikagaien eta edarien salmenta baino ez da baimenduko, 9:00etatik 13:00ak bitartean. Astean behin ospatuko da azoka momentuz.

Helburu nagusia salbuespenezko egoerak baserritar, elikagai ekoizle eta saltzaileengan izan dezakeen eragina arintzea da. Horretarako, Osasun Sailak zehaztutako segurtasun- eta babes-neurriak hartuko dira: hainbat bereizketa elementu ezarriko dira itxarote-uneetan, ilara egitean gutxieneko distantziak bermatzeko, bai eta elikagaia manipulatzeko neurriak ere.

Sei metroko segurtasun-distantziak ezarriko dira postu ezberdinen artean, eta bi metroko distantziak bezeroekiko. Postu bakoitzeko saltzaile baten gehienezko kupoa ezarriko da.

Makaldegiko aparkalekuan larunbat eta astearteetako merkatu osoa egitea debekatu zenetik, Andoaingo Udalak merkatua partzialki berrezartzeko aukera lantzen aritu da, bereziki elikagaien ekoizle eta saltzaileentzat bideratuta. Baina tokiko elikagai-ekoizle eta -saltzaile gehienek partzialki berrezarri nahi ez zutela egiaztatu ondoren, etenaldiak bere horretan jarraitu du orain arte.

Aste honetan bertan, herrietako asteroko merkatu-mota horiek egitea eragozten zuten osasun-neurrietako batzuk kendu ondoren, Andoaingo Udalak elikagaien ekoizleen eta saltzaileen iritzia konprobatu eta egiaztatu du berriro. Erronda berri honetan baieztatu da merkatua berriz ezartzeko borondatea dagoela. Horregatik, Andoaingo Udalak merkatua egitea erraztuko du, modu ordenatuan eta osasun-berme guztiekin.

Makaldegitik Goikoplazara
Azokaren kokapena aldatuko da, Makaldegitik Goikoplazara, eta, momentuz, astean behin egingo da, larunbatetan. Azokarako ezarritako ordutegia lau ordukoa izangoda, 9:00etatik 13:00etara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!