Laguntzen garaian azkeneko zirela esatera altxatu zirelako iragarri ziren kultur arloko kaltetuentzako laguntzak. Baina laguntza horiek ze gastu mota estaltzeko izango dira? Kateko zein mailaraino iritsiko dira?
Konturatzen ote gara kultur sormena guregana iristeko zenbat eta zenbaten lanari esker iristen zaigun? Musikarientzako soinua; dantzarientzako zorua, antzezlanen argiztatzea; pelikula botatzeko “makinista”… soinu eta argiztatze ekipo horien garraio eta zamaketa lana. Kate-maila horretako katebegiak osatzen duten kultur zerbitzuetako autonomo eta langileak lanik gabe geratu dira dagoeneko, eta bere lanera itzultzeko aukerak ilun.
Andoainen, pandemia honen eraginez, besteak beste, hainbat aukera galduko ditugula garbi dugu:
- Festen aitzakian antolatutako musika emanaldiak, herriko nahiz kanpokoek eskainiak.
- Ekaineko Rock Jaialdia, non Euskal Herriko zein nazioarteko talde bikainen doinuez gozatzen dugun;
- Gazte, haur edo helduentzat antolaturiko dantza zikloa;
- Oreka Tx-en lan berria ezagutzea;
- Saritua eta iragarrita zegoen “Parásitos” filma ikustea;
- Jaietako bertso saioak;
- Kattalin Miner idazlearekin bere liburuaz irakurleon iritziak partekatzea eta abar luzea.
Baina, zertara dator gure herrian aurrera eramango ez diren festa, jaialdi eta kultur izaera duten ekitaldien zerrenda aurkeztea? A ze kaikukeria pentsa dezake honaino irakurtzera iritsi den batek baino gehiagok.
Gabezia horien ondorioz, lanik gabe dauden gure herrikide edo Andoainen, gure kultur jardueran lan egiten eta izenez ezagutzen ditugun hezur haragizko pertsona hauek denak aipatzea merezi duelako, bere lana ikusgarri egiteko eta beharrezkoa duten elkartasuna izango dutela adierazteko. Erakundeen laguntzaz gain gurea ere beharko dutelako.
Beraz, Eragin-Stac-eko Asier, Jon, Marta, Josu, Itzi, Txefo, Inma, Laura, Xabi, Amal…, Hirutek-eko Ugaitz, Agurtzane, Arantza, Txarli… NSound-eko Aritz, Elena, Oskar, Maider, Aitor, Mikel, Andoni izan ezazue zuen lanarekiko aitortza eta elkartasuna lerro hauen bidez. Gure esku ere egongo da zuek lanera itzultzea.