Pertsiana itxi genuen eta isildu gara bi egunez. Egon dira gurean liburuak, testuak eta kantak, noizbait ateratako argazkiak eta asmatutako ilustrazioak. Barrura begira egon gara, orain arte egin ditugunak ikusten eta errepasatzen, dena Sálvame ikusten, noski. Madril aldean ez dute azken bi egunetako grebarik jarraitu eta hortxe ibili gara erreinu hartako hiriburuan zertan ari diren ikusten.
Gaur liburuaren eguna da (a zer nobedadea!) eta gu triste xamar ibili gara, normalean liburu berrien usaina gogoratzen pasatzen baitugu egun hau. Gure neska motzak (irakur ezazue neska motz kontzeptua bere bi adieretan, mesedez) ideia batekin etorri zaizkigu: Teleluk eta biok liburuak sinatu genitzakeela otu zaie.
Alferrik da berriz esatea ezin dugula inor etxera ekarri, ezinezkoa zaiola edozeini gurera etortzea. Baina berdin zaie: belarri batetik sartu eta badakizu nola bukatzen den esaldia… hortik bertatik atera zaie guk esandakoa. Alferrik da berriz errepikatzea liburuek beraien zikloa dutela eta lerro hauek idazten dituenaren kasuan, zerbait baduela esku artean baina dena sekretua dela eta dena geldirik dagoenez, ezin dudala ezer esan; eta liburuak zaharkitu ote zaizkionaren susmoa ere baduela.
Zikloa aipatzean ez dakit zer ulertuko zuen, marmarka joan baita bere liburu elektronikoaren bila. Itzuleran, ahizpa besotik hartu du eta argazkilariari zuzendu zaio zuzenean: atera erretratu politt-politttta (ondo markatu tt hori, arren).
Liburuak sinatzen hasi gara eta bina sinatu ditugu. Badakizue norentzat ziren: bat argazkilariarentzat eta bestea Carmen Zelairentzat.
Madrilgo liburu eguneko etxetxoetan bageunde bezala izan da edo Bartzelonako Ramblan liburuak eta larrosak banatzen egongo bagina bezala. Argazkilaria erretratuak ateratzen eta gure Zelai ahizpa bere itxurarik eta aurpegi-perfilik onenak erakusten. Ez gara oso eroso sentitu halako gezur handiaren parte izaten baina zer egingo diogu bada!
Okerrena gero etorri da, euskal idazleei buruz galdezka hasi denean. Vargas Llosarik ba ote dugun galdetu digu eta guk, koitadu hauek, adinean antzik ez baina lan zerrendan antzekotasunik duenik badagoela esan diogu: Atxaga jauna.
Wikipedian begira jarri da, gustatzen zait ba! esan digu eta bere argazkiei erreparatzen hasi da. Irri egin dio, haur txiki bati begira egongo balitz bezala. Ondoren, argazkia berriz ateratzeko eskatu dio argazkilariari.
Aukeratu du bat berrogeita hamar argazkiren artean eta logelara joan da korrika batean. Ez dakigu Atxagarekin enamoratu ote den edo gaiztakeriatarako beharko zuen informazioa, atera zuek kontuak.
Hori bai, handiustez begiratu gaitu, gaurko egunez beste inork baino liburu gehiago saldu izan balitu bezala. Harrokeria puntua gehitu dio begiradari eta eguneroko enegarren koka-kolari lehen zurrupada eman aurretik esan digu: jakin dezazuela Joxe Irazu dela bere benetako izena, incultas!