“Eskiak asko eman dit”

Aiurri 2020ko api. 26a, 18:25

Aimar Murua andoaindarra Euskal Selekzioko taldekide bilakatu zen Panticosako proban podiuma egin ostean. Datorren urtean maila bat gorago lehiatu nahi du Espainiar Selekzioarekin.

Nondik datorkizu eskiarekiko zaletasuna?

Umetatik eskiatu izan dut. Sei urterekin hasi nintzen eskiatzen, aita ere eskiatzailea baita. Hasiera batean, Luz Ardiden eski estaziora joaten ginen eta alpino egiten nuen soilik.

Zaletasun hau batez ere nire aitarengandik dator. Gainera, nire aitonak eta amonak ere eskiatzen zuten. Hasiera batean, aitak alpino soilik egiten zuen, baina hainbat pertsona elkartu eta gauza ezberdinak probatzen hasi zen.

Eskian txapelketetan parte hartzen duten gipuzkoar gehiago badaude?

Euskal Selekzioan ez gaude gipuzkoar asko, zehazki, hiru gara; bi donostiar eta ni. Bizkaitarrak, esaterako, gehiago dira, baina nafarrak dira gehienak, nahiz eta Euskal Selekzioaren zati ez izan. Esanak esan, gipuzkoarrontzat eskiatzea ez da oso ohikoa hemen elur asko egiten ez duelako. Nire kasuan, aitak betidanik eskiatu izan duenez, askotan eramaten ninduen elurra zegoen lekuetara.

Eskiko zein modalitate praktikatzen duzu?

Mendi-zeharkako eskia praktikatzen dut. Eskiekin mendiak igotzean oinarritzen da. Atzera irrist ez egiteko "foka" izeneko larruazal modukoak dituzte eskiek, honela, aurrera egitea ahalbidetzen du, baina ez atzera.

Zein txapelketa gehiago daude?

Hiru modalitate ezberdintzen dira eskian; esprinta, bakarkakoa eta krono-eskalada.

Esprinta ahalik eta azkarren distantzia bat egitean oinarritzen da. Hau da, eskiakin esprintatzen duzu eta ondoren eskiak motxilan gorde eta korrika ere egiten duzu, guztia ahalik eta denbora laburrenean. Ondoren, puntu berean bukatzen duzu, beraz, igotzen duzuna ere jaitsi egin behar da.

Beste modalitatea bakarkakoa da. Zu mendiaren alde batean has zaitezke eta beste edozein puntutan amaitu. Bakarkakoa igoera eta jaitsieretan oinarritzen da.

Azkenik, krono-eskalada dago. Beheko leku batean hasten da eskiatzailea eta tontorrean edo goran amaitzen du. Modalitate oinarrizkoena dela esango nuke.

Neguan asteburuak kanpoan igarotzen dituzu entrenamenduak direla medio?

Aurten txapelketa asko atzeratu egin dira koronabirusa dela eta. Niretzako aurten ez ditut helburuan eduki txapelketei dagokienez; baina txapelketak ditudanean asteburuetan irteerak egiten saiatzen naiz, astean zehar eskolara joan behar baitut. Esaterako, Jaka ez dago urruti, bi ordu eta erdian bertan zaude.

Jakan batez ere Candanchu eski estazioan eskiatzen dugu. Gainera, nire aita talde batean dago, beraz, normalean hara joaten gara eta topaketa modukoak egiten ditugu.

Nolakoak dira egiten dituzun entrenamenduak?

Oraingoz entrenamenduak aitak jartzen dizkit, aurten hasi naizelako seriotasunez mendi-zeharkako eskian. Askotan joaten garenez eskiatzera, arreba eta ama euren aldetik joaten dira; nire aita eta ni, berriz, entrenatzera joaten gara eta geure aldetik egiten ditugu entrenamenduak.

Udan nola entrenatzen duzu praktika ez galtzeko?

Ni aurten hasi naiz eta udan ez dut entrenatu, baina entzun dudanez normalean hiru entrenamendu mota egiten dira; roller, "caco" eta kilometro bertikalak. Roller eski moduko tresna bat da, baina gurpilak ditu irrist egiteko. Caco oinez mendiko makilekin ibiltzean oinarritzen da. Kilometro bertikalak eta mendiko lasterketak, berriz, fisikoki ondo mantentzeko oso baliogarriak dira.

Nolatan debutatu zenuen Euskal Selekzioarekin?

Amerikako Estatu Batuetatik bueltatu nintzean futbolean zentratzea erabaki nuen, baina lesio asko edukitzen nituen eta ez nengoen gustura; orduan, aitak asteburu bat eurekin mendira eskiatzea joateko esan zidan. Joan nintzen eta izugarri gustatu zitzaidan, paisaia ederrez gozatzeko aukera zegoelako, kolpe gutxiko kirola delako eta lesio gehiago eduki ez nituelako batik bat. Horrek maitemindu ninduen.

Beranduago, lehen mendi-zeharkako lasterketan parte hartu nuen, Candanchun. Hasiera izugarria izan zen, bihotza bor-borka eta urduritasuna nabaria zen. Lasterketan gutxinaka erritmoa hartzen joan nintzen eta bigarren bukatu nuen lasterketan. Selekzioko kideek nire lasterketa ikusi zuten eta taldeko parte izan nahi nuen galdetu zidaten. Sarbide proba egin nuen Panticosan, oso ondo egin nuen, eta bigarren geratu nintzen berriro ere; beraz, Euskal Selekzioko taldekide bilakatu nintzen. Izugarria izan da niretzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!