Zuen ama, Modesta Garaialde, apirilaren 1ean hil zen zaharren egoitzan. Ezin izan diozue azken agurra normaltasunez egin ahal izan…
Bai, oso-oso gogorra izan da prozesu guztia, eta sinetsi ezinik jarraitzen dut oraindik. Osasun krisia piztu zen, eta harrezkero berarekin bakarrik bideo-deiez edo telefonoz kontaktatu ahal izan genuen. Ez dakit zer zen hobe, ahoz bakarrik ala aurrez aurre pantailan, ze gu horrela ikusita gehiago tristetzen zela iruditzen zait. Tristezia hori, zahar egoitzako gainerako egoiliarren bezalatsukoa zela esango nuke; han dagoenak ezin duelako ulertu zer gertatzen ari den. Haserreak ere gain hartu zion azkenean amari, ez geniolako bisitarik egiten. Galarazita daudela bisitak, oso esku onetan zegoela zainduta, eta pandemia pasata berriro elkartuko ginela esaten genion; orduan ulertu bai, baina ahaztu egiten zitzaion gutxira. Ulergarria da, urtetan aurrera doazen askori bezala, kosta egiten baitzitzaion kontzientzia hartzea eta pazientzia edukitzea.
Martxoaren 30ean sukarrarekin hasi zen, eta asteazkenean jada hil egin zen. Negatiboa eman zuen Covid-19aren proban. 95 urteko pertsona izan arren, baliteke egoerak eragindako bakardadeak azken bultzada eman izana; ez nuke jakingo zehazten. Lau anai-arreboi, behintzat, atsekabe handia eragin digu azken egunetan ama aurrez aurre ez eduki izana, horrenbeste eskatu eta estimatzen zituen muxuak eta laztanak ezin eskaini izanak.
Azken agurra ere klandestinitate puntu batekin egin behar izan duzue…
Doluak eskatzen duen erritu guztiari uko egin behar izan diogu, gainerako hildakoen familiarren antzera, erabat ankerrak direlako jarri dituzten baldintzak. Ezin izan dugu hileta elizkizunik ospatu, senitarteko eta adiskideekin egon, horien doluminak jaso, normaltasunean lurperatu… Dekretuak adierazten du bakarrik hiru senide egon litezkeela lurperatzeko orduan, izan ala ez birusaren biktima. Onetik atera eta legeak haizetara bidaltzeko modukoa egoera izan zen, baina eutsi behar izan genion gogo horri. Erretoreak ere ez zuen batere ulertzen nola ez zen posible laugarren senidearen presentzia, leku ireki batean! “Nola emango diogu buelta egoera honi?”, bere buruari galdetu eta galdetu egiten zion. Jakina, hileta komunitarioa egin liteke gure artean hau dena pasatzen denean, denei ere aukera emanez gizalegezko agurra eskaintzeko joan zaizkigun ahaideei. Baina ez dakit oso bideragarria izango den halako ekitaldi masiboa, jendea ia egunero hiltzen ari baita…
Nola ikusi duzu Andoaingo zaharren egoitzaren egoera?
Egoitzako funtzionamendua ezagutzen dut, eta aitor dezaket bertako erizain eta zaintzaileak beti izan direla oso profesionalak. Bertan dauden aitona-amonen familiarrek ez dugu zalantzarik eduki behar, aste hauetan ere gauzak egoki egiten ari direlako. Ezarri dituzten protokolo eta arauak oso zorrotz betetzen ari dira, eta oraingoz ez da gaixoturik detektatu egoitzan.
Etxe-laguntzailea da zure ogibidea…
EULEN enpresako langilea naiz, eta aitona-amonei etxez etxe-laguntzea da nire betebeharra. Euren eguneroko zereginetan laguntzen diet, janzten, higiene pertsonalean, oheratzen... Une honetan lau zerbitzu egokitzen zaizkit betetzea egunero-egunero (Plazaolako kalean hasi eta Etxeberrieta auzoa bitarte). Oso lan-ordutegi aldrebeseko lana da gurea, izan ere goizean hasten baita lehen bisita, eta gaueko 21:00etan bukatzen azkenekoa.
Arriskuko lana bihurtu da zuena azken aldian…
Bai, baina gure eginbeharra da eta aurrera egitea beste erremediorik ez zaigu geratzen. Bestela ere, nik behintzat, lanbide honi beti heldu izan diot arduraz eta gogoz, eta harro nago horrexegatik, nahiz eta gizartean balorazio eskasa duen lanbide horietakoa izan. Gizartean, beharbada, oraintxe ari da azaleratzen gure lanaren premia. Aitona-amonak ezin baititugu babesgabe utzi! Osasun langileen aldeko txaloak egiten direnean balkoietatik, niretzat ere badirela iruditzen zait. Gainera, nire kasuan, ez dakizu zenbateko poza sentitzen dudan, gauero 21:00etan, etxera itzultzen naizenean nire bikote Jexux Marik balkoitik txaloka ongietorria ematen didanean!
Amarena ez ezik, bezero baten heriotza ere egokitu zaizu bizitzea...
Bai. Emaztea sukarragatik ingresatuta zegoen bitartean, bere senarra etxean hilik topatu zuten. Alargunak, geroztik, etxera itzuli ahal izan du sendatuta, eta orain bere psikologoa bihurtu naiz kasik. Egia esan, berak eta biok erabateko konplizitatea lortu dugu, hurbileko baten galera jasateak erabat elkartu egin gaitu.
Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 559 zenbakian