“Itxita egonagatik ere, produktua ezin da geldirik eduki”

Aiurri 2020ko mai. 1a, 15:00
Asier Gaztañaga. ©Gaztañaga

Asier Gaztañaga Gaztañaga sagardotegia

Sagardotegi denboraldiaren erdialdean harrapatu ditu sagardordozaleak osasun alarmak. Ondorioz, sagardozaleek sagardotegiak itxi behar izan dituzte, eta euren produktuak saltzeko bideak topatu behar izan dituzte askok. Andoaingo Gaztañaga sagardotegiaren kasuan, sagardoa etxez etxe banatzen ari dira sare sozialen bitartez. eskaintza argitaratu, eta jendeak hots egin ostean. Pozik daude bezeroen erantzunarekin.

Sagardotegi denboraldi bete-betean heldu zaizue koronabirusagatik sortutako osasun larrialdia. Nola heldu zenioten egoerari berria jaso zenutenean?

Momentuan jarraitu beharreko urratsen berri eman ziguten hasieran. Astebetera erabaki zen sagardotegiak itxi egin beharko genituela. Publikoarentzat lan egiten dugunez, irudia emateagatik. Sagardozale guztiak elkartu, eta jendearentzat nahiz denentzat hoberena ixtea zela erabaki genuen. Eta horrelaxe itxi genuen.

Negozio bat ixteak dakarren ondorio guztiekin, jeneroa galdu egiten da. Sagardotegian zenituzten txuletei, esaterako, zein irtenbide eman diozue?

Lan egiten dugun harakinak oso ondo portatu dira, eta txuleta guztiak hartu dizkigute bueltan. Alde horretatik, beste sagardozaleak ez dakit nola geratuko ziren, baina gurekin oso-oso ondo jokatu dute. 

Diru-sarrerak hutsean ez geratzeko bideren bat topatu al duzue?

Bai. Etxetik atera ezin denez, sagardoa etxeetara eramatea erabaki genuen, batez ere herriarentzat eta herritarrentzat. Egia esan, arrakasta handia izan du, eta jendeak asko eskertu digu. Herritarrekin oso gustura geratu gara eman duten erantzunarekin.

Facebook eta Instagram sare sozialetan argitaratu genuen albistea, eta jendea deika hasi zen. Herri mailan hasi ginen, eta gero kanpotik ere jende dezente hasi zitzaigun deika. Alde horretatik gustura gaude. Zerbait saltzeagatik abiatu dugu. Izan ere, tabernak eta jatetxeak denak itxita daude, eta guk lan asko egiten dugu tabernekin eta elkarteekin, banaketa lana ere guk egiten dugu. Itxita egonagatik ere produktua ezin da geldirik eduki, salmenta eman beharra dago handik edo hemendik. Aurten zenbakiak egiteko oso urte txarra aterako da. Geldirik eduki baino zerbait saltzeko aukera izanez gero denontzat hobeto; jendea ez dadila gure produktuekin ahaztu.

_________________________

Sagardoa etxeraino

Gaztañagako sagardoa etxean jaso nahi duenak Asier Gaztañagari deitu behar dio ondorengo telefono zenbakira: 630 12 25 62.
12 botilako kaxa 19 eurotan saltzen dute.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariko 559 zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!