Jai Batzordearen adierazpenaren zain zegoen herriaren zati handi bat, Aste Santuko egun horietan. Ez zen ezusterik izan, jaiak ospatzea ezinezkoa zela jakina baitzen. Baina bada itxaropenari leihoa irekitzen dionik, eta jaiak ohikoan bezala ez zirela ospatuko adierazi zutenean bat baino gehiago zapuztuta geratu zen. Panorama zail honetan festazaleek ere etxean geratu behar dute.
Jai Batzordeak, ordea, ez du etsi nahi izan eta txarrenari onena atera nahi izan dio. Ikusgarria da egun hauetan hainbat eragile eta sustatzaileen artean jaiari eusteko erakutsi duten borondatea. Irudimenarekin, jaiak balira bezala biziko gara apirilaren 30etik maiatzaren 3ra.
Esperientzia berria da, eta asteburuan zer gertatuko den ikusteke dago. Santelmoak ospatu berri dira Zumaian, eta han festazaleek ez dute hutsik egin. Leihoz leiho, balkoitik balkoira eta pantailaz pantaila jaiaz gozatu dute. Andoainen ere antzekoa gertatuko da, ziurrenik.