Eskualdeko musika taldeak

BAP!!

Koldo Otamendi 2020ko api. 29a, 20:56

Argazkia: Susana Rico

Seguraski BAP! taldea izan da nire musika bidean izan den talderik garrantzitsuena. Nerabe ginen garaian ezagutu nituen, oraindik ikastolara joaten ginen garai horietan. Taldeak aro ezberdin asko izan ditu, eta denak izan ditut beti gustuko.

Garaian nahi zutena egin zutenaren susmoa dut, haserako punk garaietatik, azken urteetako hardcore askera etengabeko garapean izan duen taldea. Neretzako erreferentzi zuzen bat izan dira, musikalki, bai eta musika mugimendua ulertzeko eta bizitzeko ere.

Kassete formatuan kaleratu zen BAP! taldearen lehen erreferentzia, 1986 urtean. Azalean BAP!! hizkiak letra larriz eta Drake, Eneko, Txanpi eta Andreu taldekideen argazkiak, "no pagex max de 250 pelax" esaldiarekin batera. Barnean, 15 kantu oldarkor eta 15 aldarri. Oso disko politikoa izan zen lehen maketa hura. Hitzak oka eginez idatziak ematen zuten, amorruz. Euskal poliziaren kontra, Nuklearren inguruan, Naturaren defentsan, Militarren aurka, presoen alde.... eta tartean garaiko alkateari eskainitako abestia ere! Brigada Anti Plasta izena hartu zuten haseran, gerora, Babarruna ta Aza Popularra, eta azkenik BAP! soilik. Taldearen izena garatuz joan zen, musika bidea garatuz joan zen bezala.

"Bide huts eta etxe huts" taldearen lehen iraupen luzeko lana izan zen. Binilo eta kassete formatuan argitaratu zuen Basati diskoetxeak 1988k urtean, eta taldearen musika bidean beste pauso bat aurrera suposatu zuen. Maketako zenbait kantu biltzen ziren bertan, eta dagoeneko kantu mitiko horiekin batera, abesti berriak, beste musika norabide bat erakusten. Punketik hardcorera bidaia egiten ari zen banda, hurrengo urteetan jorratuko zuten bidea. "No Future!" lelotik, "Do it Yourself" (zuk zeuk egin ezazu) era. Sarri ikusi nituen garai horietan. Andoaingo gaztetxean eskain zuten aurkezpen emanaldian, Leitzan, Lekeition, Añorgan.... Zaragoza ere egin genuen bidai taldea zuzenean ikusteko gaztetxetik antolatu zen autobus batean ere.

1992 urtean kaleratu zen "Zuria Beltzez" diskoa aurpegian masaileko bat izan zen. Talde formazio berriarekin grabatu zuten lana, eta taldean tresnen aldaketak ere izan ziren, gerora taldearen bilakera ulertzeko ezinbesteko aldaketa. Mikel bateriaz arduratu zen Txanpi ordezkatuz. Drakek gitarra jotzeari utzi eta baxua jotzen hasi zen, haseratik jotzen zituen sei sokak Jomes-en esku utziz. Eneko ahotsetan jarraitzen zuen, haserako oihu oldarkorretatik haratago abesten. Andreuk taldea utzi zuen aurretik Mikel Laboaren "Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak" kanta grabatu eta gero. Duela urte batzuk hil zen taldeko baxu jotzailea izandakoa. Azken urteak Ibarra herrian eman zituen, musika jotzea alde batera utzita, eta motozaletasunean murgildua. Garaiko beste musika talde batzuk egin bezala, BAP!! taldea euskara hutsez abesten hasi zen disko honetan, taldearen azken kantaraino jarrera hau mantenduz. "Zuria Beltzez" izan daiteke BAP!! taldearen nire disko gustukoena, eta seguraski nere bizatzan gehien entzun dudan diskoa!

Bi urte beranduago, 1994an, iritsi zen "Lehertzeko garaia" diskoa. Teknikoki disko gorena da. "Zuria Beltzez" diskoaren amorrua du, baino taldea haratago doa lan honetan. Musika eraginak askotarikoak dira eta taldearen kantuetan isla dute. Musikarien arteko koneksioa handia da, eta taldekideak musika era bakar batean ainguratu beharrean, orbita berrietara bidaitzen ausartzen dira. Euskal Herrian ez ezik, europatik zenbait bira egin zituen bandak: Alemania, Frantzia, Italia, Holanda, Belgika...

Taldea Andoaingo Gaztetxean agurtu zen jendeaurrean zuzeneko emanaldi sentikor eta berezian. Mendi istripu batean hil zen Xabier Ansaren omenaldian izan zen 1996 urteko irailean. Ansa, taldearen parte garrantzitsu bat izan zen, eta zenbait kantuen hitzak berak idatzi zituen: "Ez dut ezer esan nahi", "Iturraldeko Kontxixi" edo "Piztiekin" esaterako bere sinadura zuten. Emanaldi hori CD-DVD bezala argitaratuko zuen Esan Ozenki diskoetxeak "Bazen" izenpean. Era berean "BAP! ... ta bestela ondo" VHS-a sarean topa daiteke taldearen elkarrizketa eta bideo batzuekin osatua, eta Joxi Ubeda kazetariak "BAP!! Bai, ederki" (Bosgarren Haria, Gaztelupeko Hotsak) liburua idatzi zuen ere taldearen bidea islatuz.

Gure belaunaldiarentzako ezinbesteko taldea izan da BAP!!. Agian ez dute izan beste talde batzuk izan dute sona eta arrakasta masiboa, baino Euskal Herriko musika eszenan letra larriz idatzita geratu diren hiru hizki dira inolako zalantzarik gabe. Modu batera edo bestela, BAP! taldeko kideak musikari lotuta jarraitzen dute. Drake eta Mikel Anari bandan, Okene Inoreneroni taldean, eta Jomes La Jodederan.

Urteak pasa arren, oraindik orain ileak puntan jartzen zaizkit BAP!! taldearen kantuak entzutean.


BAP!! azken kontzertua

 


BAP!!-...ta bestela Ondo?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!