Diru laguntzak herriko merkatari, ostalari eta autonomoentzat

Xabier Lasa 2020ko api. 30a, 14:57

Andoaingo Udalak 600.000 euroko partida egokitu du COVID19ak udalerrian eragin duen inpaktuari aurre egiteko. Herriko merkataritzari, ostalaritzari eta langile autonomoei bideratuko zaizkie diru laguntzak, 400 eta 350 eurokoak. Udaletxean eguardian egin duen agerraldian bete beharreko baldintzak jakinarazi ditu.

 

Maider Lainez Alkateak, Mari Jose Izagirre alkateordeak, Verdasco, Jose Luis Verdasco Hirigintza zinegotziak eta Maite Ramos Salkin elkarteko lehendakariak eman dituzte jakitera diru laguntzak, udaletxean eguardian egin duten prentsaurrekoan.

Diru partida irekitzearen helburua Andoaingo herritarren interes orokorra babestea izan dela adierazi du Lainez alkateak. “Establezimenduak nahitaez ixteak edo jarduera ekonomikoa nabarmen murrizteak eragindako autonomoei, merkataritzari, ostalaritzari eta antzekoei likidezia eman nahi zaie, behin osasun-alarma amaituta, gure ekonomia ahalik eta lasterren berpizteko”.

Hiru diru laguntza ildo ezarri dituzte:

Lehen lerroa. Hilean establezimendu bakoitzeko 400 euro, Andoainen merkataritza, ostalaritza eta antzeko jarduerak (adibidez, merkatuko postuak) egiten dituzten pertsona fisikoei edo juridikoei, jarduera gauzatzen duten establezimendua nahitaez itxi behar izan badute.

Salbuespen gisa, era partzialean itxita edo bakarrik larrialdiei erantzuteko irekita egon diren gozogintzako produktuen eta gozok¡en saltokiak, optikak eta fisioterapiako, podologiako, logopediako eta terapia okupazionaleko zentroek ere laguntza eskatzeko eskubidea izango dute.

Andoaingo udalerrian jendearentzako lokal irekia izatea, eta Ogasunaren eta Udalaren aurreko betebeharrak egunean izatea dira baldintza nagusiak.

 

Bigarren lerroa. Hilean 350 euro, Andoaingo langile autonomoei, lan elkartuko kooperatibetako bazkide direnei barne, jarduera utzi behar izan baldin badute, edo alarma egoeraren adierazpenaren ondorioz, aurreko seihilekoan batez beste fakturatutako diru-sarreren %75eko murrizketa izan badute.

Honako baldintzak bete behar dira: alarma egoera adierazpenaren ondorioz jarduera utzi behar izateagatik aparteko prestazioa aitortuta izatea, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan altan egotea eta helbide fiskala Andoainen izatea.

 

Hirugarren Lerroa. Hilean 250 euro, Andoaingo langile autonomoei, lan elkartuko kooperatibetako bazkide direnen barne, alarma egoeraren adierazpenak eragindako diru-sarreren murrizketa konpentsatzeko.

Honako baldintzak bete behar dira: 2020ko martxoko edo apirileko fakturazioa aurreko seihilekoan batez beste fakturatutakoaren aurrean gutxienez %50 murriztu izana. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan altan egotea eta helbide fiskala Andoainen izatea.

Kasu guztietarako betebeharren artean, enpresa-jarduna gutxienez sei hilabetez eustea dago, jarduera berriro ekiteko eta/edo alarma-egoera kentzeko baimena eman eta hurrengo egunetik aurrera.

Maiatzaren 7an argitaratuko da diru laguntzei buruzko agindua. Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskariak erregistro elektronikoaren bidez tramitatuko dira, sinadura digitaleko txartel batekin. Sortu daitezkeen zalantzak Udaleko Ekonomia, Sustapen, Enplegu eta Gazteria Sailaren bitartez erantzungo dira (943300830 telefonoan).

Udal ordezkariek zehaztu dutenez, laguntza horiek bateragarriak dira beste hainbat erakundek susta ditzaketen beste diru laguntzekin.

 

Herriko merkatariak, kezkaz gainezka

Salkin Andoaingo merkatari eta ostalarien elkarteko lehendakaria den Maite Ramos ere izan da agerraldian. Herriko merkatariak eta ostalariak oso kezkatuta daudela adierazi du. “Osasun publikoaren aldetik gauza zaila dago, baina badirudi bideratzen ari dela poliki-poliki. Etorkizunari begira jarriz gero, berriz, oraingoz erantzunik ez dauzkaten galdera mordoa pilatzen ari zaizkigu, ezjakintasuna nagusi delako”. Besteak beste, higieneari lotuta betebeharreko neurriek eragiten dizkiete zalantzak, Maite Ramosek gehitu duenez.

Aterpe tabernako tabernaria da Ramos, eta Madrilgo gobernuak ostalaritzari lotuta maiatzaren 11tik aurrera iragarri dituen neurriei buruz galdetuz gero, eszeptizismoa eta harridura azaldu ditu biak batera. “Bezeroak taberna barrura sartzeko debekuak eta terraza soilik %30a irekitzeko baldintzak errealitatearekin zerikusi gutxi daukatela iruditzen zaigu. Sikiera terrazaren %50era ere ez iristeak negozioan irabazirik ez edukitzea dakar, eta seguruenera sektoreko langile askok pentsatuko dute ez duela merezi taberna irekitzeak”. 

Ramosek uste du herriko merkatari eta ostalari gehienek bete ahal izango dituztela Andoaingo Udalak diru laguntzak jasotzeko jarri dituen baldintzak. Gehitu duenez, “Laguntzak ez dizkigu galerak ekidituko, baina ongi etorriak ziango dira, aringarri gisa”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!