Javier Gabirondo Santa Krutz jaiaren zaletu amorratua zen, kalean giro jatorra sortzen zuen horietakoa, eta hil zenean jaietako sagardo txapelketari Javier Gabirondo memoriala ipini zioten. Javier Gabirondo Arruabarrena 1961eko apirilaren 13an jaio zen Andoainen. Ezkongabea, kamioi gidaria zen lanbidez. Santakrutzetan gozatu egiten zuen, eta 1977an, sortu zenetik, blusa txuri-berdea ezaugarritzat duen taldeko kide izan zen.
Bere lagunek Aiurriri 2012an adierazi ziotenez, sanoa eta umoretsua zen, lagun girokoa, inguruan animazioa eta saltsa jartzen zekien horietakoa, bertsoak kantatuz edo trikitixa joz… Gabirondok sagardoa eta sagardotegietako giroa gogoko zuen, horrexegatik, hil zenean, Santa Krutzetako sagardo txapelketari bere izena jartzea pentsatu zuten. 1999az geroztik darama bere izena. Sariketa Zumeatarra elkarteak antolatu ohi du. Ohi bezala, bere lagunek aurreko urtean Santakrutzetan lehiaketan saritu duten sagardotegian afaria egin ohi dute martxoaren 30ean, Jabierren heriotzaren urteurrenarekin batera.