[HEMEROTEKA: 2015]

“Urteroko koadrila eguna izango da, astebete aurreratuta”

Aiurri 2020ko mai. 2a, 13:30

Inoiz ez bezala, 2015eko edizioan Kuadrillen eguna jai egitarautik atera eta astebete aurreratu zuten. Antolatzaileek argudioak eskaini zituzten Aiurri astekarian.

 

Hauxe 2015eko edizioko kronikatik nabarmendu daitekeena: “Koadrilen egunak aldaketa nabarmena izan du aurten. Santa Krutz jaietako egitarauaren parte izaten jarraitzen du, baina maiatzaren hasieran egin ordez, astebete aurreratu dute: Santakrutzek lau egun soilik irauten dute eta egitaraua oso betea zegoen. Koadrilen egunak beti indar asko izan du, ondorioz, beste ekintzei tokia uzteko asmoz, beste egun batean egitea pentsatu genuen. Horrela, jende gehiagok hartuko du parte koadrila egunean ere, argudiatu dute. Eneko San Joseren ustez, goizean zehar jendearen parte hartzea ere handiagoa izango da, ez dutelako bezperako parrandaren aitzakiarik izango.

Bada erabaki honen alde ez dagoenik ere. Izan ere, hainbat herritarren aldetik kexak entzun dituzte. Gazteenen artean nabaritu dugu ez zaiela aldaketa gustatu; diotenez, festetatik kanpo egotea ez omen da berdina izango. Guk ahaleginak egin ditugu beste egunik ez zegoela adierazten eta larunbat honetan izan beharra zuela azaltzen, dio Leire Oterminek.

Nahiz eta Santakrutzak ez izan, bluxak jantzita atera daitezela kalera, herriari kolorea eman diezaioten. Urteroko koadrila eguna izango da, astebete aurreratuta. Betiko giroa sortuko da, ziurtatu dute antolatzaileek".

Bazkari jendetsua izan zen

Lehengo asterako 400 txartel inguru salduta zituzten eta azken aste honetan saldutakoekin 500 lagun inguru elkartu ziren 2015ean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!