Leitzaranera jo dute kirolari askok goizetik

Xabier Lasa 2020ko mai. 2a, 13:36

Kirolari trebatu batzuek Buruntza, Belkoain, Aizkorriko eta Onddoko goi parajeetara abiatu badira ere, gehiago izan dira Plazaolako bidea hautatu dutenak. Oinez, bizikletan, korrika... herritar ugari topatu ahal izan da Trentxikiko bidean goizaldera. Horietako zenbaiten adierazpenak jaso ditugu, kirol saioa egin ondoren etxerako bidean zihozela.

Leitz Kirol kultur elkarteko Bittor Uria, goizean goiz jaiki eta bizikletarekin Usabelartza aldera jo du Lapurtxuloko pistan barrena, “Onddoko gailurra Andoaingo lur barrutian sartzen da eta horraino heldu naiz; gero, Usabelartzako parajeetan ibili naiz. Berde-berdea topatu dut inguru guztia, orain baita garai polita naturaz gozatzeko. Goiko inguru horietan bakarren bat edo beste topatu dut, oinez edo bizikletan. Baina gero jaitsi naizenean Plazaolako bidera, hor panorama aldatu egin da. Nik uste denok ere berdin geundela aurreko egunetan, txabolan txakurrak nola egoten dira zain jabeak noiz aterako paseatzera? Bada horrelaxe!”.

Luis Lopez eta Marijo Nuñez urtero Santa Krutzeko krosean parte hartzen duten korrikalari herrikoiak dira. Aurten ezin izan dute gozatu euren auzoan bertan ospatzen den lehiaketa horrekin, baina nolanahi ere, ez dute aukera galdu kalera irteteko, galtza motzak jantzita. “Goizeko 08:00ak baino lehen abiatu gara. Leitzarango bailarara jo arren, nahiago izan dugu kanaletik ibili, segurantza baikeneukan jende gutxi topatuko genuela. Ondoren, Otieta aldera jaitsi gara eta hortik itzultzea erabaki dugu, Plazaolan barrena. Azken zatian egin dugu topo jende mordoarekin, eta lasterketa bat hasi baino lehenago bizitzen dugun unea zirudien: parte hartzaileak beroketak bere kasa egiten nonahi, ezker-eskuin, aurrean, atzean... Hori bai, distantziak ondo errespetatuz. Normala da jende pilatzea lehenbiziko egunean. Izan ere, nork ez zuen sentitzen, bada, premia gorputza astintzeko? Hilabete eta erdiko itxialdian saiatu gara ariketak egiten eta gorputza arin edukitzen, baina gero, benetan kalera irteten zarenean orduan ohartzen zara zangoak berriz ere mugitzera ohitu egin behar direla; etxean egindakoak ez duela hainbesterako balio, alegia”.

Sara Guardianok eta Alvaro Bañosek osatutako bikoteak ere Leitzaran aldera jo du, arineketan. Andoainen ez daramate denbora askorik bizitzen, baina ikasia daukate herriko mugak noraino iristen diren, eta horrela, Txapelaraino heldu bezain pronto itzulerako bidea hartu dute. Hamar bat kilometro egin dituzte denera, arin-arin korrika. “Gorputzarentzat igual gehitxo izan dela iruditzen zaigu, lehertu samar amaitu dugu, badakizu, kirola egiteko antsietate puntu horrek aurrera eta aurrera egitea bultzatu gaitu. Baina merezi izan du! Orain pare bat hilabete ibili ginen azkenekoz Trentxiki aldean, eta oso aldatuta ikusi dugu oraingoan. Zuhaitzak hostoz gainezka agertzen dira. Natura eder-eder jantzita dago, argi dago udaberrian sartu garela”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!