Esker bereziak ere Aiurriko lagunei. Lagun diogu, ez langile, egin duten jarraipena eta esfortzua ordutegi eta soldata batetik haratago doan lana izan delako, festa hauetako sentipena argazki, artikulu eta sareetan isladatuz, Andoaindar guztien etxeetara iritsi direlako.
Animorik handienak gure aldetik berriro ere herriko komertzio, taberna zein eragile txiki guztiei. Andoaindarrok festetan erakutsi badugu herria bizirik mantentzen dugula, zuek egunerokotasunean mantentzen baituzue herria bizirik. Etorriko dira garai hobeak eta herritarrok bertan egongo gara zuei babesa emateko.
Festen balorazioa egiteko daukagun arren, Jai Batzordeko kideak babestuak sentitu gara momentu guztietan herritarrongatik. Egin nahi genituen sorpresa, kontzertu, zein ekitaldi kultural guztiak baimen kontuengatik aurrera eraman ezin izan ditugun arren, egitarau potolo bat eskeini dugulakoan gaude. Eta lasai, baldintza jakin batzuengatik aurten egitea utzi ez dizkiguten ekintza batzuk, datorren urterako jasoko baititugu.
Amaitzeko, aurreratu genizuen ez ginela festarik gabe geratuko eta aurtengo Santa Krutz jaietan Andoaindarrok erakutsi dugu festak ez direla konfinamendu, aurrekontu edo baimen kontua. Festak jarrera eta ilusio kontua direla. Herritik, herriarentzat. Eta Santa Krutz jaiei buruz ari garenean, festa zein ilusioa zakuka kontatu ditugu herriko balkoi, leiho eta familia guztietan.
Datorren urtean ikusiko dugu elkar berriro,
Gora Santakrutzak!
Andoainen, 2020ko Maiatzaren 3an.