Astelehenean negozioko atea ireki zuenerako, jada hurrengo hamabost egunetako hitzordu guztiak hartuta zeuzkan bezeroekin. “Maiatzaren 4an ileapaindegiak irekitzeko aukera iragarri zuten bezain pronto, bezeroak deika eduki ditut atzetik. Lehendik ere, konfinamenduko asteetan, jendearekin kalean topo egiten nuenean eskatzen zidaten berarentzat hitzordua hartzeko, krisialdia gainditzen zen egunerako”.
Ofizialki premiazko sektore ekonomikotzat ez jo arren, ileapaindegien zerbitzua jende askorentzat behar-beharrezkoa dela argi geratu dela azken aldian adierazi du Tejadok. “BEZa %21 ordaintzen dugu eta ez gaituzte luxuzko jardueratzat hartzen, baina ez dakizu jendeak zenbat bota duen faltan ileapaintzaileen eskua, burua txukuntzeko!”.
Lorena Tejado Clemen Garcia bezeroarekin ari da lanean, adierazpenak egiten ari den une berean. Biek ere, erdi txantxetan, aipatu dute hurrena pandemia berriren bat heltzen zaigun egunerako, ileapaindegien derrigortasuna izango dela aintzat hartu beharreko eskarmentuetako bat.
Normalki, jendeak, hilabete edo hilabete eta erdiko tartean ileapaindegira joateko ohitura duela zehaztu du Tejadok. “Emakumeen kasuan, ile-zuria gehitxo daukatenean, zainak bistan geratzeko arriskua daukate asteak aurrera joan ahala, eta horrexegatik, zain horiek tintearekin estaltzea komeni zaie”.
Aurreiritziak ere aldatu beharko genituzkeela gehitu Lorenak. “Esan ohi da emakumeak garela pertxentak, guk dugula gogoko apain-apain ibiltzea. Baina berdintzen ari da joera hori gizonezkoekiko. Egun, gizonak nire bezeroen %40a dira, gero eta gehiago zaintzen baitira; belaunaldi berriek, 15-25 urte bitartekoek, ilea txukun moztuta eraman nahi izaten dute. Eta horiek ere tarteka hurbiltzen dira hona”.
Premia psikologikoa
Itxialdiko boladan pertsonen alderdi psikologia zaintzeko orduan ileak daukan garrantzia geratu dela agerian uste du Tejadok. “Etxean geratze hori eramangarriagoa egiteko, premiazkoa da itxura fisikoa zaintzea, geure buruarekin gustura sentitzea ispilu batean aurrean jartzen garenean. Ile orrazkera zatar ez eramatea, esate batera”.
Ile kontua dena ileapaintzailearen esku uzteko joera duten bezeroak aipatu ditu Tejadok. “Atzo bezero batek aitortu zidanez, aurreko astetan lanera egunero joan behar izan du, eta lotsa galanta pasa izan du kalean. Etxean ispilu aurrean ahal zuen moduan moldatuta irten da, hala moduz irten ere, izan ere kasik ez zeukan ezta ileko txanpu bat. Antzera jende asko ibili da konfinamenduko aurreko asteetan, gaizki bere buruarekin kalera atera orduko”.
Osasun neurriak, zorrotz
Lorenak nahiko argi dauzka ileapaindegian zentzuk diren hartu beharreko segurtasun neurriak. “Enbarazua eragiten duten neurriak dira, baina derrigor hartu behar dira, guztion osasunaren mesederako. Gainera, behin horrela hasiz gero habitua hartzen da eta nahigabe bezala egiten dituzu gauzak. Hasteko, bezeroak berarekin ekarri dituen gauza guztiak zabor poltsa batean sartzen dira, eta gero irteeran itzuli egiten zaio dena, poltsa zakarretara doa. Desinfekziorako alkohola ere etengabe erabiltzen ari gara. Bezeroek zein neuk musukoa jantzita eduki behar dugu beti. Eta lanean ohikoak ditugun eskuzapiei dagokionez, plastikozko mantal eta gainjantziak ari naiz erabiltzen, horiek ere behin erabili eta zakarretara botatzeko moduan. Eskerrak konfinamendua hasi eta berehala material hori internet bidez erosi ahal izan nuen; orain eskatzen hasi, eta auskalo noizko eskuratu ahal izango nituzkeen”.