Gai jartzaile lanetan aritu zen Arkaitz Lasartek “xume eta arraro" gisa definitu zuen bertso saioa, eta poza agertu herriko sei bertsolari bildu izanagatik. Ez baitzen izan gutxiagorako; egiazki, historikotzat jo behar da ostiralean ospatu zen bertso saioa, herritarren partaidetza zabala kontuan hartuta batez ere. XX. mendean zehar, 1936ko ekainera egin beharko genuke atzera antzeko gertakizunik topatzeko. Orduko hartan, Merkatu plazan (gaur egun Juanita Alkain plaza inguruan) ospatu zen jaialdian, hamaika bertsolari bildu ziren jendaurreko kantuan. Errepublikako aroan (1931-1936) Euskal Herrian eta Andoainen berpiztu zen mugimendu euskaltzalea islatu zuen jaialdi hark. Tamalez, hurrengo hilabetean, kolpe militarra eragin zutenek indarrez eta odolez zapuztu egin zuten mugimendu guzti hura, 40 urtetako diktadura ezarriz.
Maiatzaren 1eko bertso saioara itzulita, esan behar da zuzenean dozenaka lagunek jarraitu zutela. Txukun jardun zuen seikoteak, eta Santakrutzak eta osasun krisialdia gaitzat harturik, umorea nagusitu zen euren bertsoetan.
Saio osoa jarraitu daiteke sarean. Eta aldi berean, zenbait bertsoaldi transkribatuta irakur daitezke segidan.
* Hasierako agurra.
Ion Beloki:
Arratsaldeon guztiori ta
merezi du gaurko funtsak.
Egia esanda parranda gogoz
dauzkagu denok gorputzak.
Nahiz ta etxean beteta daude
kaliak dauzkagu hutsak.
Etxen bagare andoaindarrok
goza itzazue Santakrutzak.
Unai Ormaetxea:
Konferentziz hizketan
ta ez naiz alkate,
poztasunan bidetik
sortuz aldarte.
Errenteri, Andoain
luzatuaz kate
ezin baitet mugitu
inundikan bate,
honetaz aparte
auzo ta elkarte
punttuka re parte
bertsoz asma arte.
Festa ez baita izan
beinere kalte (bis)
Aritz Eskudero:
Santakrutzak etxean
ez da tipikoa.
Etxean egoteaz
jada nahikoa
nahiz nahi dudan musika
txozna ertzekoa.
Aurten festen programa
berezi askoa,
denon gustukoa
kategorikoa
gertu-gertukoa
telematikoa.
Etxea alaitzeko
horra gakoa (bis)
Beñat Beloki:
Santakrutzak jaiak ditugu eta
gaur degu egun handia,
rato ederra pasako degu
badaukat hortan fedia.
Zerbezatxo bat edanez eta
juntatu dadin jendia.
Saio polita egingo degu
nahiz eta izan xelebria.
Xabier Arantzeta Toxak:
Bertso saiotan Toxak deu
lehenengo aldiz berria.
Hasteko eskertu nahi det
begira dagon guztia.
Donosti, Eibar, Andoain,
bihotzeko familia,
ta Aiete aldera ere
zuri Olaia txikia.
Kuadrila, Angel Heredia,
Kaletxikiko jendia.
Esango dizuet danoi
nere helburu nagusia:
ondo pasa, parra egin,
saio txukun bat itia (bis)
Jon Eskudero:
Kaixo denori gaude bertsok ekarrita,
aztu ditzagun oltza, plaza ta ermita.
Gaur onlain gatoz ilusio denak jarrita
kunplitu asmoz Santakruetako zita.
Gaur onlain gatoz ilusio denak jarrita,
ateak itxita ta pantalak irekita.
* Sei bertsolarik, bertso bana.
Gaia: “Gaur, maiatzak 1a, eta birusarena etorri ez balitz, zertan ariko zinakete oraintxe bertan?”.
Beñat Beloki:
Fetxa hontan parranda
ekin eta ekin,
baño aurtengo hauxe
da oso ezberdin.
Halare polita da
ta neri dit berdin,
txosnaren bazterrian
Kelertxo batekin (bis)
Jon Eskudero:
Santa Krutzetan beti
zerbeza egarri
ta txosna izan ohi da
guztion iturri.
Han ibiltzen baikera
gu festetan sarri
ta ni alkola birus
baten mende larri (bis)
Aritz Eskudero:
Bertso kantatuz ziurrenik ni
oso modu dotorean,
eta bestela presaka pasaz
erdi etzanda ohean.
Santakrutzekin egunez hil da
eta gauez umorean.
Baina zu lasai, ospatuko deu
denok datorren urtean.
Xabier Arantzeta Toxak:
Atzo genuen Santakrutzeko
festa on hauek hastea.
Ohitura onak mantenduz laster,
kuadrila ba bazkaltzera
Zerbeza bat, bi, hiru eta lau
ta guk ritmoa hartzea.
gaupasa ederra egin det ta
banijo lo egitea.
Ion Beloki:
Egongo nintzan Kale Nagusin
ne lagunekin bazkaltzen
auzo bazkaya behar den bezala
menu onakin ospatzen.
Barberenak e askotan gaitu
bere bonbekin goxatzen.
Momentu hontan ariko nintzen
arpegi kremaz zikintzen.
Unai Ormaetxea:
Nik bonbarikan ez det probatu
nahio ari zerbezetan.
Baino badakit neronentzat e
hori ez da mesedetan.
Baino ez naiz orain aituko
zure aurrean kexetan.
Daukadan apaiz pinta honekin
egongo nintzen mezetan.
* Ofizioka Beñat Beloki eta Xabier Arantzeta Toxak.
Gaia: “biak txosnako txanda egitera sartu zarete. Zuk, Beñat, betiko musika jarri nahi duzu, euskal rock erradikala deitutakoa. Toxakek, ordea, nahiago regetoia-eta, festa-giroa gehiago zabaltzen duelakoan”.
Beñat Beloki:
Santakrutzeko jaia
da etorri bela.
Txosnaren kanpoan do
giroa itzela.
Musika zarrak jarriz
Toxak haiz ergela.
Sutagar jarriko det
bihar dan bezela (bis)
Xabier Arantzeta Toxak:
Euskadin zaila dago
ligatze asuntoa,
jendeak badauka ta
nahikoa gogoa.
Beñat azaldu eta
luzatu lepoa.
Zu lasai, nik hartu
det mikrofonoa (bis)
Beñat Beloki:
Mikrofonoa hartu
hi hasi kantatzen,
Toxak, hik bertakoa
ez dek baloratzen.
Hiri attu ta orain
ari nauk nazkatzen,
hemengo kultura hik
ez dek ta maitatzen (bis)
Xabier Arantzeta Toxak:
Beñat, ni gaztetan bai
nintzan ba makarra,
eta musika hori
jarri barra-barra.
Orain tokatzen zaigu
in dezagun parra.
Nik ikusten haut hi
zahartu samarra (bis)
Beñat Beloki:
Txosna barruak orain
dirudi España,
ta ni haserretutzen
puztu zait bai zaiña.
Toxak ixildu hadi
ta itxi ezpaña.
Kañerora joanda
atera idak kaña (bis)
Xabier Arantzeta Toxak:
Zaharrari erakusten
hasi da gaztea.
Hik bizi behar dek ba
oraindik bizia.
Eta esango diat
nik orain egia:
nik ere maite diat
gure Euskal Herria.
* Ofizioka: Aritz eta Jon Eskudero.
Gaia: “Zuek bizilagunak zarete. Jonek nahiko gaizki darama konfinamendua. Aritzek, ordea, txakurtxoa dauka eta egunero ateratzen da pasiatzera. Jon balkoian eguzkitan dago, eta hor ikusi du Aritz bosgarren aldiz txakurra kalera ateratzen”.
Jon Eskudero:
Hainbeste jende hiltzen ari da
eta etzaude errukitan.
Balkoi hontatik begira nago
ta zu irten bost alditan.
Aizu ni ere aspaldi nago
hortarako irrikitan
jada ez dakit txakurra nor den,
bera edo ta zu bitan (bis)
Aritz Eskudero:
Bera txakurra asmatu dezu
eta jabea zerria.
Nahiko egoista izaten danez
inguruko gizaldia.
Txakurra asko ateratzen det,
jada bosgarren aldia.
Eta zuk balkoi hortatik begira,
ze txarra dan inbidia (bos)
Jon Eskudero:
Aizu, inbidia edukitzea
bekatu barrun ez dago
eta kalean ikusten zaitut
zu gero eta gehiago.
Goiza, eguardi, arratsalde, gau
ni beti begira nago,
ta zu zabiltza, Aritz, egunero
Rajoy baino okerrago (bis)
Aritz Eskudero:
Nere zakurrak Rajoy aldean
baditu mila bertute,
ta egunero zazpi paseoz
pasatuz hamalau parke.
Egia esan zuk e zakur bat
gustura hartuko zenuke.
Nahi badezu bihar utziko dizut
hamabost euroren truke (bis)
Jon Eskudero:
Hamabost euro ordaintze hutsa
garestia da, ordea.
Ta inbiditan egon naiteke
inbidia det zurea.
Bai, baino, aizu, etxen enago
ni txakurrikan gabea.
Ta bat badaukat xuri-xuria
zurea baino hobea (bis)
Aritz Eskudero:
Magoen gisan zuk pelutxea
txisteratikan atera,
ta sentitzen det horrekin zuk ez
dezu kalera atera.
Eta gauza bat esango dizut
jakina zeure kaltera:
Birusakin ez, xurkeriatik
ta inbidiz hilko zera (bis)
*Ofizioka: Unai Ormaetxea eta Jon Beloki.
Gaia: “Zuek bikotea zarete eta telebistan ikusi dezute Trump esaten lejia edatea ona dela birusa hiltzeko. Unaik hor ikusi du Jon lejia txupito bat prestatzen”.
Unai Ormaetxea:
Soluzioa ez do
badakit errexa,
ta ikertzaile askok
daukate pereza.
Txupito basua ta
gainen daukan ertza,
baino lejia ez al zan
kaña ta zerbeza? (bis)
Jon Beloki:
Koronabirusakin
ni nengon kezketan.
Begira aritu naiz
gueb orrialdetan,
eta Trampek diona
sinitu benetan
bera bezala nabil
ni beti tranpetan (bis)
Unai Ormaetxea:
Burutik jota dago
Tramp hori ta bera.
Azkar joan zaitezke
amaren etxera,
eta bitarte hontan
hemen gara gera.
Lejia edanez gero
azkar hilko zera (bis).
Ion Beloki:
Lehenengo txupitu bat
xuabe-xuabe,
bigarrena edanda
jarri oso grabe.
Baina birus zikin hau
joan da halare.
Igual-igual hilko naiz
lejiarik gabe (Bis).
Unai Ormaetxea:
Denok hilko gera, bai,
eskusarik gabe,
eta orain zera zu
lejiaren jabe.
Baina hori ez da ona
sikira da grabe.
Ardua zuk, Jon dezu,
askozaz e hobe (bis).
Ion Beloki:
Arduakin orduan
gu gaude konpleto.
Ez det beldurrik bate
beste auzoa joateko.
Metodo honekin no
gaur oso kontento,
ta sentitzen naiz, Unai,
askozez hobeto (bis).