Olagain auzoan agertu den sugea arriskutsua da gizakiontzat? Zein suge mota da?
Unai Ormazabal: Gizakion historia ebolutiboan zehar erlazio korapilatsua izan dugu sugeekin. Gure geneetan kodetua, antzinako sugeekiko beldur bat bada, eta beldur honek ez du suge ezberdinak bereizteko ohiturarik. Hobe da ez arriskatzea.
Gaur egun, ordea, narrasti hauekiko egin diren ikerketak ugariak dira, eta nahiz eta guztiontzat erraza ez izan, badira arau gutxi batzuk suge arriskutsuak espezie otzanetatik bereiztu ahal izateko. Euskal Herrian dauden suge pozoitsuak Sugegorriak dira; honako hauek erronbo formako burua dute eta, garrantzitsuena, beraien begi-niniak katuen antzerakoak dituzte, marra bertikal baten antzerakoa. Ez dirudi gure bizilagun berriaren kasua. Erronbo itxurako burua eduki arren, begi niniak borobilak ditu eta horrek suge arriskutsuen taldetik banantzen du. Sugegorrien antzerako buru horrek ematen dio izena narrasti honi, Suge biperakara da.
Suge biperakara (Natrix maura)
Europa Hegoaldeko eta Afrika Iparraldeko gune umel eta hezeetan ageri ohi da, ibaietan bereziki. Euskal Herriko suge guztien antzera beraien helburua ornogabe eta ornodun txikietaz elikatzea da, ez gizakioi mina egitea. Are gehiago, ekosistema hauetako harrapakarietako bat izanda bere harrapakinen populazioak kopuru osasuntsu batean mantentzen laguntzen du, Leizarango biotopoari oreka emanez.
Espezie honek urarekiko erlazioa edukita intsektu, zapaburu eta moluskuez elikatzen da hasieran; heldutasunera iristean, berriz, anfibio eta arrainak harrapatzeari ekiten dio. Garrantzitsua deritzot gehitzea, aurretik “arriskutsutzat” jo ditudan sugegorri horiek arriskutsuak direla pozoia dutelako, erle eta liztorrekin gerta litekeen bezala, ez gizakiak erasotzeko joerarik dutelako. Buruntzaldeko basoetan bizi diren bizidun guztien antzera, suge hauek ez dira inolaz ere arriskutsuak jazarpenik jasotzen ez badute, gizakiak ikustean alde egiten saiatzen dira.
Gure jakin-minean eta batzuetan gure trakestasunean suge hauek arriskuan daudela sentiarazten ditugu eta hauek, beraien buruak defendatzeko eraso egitea beste aukerarik ez dute. Zein erraza den ondoren animaliari errua leporatzea. Animalia hauek beren ingurumenean, lilurapenez eta miresmenez ikusteko aukera paregabea dugula gogorarazi digu narrasti txiki honek, beti ere errespetua erakutsiz.