"Lanera bueltatzeko eta gure bezeroen berri jakiteko desiatzen gaude"

Mikel Arberas 2020ko mai. 8a, 12:46

Mikel, Eneko eta Extebi Lanbroa-Anaiak tabernetako arduradunak dira. Koronabirusak eragindako krisia ostalariek nozituko dute, bere gordintasun osoan. Negozioa berriro irekitzeko aukera gertu dago, baina oraingoz murrizketa handiekin.

Koronabirusaren krisia nola eragiten ari da tabernetan?

Eragin izugarria izaten ari da, egun batetik bestexra pertsiana jaitsi behar izan genuen inongo aurreikuspenik gabe. Bat-batean diru sarrerarik gabe geratu ginen eta gastu askori aurre egin behar izan diegu. Horrek egoera oso larrian utzi gaitu; alde batetik, behartutako ERTE batera bideratu gaitu. Beste aldetik, hirurok autonomoak garenez CATA bezala ezaguna den jarduera etenaldian gaude.

Etorkizunari begira, ze aurreikuspen dituzue?

Zaila da aurreikuspen zehatz bat egitea, informazioa egunetik egunera aldatzen baita. Argi dagoena da, azkenetarikoak izango garela egunerokotasunera bueltatzen. Normaltasun egoera batean guztia nola kudeatuko dugun jakitea ez da erraza; gaurkoz ez dakigu zehatz mehatz zein nolako baldintzak jarriko dizkiguten, baina
besterik ezean moldatu egin beharko dugu egoera berri horretara.

Andoaingo tabernen egoera nola ikusten duzue? Beste tabernariren batekin kontaktuan jarri zarete?

Koronabirusa iritsi aurretik ostalaritzaren egoera ez zen batere ona, zailtasun handiekin aurrera egiten genuen. Egoera berri honek, zailtasun horiek areagotu ditu eta sektorearen biziraupena kolokan jarri du. Egongo dira tabernak aurre egin ezin izango dutenak, eta gainontzekoen etorkizuna airean geratuko da. Beste tabernari batzuekin, egoera honi aurre egiteko informazioa alderatu dugu eta babesa eta animoak eman dizkiogu elkarri.

Zerbait badakizue noiz irekitzeko aukera izango dezuen?

Ez. Lehenago aipatu dugun moduan informazioa egunez egun doa, beraz, zaila da noiz irekitzeko aukera izango dugun jakitea. Ezjakintasun egoera batean bizi gara. Lanera bueltatzeko eta gure bezeroen berri jakiteko desiatzen gaude. Faltan botatzen ditugu.

Planen bat buruan duzu hau dena bukatzean? Ostalaritza gune eta tabernaren susperraldirako?

Tabernari jarriko dizkioten baldintzetara egokitu, beharrezkoak diren osasun neurriak hartu, eta lanari ilusioz ekin egoera honi buelta emateko. Ez dugu uste aurten planik egiteko aukera izango dugunik ezjakintasun honen aurrean; koronabirusa guztiz pasa arte ahal dugun moduan lan egitea baino ez zaigu geratzen.

Laguntzaren bat espero al duzue Espainiako gobernutik, Udaletik edo Eusko Jaurlaritzatik?

Gaur egun jasotzen ari garen laguntza bakarra autonomen oinarrizko prestazioa da. Besterik ez.

Andoaingo Udalak adierazi zuen ostalaritza eta komertzioei laguntza bat emango ziela.

Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bitartez laguntza txiki bat atera zuen, baino ez dakigu jasoko dugun edo ez.

Momentuz laguntzaren bat jasotzea espero dugu eta behar ditugu, baino ez dakigu emango dizkiguten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!