Koronabirusa

Terrazak zabaldu ahal izateko informazio oharra helarazi du Udalak

Aiurri 2020ko mai. 11a, 15:55

Ez-ohiko egoeraren ondorioz, Udalak tabernetako terrazei buruzko oharra zabaldu du. Bertan zenbait baldintza eskatzen dira ireki ahal izateko. Horrez gain, terraza irekitzeko interesa dutenek Udaletxean dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute.

Udalak honako ohar hau helarazi du:

Udalaren baimena duten terrazak handitzea onartzen da, 19-Covid birusak sortutako egoera dela-eta ezohiko eta aldi baterako salbuespen gisa. Salbuespen hori onartu da ostalariek beren jardundegi edo establezimenduak ireki ahal izateko eta, horrela, jasaten ari diren galerak murrizteko. Handitzeak ez du tasa berria aplikatzea ekarriko.

Handitzea honako baldintza hauetan baimentzen da:

a) Terrazetarako baimenduta duten azalera bikoiztu ahal izango da 2020.09.30 arte edo pandemiak ezarritako edukiera-mugak amaitu arte.

b) Baimendutako mahai-kopurua, ordea, ezin da handitu.

c) Interesdunek Udaletxean dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute. Handitzeak ondoko lokal, denda edo jardundegiei eragiten badie, horien jabeen baimena aurkeztu beharko da eskaerarekin batera.

d) Eskabideak banan-banan aztertuko dira, eta, batez ere, jarraian datozen irizpide hauen arabera ebatziko dira:

  • Eskaera egiten den tokian dagoen espazio publikoaren azalera.
  • Bide publikoan mahaiak eta aulkiak jartzeko Udal Ordenantzan ezarritako irisgarritasun-arauak betetzea: alde horretatik, oinezkoen eta mugikortasun urriko pertsonen mugikortasuna bermatu beharko da, eta libre utzi beharko da larrialdietako ibilgailuen sarbidea atari, lokal, garaje eta larrialdietako ibilgailuen sarreretara.
  • Covid-19aren ondorioz ezarritako segurtasun-distantziak eta gainerako osasun-neurriak zorrotz betetzea.
  • Balorazioa berdintasun-printzipioaren arabera egingo da, eremu bereko jardundegi edo establezimenduen artean desberdintasunik egon ez dadin.

Era berean, interesdunei jakinarazten zaie terrazetan edariak eta janariak kontsumitzeko bilerak baimendu direla, gehienez ere 10 pertsona mahai edo mahai multzo bakoitzeko, ixteko ordutegi-muga bakarrarekin, 23: 00etan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!