Leitzarango ubideak, animalientzat hilgarriak

Xabier Lasa 2020ko mai. 20a, 09:00
Berriki, Iberdrolaren zentralean lau orkatz hilda azaldu dira.

Lau orkatz itota agertu dira Iberdrolaren zentral hidroelektrikaren ubidean, berriki. Ur kanalek basa-animalia eta arrainentzat heriotzarako tranpa izaten jarraitzen dute Leitzaranen oraindik, nahiz eta zenbait hobekuntza ezarri azken urtetan.

Leitzaran bailaran XX. mendean zehar ezagutu diren hamazazpi argindar-etxeetatik zazpik jarraitzen dute ekoizten gaur egun: Plazaola 2, Plazaola 1, Ameraun, Santolaz, Leitzaran, Bertxin eta Olaberri. Ur-presaren indarraz baliatzen den Olaberri kenduta, gainerakoek ezinbestekoa dute ubidea. Honatx labur azalduta, energia hidroelektrikoaren mekanismoa: ibaietan kokatutako ur-presetan pilatzen den ura ubideen bitartez desbideratu egiten dute; zama-depositu batera eramaten da, hodi batean sartu, eta goitik behera saltoa eginarazten da. Urak duen energia zinetiko eta potentzialari esker, beheko zentralean dagoen turbina mugiarazten da; turbina horrek alternadoreak higiarazten ditu, energia elektrikoa sor dezaten. Ur kantitateak, ur-saltoaren distantziak, hodiaren bolumenak... badute garrantzia zentralaren ekoizpen mailaren zenbatekoan; megawattetan neurtzen den argindarrean, alegia. 

XX. mendearen hasieran eraikitako azpiegiturak dira Leitzarango ubide gehienak. Teknologia eta ingeniaritzako lan bikainak izan ziren orduan; baina aldi berean, ingurumenarekiko sentsibilizazio askorik ez zegoenekoak dira, ez baitzen kontuan hartu ubideak tranpa hilkorrak gerta zitezkeela ugaztun, narrasti edo anfibioentzat.

Izan ere, animaliak ubidera eror daitezke, arrazoi desberdinak direla eta: ura edan nahi eta deskuidu batean irrist eginda, gizakiaren presentzia susmatuta ihesi doazela, edo besterik gabe, alde batetik bestera zeharkatzera doazela. Kontua da putzura jausi, eta soilik sugandilak gainditu ditzaketen horma bertikal eta altuegiekin egiten dutela topo. Irten ezinik itotzen dira, salbu jartzeko eginahal latza eta agonikoa egin ostean.   

Azken hamarkadatan zenbait hobekuntza ezarri da, legeak horretara derrigortuta. Nolanahi ere, tarteka Leitzarango faunako hainbat espezie itota agertzen da oraindik ere; orkatz, basurde, ahuntz eta ardiak izaten dira ikusgarrienak ubidean. Normalki, ubideen amaieran, zama-deposituan ur-gainazalean agertu ohi dira, ur-korronteak eramanda. Halaxe gertatu da azken egunetan azaldu diren lau orkatz horiekin ere.

Ez dago estatistika ofizialik kalteen gainean. Migel Mari Elosegi Leitzako biologoak animalien hilkortasuna norainokoa izan zitezkeen neurtzeko, 2002-2006 epealdian, Urumea eta Leitzarango hainbat ubideri jarraipen zehatza egin zien, zenbait laguntzailerekin astero-astero bisitak eginez. Bildutako emaitzak jakinaraziz eta irtenbide-proposamenak luzatuz artikulu luzea idatzi zuen (Ubideetako heriotzak. Energia “berdearen” ondorio beltza) ondoren; ikerlanak 2007an CAF-Elhuyar saria irabazi zuen (Elhuyar aldizkaria, 2007ko apirilean).

Bost zentralei lotutako ubideen jarraipena egin ostean, datu kezkagarriak azaldu zituen Elosegik, hildako animalien inguruan: besteak beste, 1.505 ornodun, 216 ardi (eta arkume), 3 behor, 6 txerri, 58 orkatz, 29 zapelatz, 871 mikrougaztun (saguak eta satorrak, batik bat) zenbatu zituen.

Ubideetan faunaren hilkortasuna gutxitzeko lau irtenbide proposatu zituen Elosegik: ubideak estaltzea, pasabide gehiago egitea, ubidetik irteteko aukera ematen duten ihesbiderako sistemak (igotzeko moduko malda, %30-50 bitartekoak) jartzea, eta, ubidean sartzea galaraztea (bi aldeak alanbre-sarezko itxiturekin itxiz, eta ondoren horien mantentze-lanak zainduz).

Elosegik aitortu du azken urteetan zentralen jabeek zenbait hobekuntza ezarri dituztela. Nolanahi ere, oraindik ere bada zertan hobetua, berriki gertatutako lau orkatzen heriotzak adierazten digun bezala.

Bertxin eta Iberdrolako ubideak

Leitzaranen kokatzen diren zazpi zentraletako ubideek ezaugarri desberdinak dituzte luzeran, zabaleran, sakoneran… 

Buruntzaldea eta Aiztondoko eskualdeetan Bertxin (Andoaingo Udala) eta Leizarango (Iberdrola) ubideak dira ezagunenak makina bat naturazale eta kirolarientzat, horietan zehar ibilbide ezin gozagarriagoak egiteko ohitura baitago. Andoaingo sarreratik Plazaolako bidean aurrera eginda, ondo-ondoan dauden bi zentraletara iritsi eta hortik bostehun nahiz mila eskaileretan gora egin beharra dago horien ubideetara iristeko. Amasa-Villabonako lursailetan kokatzen dira bi ubideen amaierak eta zentralaren zama-biltegiak. 

Inturian dago ubidearen bidez Bertxingo zentralera ura bideratzen duen ur-presa. 3,7 kilometroko ibilbidea egiten du Bertxingo zentraleko zama-depositura iritsi bitartean. Ubideak 1,30 metroko altuera du eta 1,50 metroko zabalera. Astero zaintzen duten udal langileen esanetan, apenas topatzen duten animaliarik hilda urtean zehar. 

Iberdrolaren deribazio urtegia, berriz, Ameraunen (Berastegi) kokatzen da, Leitzarango ibaiko bere ubidera bideratzeko eginkizuna duena. Kanalak 13,1 metro ditu guztira. 2,4 metroko altuera dute bere bi hormek, eta ertzetik ertzera 2,75 metro daude. Azkeneko 230 metroetan zortzi metroko zabalera hartzen du ubideak. 

Ubide horretan zehar bederatzi tunel zenba daitezke, 2.487 metro osotara. Leitzarango ubiderik luze-zabalena da tamainan (Gipuzkoako handiena da), eta berak dauka arrisku mailarik handiena animalientzat, nahiz eta zenbait pasabide eduki bidean barrena. 

Jose Antonio Ormazabal andoaindarra 2017/12/20an ubidean hilda agertuz geroztik, zenbait eskailera eta kable aldez alde ipini dituzte, batik bat putzura eroritako pertsonentzat lagungarri izango direlakoan.

Erreportajea osorik, maiatzaren 14 eta 15ean banatutako Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!