Koronabirusa

Caritasen premia areagotu egin da

Xabier Lasa 2020ko mai. 24a, 11:41

Krisiak uste dena baino jende gehiago kolpatu duela eta, hurrengo asteetan elkartera laguntza eske jende ugari gerturatuko dela iruditzen zaio Virginia Hernandez Andoaingo Caritas elkarteko lehendakariari.

Zertan aritu zarete azken bi hilabeteetan?

Aurrez-aurreko kontakturik ez edukitzeko irizpidea jarri ziguten Caritaseko goi arduradunek; bestela ere, elkarteko kide gehientsuenok adinean gora goazenez eta arriskuko taldekoak garenez, apenas irten garen kalera. Nolanahi ere, lehendik ere gure zerbitzuetara jo izan duten 300 bat pertsonekin (130 bat familia) harremanetan jarraitu dugu. Gurutze Gorriko boluntario gazteei esker, etxez etxe elikagaiak gerturatu ahal izan zaizkie.

Elikagaien bi bankurekin baliatzen gara normalki, Europako eta Gipuzkoako banarekin. Krisia piztu eta aurreneko asteetan Europatik ez zitzaigun laguntzarik iritsi, eta beraz, Gipuzkoako bankutik zetorkigunarekin konformatu behar izan genuen, genero guztia premia larriena zuten familien artean banatuz. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE-RGI) edo Udalaren emergentziazko laguntzarik jasotzen ez zutenak lehentasunezkotzat jo genituen banaketa egiteko orduan.

Bi asteren buruan, ordea, Europako elikagaiak heltzen hasi zitzaizkigun, eta poz ederra hartu genuen orduan, geure funtzionamendua normaltzeko bidean jarri baitzen horrela.

Bestalde, egunotan, zenbait dohaintza jaso ditugu. Batetik, ikastetxetan-eta catering zerbitzua eskaintzen duen Ausolan kooperatibak elikagaien kit bat eskaini digu Gipuzkoako hainbat elkarteei. Andoainen, astero, 100 kit jasoko ditugu; horietako bakoitza 400 gramoko platera da, ikuspegi nutrizionaletik osatu samarra. Bestetik, bere izena agertzerik nahi ez duen Andoaingo lantegi batek 4.500 euro eskaini dizkigu. Bi lantegi horien ekarpenei batu behar diegu hilero-hilero, hutsik egin gabe eta anonimotasuna mantenduz Caritasi diru-kopuru bat bideratzen dioten herritarren emana. Badakigu elikagaiek ez dietela familiei etxeko behar guztiak asebetetzen, baina lagungarri dira.

Beste motatako laguntzarik eskaintzen diezue behar handia duten herritar horiei?

Batzuei ekonomikoki ere bai, ahal dugun neurrian. Pandemia heldu aurretik lanean hasitako herritar batzuk langabeziara jo behar izan zuten zoritxarrez, eta alokairuko etxeen errentak ordaindu ezinik geratu ziren. Bada, horiekin tematu gara batik bat, ez genuelako nahi euren etxea uztera behartuta egon zitezen eta herrian erroldatuta egoteko eskubidea gal zezaten. Gure zerrendan dagoen familien %70a egoera penagarri horretan geratu da, osasun krisialdiaren eraginez.

Krisialdiak pobreziara bultzatu du jende ugari. Ari zarete nabaritzen errealitate hori?

Orain arte kalera irten eta jendearekin kontaktuan jartzeko aukera gutxi eduki dugu, baina egunotan guztion bizimodua normaltzen joan ahala jendea hurbiltzen hasi zaigu poliki-poliki. ERTE Aldi Baterako Erregulazioan jende ugari sartu da, eta esate batera, gure etxean gertatu denak herritar askoren patua irudika dezake: hain zuzen, alabak, martxoko lehen bi asteei zegokion soldata jaso ostean, geroztik diru sarrerarik gabe bizi da, baina hori bai, aldi berean, eguneroko bizimoduko gastuak ordaintzen segi behar izan du. Oraingoz, egoera horretan bizi diren zortzi bat familia hurbildu zaizkigu laguntza eske, baina seguru gaude gure elkartearen jarduna erabat normaltzen denean, gehiago hurbilduko zaizkigula ate joka.

Gauzak ondo bidean, Zumea kalean daukagun egoitza maiatzaren 25ean ireki ahal izango dugula iruditzen zaigu. Beldur pixka bat eragiten digu datozen hilabeteetako panoramak, aurreikuspenak ez baitira batere baikorrak. Izua eta ziurgabetasuna nagusi da. 

Herritarrok, orohar, ba al dugu pobrezia gurekin bizi denaren kontzientziarik?

Nahita edo nahi gabe, ezjakintasun eta sentsibilizazio falta handia dago. Pertsona bakoitzak mikro-mundua eraikitzen du familiarekin eta lagun eta ezagunekin, eta iruditzen zaigu hortik aparte ez dagoela beste errealitaterik. Jateko plater beroa egunero daukagunez, besteek ere edukiko balute bezala jokatzen dugu. Uste dugu kanpotik etorritako emigranteek daukatela benetako premia, eta Udalaren eta Caritasen laguntzarekin nahikoa dela arazo hori konpontzeko. 

Saiatzen gara sentsibilizazio kanpainak egiten, herritarrak zenbait bizilagunen egoera gordina dela ohar daitezen. Errealitate horretan “hemengoa” den jendea ere sartu behar dugu. Baina ez da eginkizun erraza, mezu horrekin gure inguruko jendearengana iristen gara, ez urrunago.

Emigrante ez denak erreparoa izan dezake zuengana jotzeko...

Bai, lotsa eta aurriritziak benetazkoak dira. Nik neuk badakit zer den hori sentitzea, azalean bizi izan dudalako. Hogei urte nituela, senarrak eta biok negozio bat ireki genuen baina gaizki irten zitzaigun apustua; aldi berean, familia izan genuen. Haurrak zerbait jateko eduki ala ez, muturreko trantze horretan aurkitu ginen. Eta Gurutze Gorriarengana burumakur jo genuen, laguntza eske. Izugarri lagundu ziguten orduan; bizitzan aurrera egiteko batzuetan kanpotik nahitaezkoa egiten zaizun bultzada jaso genuen. Geroztik, zorretan sentitu nintzen Andoaingo herriarekin, eta esango nuke horrexegatik egin nintzela Caritaseko boluntarioa.

Nire kasua azalduz, adierazi nahi nuke premia larrian gaudenean erreparoak alde batera utzi beharko genituzkeela. Bizitzaren uneren batean edozeini tokatu dakiokeela halako egoera, eta laguntza eske joateak ez daukala zerikusirik duintasuna galtzearekin edo antzeko ezerekin.

Halako kasuetan aurkitzen direnei zailena egin dutela esan ohi diet: gure egoitzako atea zeharkatzea. Hortik aurrera, gure artean sortzen den harremana normaltasunik eta anonimaturik handienarekin gauzatzen da. Humanitatea eta enpatia oinarritzat hartuta.

Lan psikologikoa egitea egokituko zaizue noizean behin.

Ez gara psikologoak, baina bihotzetik jarduten dugu eta begiak zabalik eduki ohi ditugu, pertsonen gabezia emozionalak-eta igartzeko. Pertsonak laguntza materialaren premian etorri ohi dira bulegora, jakina, baina mintzatzen hasi eta berehala ohartzen zara zerbait gehiago falta zaiela. Esate batera, familiako ama asko, seme-alaben aurrean etxean bizi duten ekonomia txiroa ezkutatzen saiatzen dira; gogor egiten diote euren buruari lur jota ez agertzeko edo negarrari ez ekiteko. Etxean presiopean bizi dira, eta guregana etortzen direnean, eskutik heldu orduko, negar batean lehertzen dira. Emakume horiek entzungo dien norbaiten baten beharra izaten dute.

Andoaingo Caritas elkartea adinez aurrera doazen boluntarioek osatzen duzuela esan duzu lehen.

Bai, halakoxekoak gara gehientsuenak, eskola-laguntzako irakasleak kenduz gero. Elkarteari odol berria itsatsiko lioketen kide gazteak behar ditugu; azken asteetan gurekin kolaboratzen ari diren Gurutze Gorriko boluntarioen antzekoak hain zuzen, gogo eta inplikazio handikoak. Puntualki lagunduko duten gazteak behar ditugu.

Ikasleen artean zabaldu ohi dira jaki eta arropen bilketen kanpainak, eta geu ere joaten gara hitzalditxoak ematera tarteka. Ondo legoke asmatuko bagenu formularen bat, ikasleek arazo horri arpegia jartzea helburu izanik. Hori baino gauza eraginkorrik ez baitago errealitateak daukan dimentsioaz jabetzeko.

Esate batera, behin, ikastetxe batean arazo larria sortu zen: bullying kasu bat piztu zen, ikasle batek beste batek jantzita zeraman arropa identifikatu ostean, iraganean berea izan zela, alegia. Bere amak Caritasen esku utzi zuen arropa hura, eta ondoren bestearen amak jaso zuen. Bigarren ikasle horren aurkako jazarpenari ekin zioten zenbait ikaskideek, “zure ama ez da kapaz zuri arropa erosteko edo jaten emateko!” eta antzekoak esanez. Gela hartan hitzaldia eskaini genuen. Amaitu ondoren, ikasle askok eskerrak eman zizkiguten, eta irakasleak ere aitortu zigun gure diskurtsoa oso ondo etorri zitzaiela ikasleei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!