Lehen lerroan egotea egokitu zaizue azken asteotan. Nola kudeatu duzue lana?
Ez da erraza horrelako krisialdiak kudeatzea. Erantzun azkarra, eraginkorra, malgua eta zentzuduna eman behar da. Ezin dugu hartu norbanakoen egoera ondo aztertzeko beharko genukeen adina denbora. Hori kontuan izanda, Andoaingo Gizarte Zerbitzuetatik lan txukuna egiten asmatu dugula esango nuke. Oso lantalde ona dugu; funtzio publikoan ari gara, eta ardura handia da hori. Sortzen diren beharren aurrean erantzun egin behar dugu, eta uste dut gure lantaldeak ondo bete duela hori.
Lan karga handia izan dugu. Talde txikia gara, eta bakoitzak duen onena eman du. Gizarte langileak, administrazioko lankideak edota harreran egoten den lankidea, guztiok ahalegin handia egin dugu, eta horretan dihardugu oraindik ere.
Nola jarri zarete harremanetan premian egon zitezkeen herritarrekin?
60 urtetik gorako andoaindar guztiei deitu diegu, laguntzarik behar ote zuten galdetzeko. Ezintasunagatik laguntza kobratzen dutenei ere deitu diegu. Fitxa bana ireki diegu eta dagoeneko antzeman ditugu, haien artean, erantzuna behar duten hainbat premia.
Adin txikikoekin ere egin dugu lan, arlo psikopedagiko eta psikosozialetik abiatuta. Etxealdiak hainbat ohitura txar areagotu ditu. Etxealdian, ordutegirik ez dago markatuta; ez dugu lanera edo eskolara joan beharrik. Bideojokoetan aritu edo internet bidezko apustuak egiteko aukera handiagoa uzten du horrek, eta dagoeneko sumatu dugu joera hori zenbait kasutan.
Eraso matxistak jasan dituzten emakumeekin ere lanean aritu gara. Talde-terapia oso garrantzitsua da kasu horietan. Aurrez aurreko saioak egin ezin zirenez, online egin ditugu bilerak. Bestalde, eguneko zentroa itxita dago, nahiz eta epe laburrean irekitzea espero dugun. Beharrezko neurri guztiak aztertzen ari gara, ahalik eta azkarren zerbitzua zabaltzeko aukera izan dezagun.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Osasun larrialdia pasata, beste krisialdi bat iritsiko zaigula aurreikusten dut. Jende asko sistematik kanpora geratuko da berriz. Zailtasun ekonomiko handiagoak, familia edo gizarte gatazka gehiago... Horri guztiari erantzuna eman beharko zaio. Horretarako, Udal aurrekontuetan aldaketak egin beharko direla iruditzen zait. Gaur egun, hartu beharreko erabakiek ez dute eskatzen lehenengo asteetan zuten bat-batekotasuna, baina datorkigunarekin arduratuta gaude.
Egunetik egunera zailagoa da gure lana. Egungo gizartea oso konplexua da, familia egiturak ere oso ezberdinak, gizarte lanean aritzea zailagoa da orain, oso kasu ezberdinak artatzen ditugulako. Atzerritarrak, errefuxiatuak, laguntza ekonomikoa behar duten familiak, esklusio egoeran dauden pertsonak, adineko pertsonak, adin txikikoak, toxikomania duten pertsonak... Legeak kontuan hartu behar dira horiek guztiak artatzeko garaian, eta ez da batere lan erraza.
Elkarrizketa osorik, maiatzaren 29 eta 30ean harpidedunen artean banatuko duten 562 Aiurri hamaboskarian
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.