Oinarrizkoarekin biziz, itxaropentsu

Xabier Lasa 2020ko eka. 1a, 09:10

Adin txikiko bi ume dituen Andoaingo bikote batek bizimodua ongi bideratuta edukitzetik langabeziaren zulora erortzerainoko bidaia igaro du beste askoren antzera, osasun krisiaren eskutik. Testigantza pertsonala eskaini dute, anonimatua mantenduz.

Ordezko izenekin aurkezten diren Peio eta Mirenek ostalaritzan lanean ari zirela izan zuten elkarren ezagutza, orain hamahiru bat urte. Orduz geroztik elkarrekin egindako familia-ibilbidea aipatu dute lehenbiziko. “Duela hamar urte haurra eduki genuen. Handik zazpi bat urtera bigarrena jaio zenean, jabetu ginen ezin genuela ostalaritzan segi, hura ez baitzen bizitzeko modua: egunero, goiz nahiz arratsaldez lanean, asteburuak iritsi eta berdin, gaueko orduetan etxera itzuliz... Halako batean, umeekin bizikidetza normalizatu bat egitea ahalbideratuko zigun lanpostuak bilatzeari ekin genion”. Era horretan, bikoteak lantoki banatan lana topatu zuen, ETTen bidez; metalaren sektorean batek, ostalaritzarako zerbitzuetan besteak. “Izugarrizko aldaketa izan zen guretzat goizetik gauera. Astelehenetik ostiralera eta segidako lanorduekin aritzea lortu genuen, eta oso pozik bizi ginen, kontziliazio familiar egokia duen etxeko-martxa lortu genuen, azken finean. Ostalaritzak eragindako etengabeko estresa urtetan jasan ostean, bizitzak eskaintzen zigun oparia izan da geroztik bizi izan duguna”. Pozak ez zuen askorik iraun, dena den. Martxoan indarrean jarri zen larrialdi-egoerako dekretuak hankaz gora jarri zuen ordura arte zeramaten armonia oneko bizimodua. Mirenek ERTEra joan behar izan du; Peiori patu ankerragoa egokitu zaio, kale gorrian geratu baita. Senarrak aitortzen duenez, “kasik-kasik Mirenek etxera ekartzen duenarekin ari gara aurrera ateratzen. Nik langabezia kobratzeko eskubiderik ez daukat, eta subsidio txiki bat jasotzen ari naiz Lanbidetik. Miren, berriz, ERTEan egonda, ostalaritzako konbenioko kotizazio oinarriaren %70 jasotzen ari da, eskasa erabat. Diru-sarrera horiekin moldatu beharra daukagu une honetan. Eta ezinean gabiltza, egia esanda. Etxearen hipoteka ordaindu beharra daukagu hilero, eta gainerako faktura eta gastuak (elikagaiak, haurren ikastetxea, argindarra, ura...) ere berdin-berdin etortzen zaizkigu hilaren hasieran”.

Telefonora itsatsita

Baikorrak dira biak ere, kontziente baitira lan merkatuan berriro murgilduko direla goiz ala berandu. Baina bien bitartean, erne bizi dira telefonoa gertu-gertu daukatela, edo ate joka lan eske. Mirenek ez du galtzen laster albiste on batekin pozteko itxaropena, baina kezka eragiten dion datu bat darabilkio buruan, eguna joan eguna etorri: “lantokiko 22 langileak ERTEra bidali gaituzte, baina pentsatzekoa da lantokiak ateak ireki beharko dituela, egoera onbidean jarri bezain pronto. Hori bai, ni naiz azkena sartu dena lantoki horretan, eta nahikoa da gauzak iraganean baino zer edo zer okerxeago joatea, ni kalean gera nadin”.   

Peio ere ez dago geldirik egoteko: “etsia hartuta nago nire azken lantokitik gehiago ez didatela hots egingo, eta han-hemen nabil lan bila. Konta ezin ahala kurrikulum bidali dut, eta aurrez aurre ere zenbait elkarrizketa egin dut. Zaila dago lan panorama, politikariek gauza bat diote gaur, bestea bihar, eta enpresariek ez dute arriskatu nahi... Geldirik dago lan merkatua”.

Bizimodu berrira egokitzen

Lanik ez edukitzeak eta diru-sarrera eskasetik bizi beharrak eragiten duen ezinegonera nola edo hala moldatzen ari direla aitortu dute.

“Gerria erabat estututa bizi gara, batik bat gu biok murriztu dugu ahal izan ditugun gastu guztiak, umeek ez dezaten pairatu gertatzen ari zaiguna. Fantasiarik gabeko bizimodua daramagu, ahaztuta dauzkagu asteburuetan terrazetan ogitartekoren bat jateko irteerak eta antzeko kapritxo txikiak. Oinarri-oinarrizkoarekin konformatuz eta egunerokotasuneko gastuei aurre eginez gabiltza, egunez egun”. 

Psikologikoki egoera gogorra egiten ari zaie, Mirenek adierazi duen bezala. “Antsietatea eta estres puntu bat badaukagu, umorerako ez daukagu tarte askorik; izan ere, biharko egunari begira jarri, eta ziurgabetasuna nagusitzen zaigu. Lan mundutik kanpo egoteari, konfinamenduko arau latzak gehitu zaizkio, eta familientzako proba polita izaten ari da guztia, bizikidetzaren ikuspegitik. Gure kasuan, bikotearen konplizitatea gehitzeko eta bi umeekin harremana are gehiago estutzeko balio izan digu egoerak. Peio edo ni, bietako bat animikoki lur jota dagoenean, bestea ondoan dauka gogo-altxagarri gisa. Nolanahi ere, ingurura begiratu, eta badakigu haurrak dauzkaten zenbait bikoteentzat infernu bilakatzen ari dela larrialdi egoera. Bikote banaketarako baldintzak gertatzen ari dira zenbait familiatan; batzuek banaketarako bidean dira, baina beste batzuk ezin dute pauso hori eman, menpekotasun ekonomikoak galarazi egiten die edozein erabaki hartzea une honetan”.

 

Elkarrizketa osorik, maiatzaren 29 eta 30ean harpidedunen artean banatu den 562 Aiurri hamaboskarian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!