Etxealdiaren eragina, inguruko txoriengan

Ainhoa Gil 2020ko eka. 3a, 09:00
Joxi Jauregi 2008an hasi zen Aranzadi elkartearekin elkarlanean

Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologia sailean boluntario gisa aritzen da Joxi Jauregi andoaindarra. Ikerketa lan ezberdinetan murgilduta dabil, eta, besteak beste, koronabirusak ekarritako itxialdiak txoriengan izan dezakeen eraginaz aritu da.

Urte asko darama Joxi Jauregi andoaindarrak ornitologia lanetan murgilduta. Bere ibilbidean zehar, ikerketa lan ezberdinetan parte hartu du eta halaxe ari da momentu honetan ere. Etxealdiko lehen asteetan bertan behera utzi behar izan zituzten ikerketa lanak, baina lanean ari dira berriro, Aranzadiren babesarekin. Izan ere, udaberria oso garai aproposa da hegaztiak aztertzeko. Umeak egiten dituzte, eta horrek hainbat azterketa egiteko modua ematen die zientzialariei. 

Txoriei, onura

Datu bilketa egiten ari dira orain hainbat ornitologo, eta oraindik goiz da ikerketa horien emaitza jakiteko, baina Joxi Jauregik azpimarratu duenez, “badirudi etxealdiak onura ekarri diela gure inguruko txori eta hegaztiei. Habia eginda daude, eta gizakiok etxean egon garenez, ez dute trabarik izan. Gizakiak kalean gabiltzanean, deserosoago egoten dira txoriak eta askotan habia zapuztu eta bertan behera uzten dute. Gu etxean sartuta egon garenez, askoz ere lasaiago zaindu dute habia”. 

Habia gehiagok egin dute aurrera. “Horrez gain, ohiko egoeran baino askoz ere auto gutxiago dabil errepideetan, eta horrek ere on egiten die habiatik irten berriak diren txorikumeei. Lehen egunetan ez dute abilezia handirik izaten hegan egiteko eta oso ohikoa da ibilgailuak jota hiltzea. Txorikumeen hilkortasun tasa oso handia izan ohi da, eta pentsatzekoa da aurten txikiagoa izango dela, nahiz eta oraindik ezin dugu datuekin frogatu, noski”.

Habiak, herrietan

Herriguneetan egiten dute habia txori askok eta askok. Joxi Jauregik eman du azalpena: “Gizakion ondoan bizi diren txoriak denbora luzeagoz bizi dira. Lorategi eta berdeguneetan janaria topatzen dute, habia egin duten tokitik gertu. Gure herrietan habia egin duten txori horiek abantaila handi bat izan dute aurten, izan ere, lorezainek ez dute belarrik moztu zenbait astez. Hazi pila bat dago nonahi, eta hori elikagaia da gure inguruko txori askorentzat. Habia egiten ari diren honetan, onuragarria izango da hori, noski”.

Karnabak, txantxangorriak, torretxoriak, kaskabeltzak, zozoak, birigarroak, txirriskalak..., ondo begiratuz gero, txori mota asko ikus daiteke gure herrietan. “Esaterako, karnaba, gaztelaniazko jilguero, oso ohikoa da gure artean. Batzuek migrazioa egiten dute baina beste askok hemen geratzea erabakitzen dute, eta bertan egiten dute habia. Aurtengo lehen txorikumeak habiatik ateratzen ari dira dagoeneko. Haien kantuak entzuten dira egunotan, nonahi”. Ikusi beharrik gabe ezagutzen ditu txoriak Joxik, haien kantuak entzunda jakin dezake zein espezietakoa den, heldua den edo txorikumea. Ondo hezita ditu belarria eta ikusmena, hegaztiak entzun eta ikusteko. 

Arrak eta emeak bereizi

Txoriak ugalketa prozesuan murgilduta dabiltza garai hau, beraz, oso egokia da ornitologo eta adituentzat hainbat ikerketa lan egin ahal izateko. “Hainbat txori espezieren kasuan, begiratu hutsera ezin dira arrak eta emeak bereizi. Hala gertatzen da, esaterako, txantxangorriekin edota birigarroarekin; berdin-berdinak dira bi sexuetako kideak. Garai honetan, ordea, habia zaintzen ari dira, eta gorpuzkera eta lumakera ezberdina da ar eta emeetan. Ugalketa garaitik kanpora izaten ez dugun aukera ematen digu horrek. Arrak eta emeak bereizteaz gain, aurten jaiotako txorikumeei ere eraztuna jartzen diegu. Neguan joan egingo dira txori horietako asko, baina badakigu hurrengo urtean itzuli egingo direla hemen habia egitera. Garrantzitsua da sexua bereizteko lan horiek garai honetan egitea, ugalketa garaitik kanpora ezinezkoa baita halakorik egitea. Horregatik jaso genuen Aranzadiren lanerako babesa”. Joxi Jauregik azaldu duenez, urte osoan zehar izaten dute zereginen bat. Momentu honetan, ugalketa prozesua aprobetxatzea egokitzen zaie.

 

Artikulua osorik, maiatzaren 29 eta 30ean harpidedunen artean banatuko duten 562 Aiurri hamaboskarian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!