XXXII. RAKS

XXXII. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria aurkeztu dute Donostian

Aiurri 2020ko mai. 27a, 12:54

(Ezker-eskuin) Patxi Baztarrika, Mikel Arregi eta Estibalitz Alkorta.

Xabier Lete omenduko da aurtengo RAKS sarietan 'Xabier Lete gogoan' lelopean, azaroaren 26an Andoaingo Bastero Kulturgunean.

Goizean ospatu da XXXII. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aurkezpen ekitaldia Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen egoitzan. Bertan izan dira Mikel Arregi Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia, alkateodea eta RAKS-eko epaimahai-burua; Patxi Baztarrika Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria eta RAKS epaimahaiko idazkaria eta Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako HPSko Euskara Sustatzeko zuzendaria.

Euskarazko kazetaritzaren eta komunikazioaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren helburua. 2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era bitartean kazetaritzan eta komunikaziogintzan euskaraz egin diren lanen kalitatea eta bikaintasuna jendaurrean aitortzea eta saritzea da sariaren xedea.

Aurtengoan iazko berrikuntzei eutsiko zaie. Bi sari banatuko dira: kazetaritza saria eta komunikazio saria. Sari bakoitzak lau finalista edukiko ditu, orotara, zortzi. Lanak edota proposamenak aurkezteko epea irailaren 18an amaituko da, eta aurkezpen ekitaldia azaroaren 26an ospatuko da Andoaingo Bastero Kulturgunean. Bertan emango dira ezagutzera sari bakoitzeko irabazleak nortzuk diren.

RAKS-eko epaimahai-burua den Mikel Arregik adierazi duenez, "euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua”. Patxi Baztarrikak, RAKS-eko epamahaiko idazkariak, kazetaritza eta komunikazio sarien xehetasunak eman ditu, baita epaimahaiko kideak nortzuk diren aipatu ere. Epaimahai lanetan ondorengoak arituko dira: Jose Inazio Basterretxea, Itxaro Borda, Aingeru Epaltza, Maite Goñi, Elixabete Larrinaga, Ion Muñoa eta Jon Saraua. Epaimahai-burua Mikel Arregi izango da eta idazkaria, berriz, Patxi Baztarrika.

Saridunek 9.000 euro garbi jasoko dituzte, eta baita Xabier Laka eskultoreak ekitaldirako eginiko irudi artistikoa ere. Azken sari hori finalistek ere jasoko dute.

Xabier Leteri omenaldia
Abenduaren 4an Xabier Leteren heriotzaren hamargarren urteurrena ospatuko da, RAKS ekitaldia baino astebete geroago. "Xabier Lete eta Rikardo Arregi batuko ditugu aurtengo sari banaketa ekitaldian", adierazi du Mikel Arregik. 'Xabier Lete gogoan' lelopepean ospatuko da ekitaldia eta "musikaren, kantuaren eta poesiaren eskutik oroituko dugu".

[DESKARGATU OINARRIAK]

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!