Andoaingo elizetan mezak normaltasunez ospatzen hasi dira berriro. Eta bigarren fasean sartzearekin batera hileta elizkizunak ere egin ahal izango dira. Andoaingo elizbarrutian daramatzan 13 urtetan Zabaletak ez du halako ezintasunik sentitu. Herrian gertatu diren heriotzen inguruan egin beharreko erritual ia guztia saihestu behar izanak tristura itzela eragin dio.
Maiatzaren 16-17ko asteburuan mezak normaltasunez ospatzen hasi zineten, berriro ere...
Bai, hilabete eta erdi itxita eduki eta gero. Aste honetan, hain zuzen, lehendabiziko bi hileta egin ahal izan ditugu, asteartean eta ostegunean.
Horretarako, neurri zorrotzak hartu behar izan genituen eta jarraitzen dugu hartzen. Elizak ateak ireki aurretik, barruko guztia garbitu eta desinfektatu behar izan genuen, eta prozedura berbera jarraitu beharra daukagu meza guztien hasieratan eta bukaeratan.
Alde horretatik, eskerrak eman behar zaizkio garbitzaileez osatutako boluntarioen taldeari, fin aritu delako beti bezala.
Bestalde, mezetara hurbiltzen diren fededunek elizan dauden bitartean musukoa jantzita eduki behar dute.
Aforoari dagokionez, %30a jarri zuten lehen astean, eta fase berrian %50era igo dute. Bankuak markatuta daude jendeak gorde beharreko distantzia errespeta dezan.
Eukaristia ospatzeko orduan, badira zenbait arau zentzumenez bete beharrekoak: fededunek bakea elkarri ematerakoan ez luzatzea eskua eta nahikoa izatea begiratuarekin, jaunartzerakoan eskua jartzea... Gainera, mezetan zehar, liturgiako ohiko mezuak zabaltzeaz gain, arau eta segurtasun neurriekin zintzo jokatzeko adierazten dugu aldaretik.
Esandako guztiak balio dezake Santa Krutz elizari dagokionez. Bietan, hiru meza ospatzen dira astebururo: bat larunbatean eta bi igandeetan.
San Juan Bataiatzailearen egoitzan ere eskaintzen duzu zerbitzua...
Bai, han asteazkenero izaten da meza. Aizu, egoitza horretan gertatu dena azpimarratu beharko genuke! Bertako langileen profesionaltasuna hasteko, koronabirusaren gaitza bertan ez sartzea lortu dutelako. Eta eskertza bertan dauden egoiliarrei eta beren familiarrei luzatuko nieke, zintzo eta diziplinarekin bete dituztelako jarritako arauak; bisitak galarazita, bideo-deiekin eta, ahal duten moduan moldatu dira.
Hemendik aurrera, hiletak elizan egin ahal izango dira nahiz eta aforoarekin mugak egon; bestalde, beilatokian hamar pertsona bildu ahal izango dira, eta hamabost hilerrian. Bada zerbait!
Elizak itxita, beharbada kristau zeremonien artean hiletek jasan dute eraginik bortitzena...
Zalantzarik gabe, oso gogorra izan da, gizagabea! Ezintasuna sentitu dut izugarri, hildako askoren familiarrekin bertatik bertara egotea egokitu baitzait, eta nola kontsolatu egoera horretan? Dolua ez da beltzez janztea, baizik eta hildako pertsona gogoan hartuta gizalegezko azken agurra egitea, zeremonia publikoa eta lurperatzea burutzea... Prozesu horretan, hildakoaren ahaideek eta adiskideek onartzen joan behar dute bizi duten giza galera, barne bakea lortzeko bidean. Bada, hori guztia eragotzi egin dute jarri diren arauek.
Denetariko kasuren testigu izatea egokitu zait. Hilzorian dagoen senar, emazte, guraso edo seme-alaba hori ezin ikusi, ezin harekin hitz egin... Legez, gutxienez 24 ordu igaro behar dira heriotza gertatzen denetik lurperatzen den arte, baina ni ikusi dut pertsona bat 16:00etan hil eta 18:00etan nola erraustu duten, familiako kideei ikusteko aukerarik eman gabe. Kanposantuan ere lurperatze ezin tristeagoak eta hotzagoak bizi behar izan ditugu: hiru senide, lurperatzailearen eta bostak hantxe, eta gainerako senideak sartu ezinik kanposantura!
Madrildik, adibidez, egoera ankerragoei buruzko albisteak heldu zaizkigu: ehorztetxeek zaharren erresidentzietan zeuden gorpuak nola jasotzen zituzten hiru egunetara, familiarrek nola ez zekiten beren hildakoak non zeuden... Egia da halako kaosera ez garela iritsi Gipuzkoan. Eta batez ere aipatuko nuke Andoainen ondo ibili garela; portzentualki, Gipuzkoan izan dira herriak gu baino okerxeago ibili direnak.
Zenbat jende hil da azken asteetan Andoainen, arau zorrotz horiek iraun duten bitartean?
San Martingo parrokian hogeita hiru pertsona, Santa Krutzen bakarra eta Sorabillan bi.
Hilen kopuruari hilabetez hilabete erreparatzen badiogu, gauza oso kuriosoa gertatzen ari da: martxoan bederatzi hildako izan dira, apirilean hamabi, eta maiatzean bost herritar hil dira oraingoz. Ni parrokia honetan nagoenetik, oso behetik dago kopuru hori, eta ez nuke jakingo azaltzen zergatik ote den.
Hildako guztien arimaren aldeko hileta kolektiboa uztailaren 25en egitekotan dabil Elizako goi jerarkia...
Aukera bat da hori, modu kolektiboan. Baina tokian tokiko ikuspegitik, erantzun zuzenagoa eman diezaiekegu hildakoen senideei; izan ere, jende ugari baita gaizki pasatzen ari dena, azken agurra behar bezala egin ezinagatik. Guztiekin harremanetan jartzen hasi gara, eta zera proposatzen diegu: hala nahiko balute, hurrengo egun eta asteetan hileta-elizkizunak egitea. Asteburuetan ospatu ohi diren mezekin batera izango litzateke, eta ahaidearen oroitzapenak tarte berezia edukiko luke elizkizunean zehar. Lasai pentsa dezaten eskatzen diegu, ez diegu presarik sartu nahi, bai baitakigu herritik herrira mugi gaitezkeela jada, baina ez herrialdetik herrialdera, eta egon daitezkeela hainbat senide eta lagun beste herrialdeetan bizi direnak eta Andoainera hurbildu nahiko luketenak.
Bestelako elizkizunak ere hankaz gora geratu dira azken asteetan. Ezkontzak, esate baterako...
Urtaro honetan ezkontza asko izaten da; lau zeuden lotuta zehazki. Atzetik antolaketa handia eskatzen duen ekitaldia da ezkontza, eta horrexegatik, ezkongaientzat ere buruhauste handia eragin du salbuespen egoerak.
Nolanahi ere, jakin izan dute egoerara moldatzen, eta gehienek jada hurrengo urterako atzeratu dute aparteko egun hori.
Jaunartzeen hilabetea maiatza da...
Atzeratu behar izan ditugu horiek ere. Irailaren azken asteburura San Martinen, eta urriko lehen asteburura Santa Krutzen. Horixe da gure asmoa, nahiz eta gainerako ekitaldi publikoen bezala, horien kasuan ere ez dakigun zein giro edukiko ote dugun urte sasoi horretan. Dena den, osasun krisialdia heldu zenerako jada jaunartzea egitera zihoazen neskato eta mutikoek nahiko aurreratuta zeuzkaten kristautasuna lantzeko prestaketak, eta beraz, horrek gauzak erraztu ditzake.
Hilaren azken igandean ospatu ohi ziren bataioak ere atzeratu egin dira, noski. Sakramentu horietan guztietan inplikatuta zeuden pertsona eta senideek normaltasunez ulertu dute atzeratzea, salbuespenezko egoerak bultzatuta hartu diren erabakia izan delako.
Erretorearen etxeko azpialdean sumatzen da berriz ere mugimendua azken aldian, Caritasen eskutik…
Elkarteko kideek jendearekin harremanetan jarraitu dute nahiz eta telefonoz izan, eta Gurutze Gorriko boluntarioen esku egon da elikagaien banaketa etxez etxe. Poliki-poliki, baina, betiko martxari berrekin dio elkarteak ia. Egintzazu kontu, arriskuko taldekoak gara kide gehien-gehienak; ni izango naiz zaharrena seguruenik.
Krisialdi ekonomikoa etorri zaigu osasun krisialdiaren eskutik. Beharrean diren pertsonak hurbiltzen hasi al zaizkizue?
Hasi gara sumatzen jendearen etorria, bai. 2008ko krisia gertatu zenean bezala, oraingoan ere “normaltzat” dauzkagun ugari daude tartean. Gipuzkoako Caritas elkarteko kideek tarteka egiten dituzten ikerketen eta txostenen zain gaude, baina jada egunerokotasunean, kezkatzeko moduko adierazleak azaltzen ari zaizkigu. Prestatu beharko gara datorrenari erantzuten jakiteko, eta alde horretatik badaukat konfiantza Andoaingo Caritas elkartearengan, beti izan baita instituzio sendo eta serioa.
Zerbitzu ugari eskaintzen ditu (jaki eta jantzien banaketa, diru-laguntzak etxe-errentak ordaintzeko, eskolaz kanpoko klaseak haurrei, sukaldaritza eta jostun ikastaroak...), aspalditxotik. Baina beharbada, etorkizunean, erronka polita har lezake lan munduari begira, jendearentzat lanpostuak sortzeko helburuz. Ez litzaiguke gaizki etorriko lan merkatua, kooperatiben mundua, enpresa kudeaketa... ondo ezagutzen dituen pertsonaren bat egitasmo horri bultzada emateko.