Polizia operazioaren argibideak eskaini ditu Ertzaintzak

Aiurri 2020ko eka. 2a, 21:43

Maiatzaren 27an Andoainen izandako polizia operazioaren xehetasunak eskaini ditu Ertzaintzak. Antza denez, 22 urtetik 60 urtera bitarteko 7 pertsona atxilotu zituen maiatzaren 27an eta 28an Iruran, Andoainen, Donostian eta Iruñean egindako sarekadan.

Atxilotuak Tolosako epailearen aurrera eraman zituzten, maiatzaren 29an. Epaileak atxilotuetako bat espetxean sartzeko eta gainerakoak karguak egotzita aske uzteko agindua eman zuen. Aske geratu direnek epailearen aurrera agertu beharko dute, hala eskatzen zaienean.

Lapurretara bideratutako talde antolatu bat omen zen, Ertzaintzak emandako datuen arabera: "2019ko bigarren seihilekoan atzeman zen enpresetan indarra erabiliz egindako lapurretak gora egiten ari zirela, eta urtearen amaieran jarri zuten abian dagokion ikerketa. Hurrengo sei hilabeteetan bildutako datuetan eta horien analisian oinarrituta, eta talde kriminaleko kideei egindako jarraipenaren eta zaintzaren bidez, ikertzaileek behar adina informazio lortu zuten taldekideei enpresetan eta zerbitzuguneetan indarra erabiliz egindako 28 lapurreta leporatzeko. Lapurreta horietako 20 Gipuzkoan egin zituzten, 6 Nafarroan eta bana Araban eta Bizkaian".

Bestalde, guztira hamar miaketa egin zituzten, eta gauza ugari atzeman omen dituzte, besteak beste, lapurretak egiteko erabiltzen zituzten erramintak, telefono mugikorrak, dirua, arma simulatuak eta hainbat lapurretatan erabilitako auto bat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!