Elikagaien subirautza iparrorratz

Xabier Lasa 2020ko eka. 13a, 15:30

Eneko Egibar albaitari gisa, Erralde hiltegiko zuzendaria izan zen iraganean, eta egun, lehen sektorea sustatzea helburu duen Hazi erakundeko kidea da.

Elikagaien burujabetza aldarrikatzen du Eneko Egibar Artola albaitariak. Bere ustez, bertako ekoizle eta produktuen aldeko apustua egingarria dela erakutsi zuen Erralde hiltegiak Durangon, bera gerente zela.

Eneko Egibarrek urte mordoa darama Andoaindik kanpo, lanbidez albaitari izan nahi zuela erabaki zuenetik. Ikasketak Zaragozan egin ostean, familiarekin Bizkaian bizitu zen lehenbizi, eta Arabarako jauzia egin zuen ondoren. Andoaingo familiarekin eta lagunekin harremanak ez eteten saiatzen da, dena den. “1995az geroztik herritik kanpo egoteak ez nau arrotz sentiarazten, diferente beharbada. Astean behin gurasoengana hurbiltzen naiz, eta ikastolako ikaskideak kalean topatuz gero, gustura geratzen naiz hizketan”.

Etxeberrieta auzoan hazi zen, Zipitria-enea etxean, eta etorri aldiko ohartzen da garapen urbanistiko handia jasan duela herri osoak. “Nahiko gainbehera zihoan Etxeberrietak bizitasuna hartu du gazte ugari bertara bizitzera etorrita, eta ikusgarria da Zumearekin batera erakusten duen kaleko bizitza”.

Eneko Egibarrek albaitaritzari ekin zion gaztetan, esan bezala. “Txikitatik izan nuen gogoko animalien mundua. Animaliekin harremanetan  egotea, euren zainketa… Gure etxearen atzealdean lauzpabost ahuntza edukitzen genituen, eta haiekin orduak igarotzen nituen; gainera, Amadeo izeneko auzotar bat –artzain zaharra–, etxera etortzen zenean harekin pozik egoten nintzen. Era horretan, oinarrizko ikasketak eginda, argi eduki nuen Zaragozan albaitaritzako karrera egin behar nuela”.

Ikasketak amaitu berritan, Eusko Label markak lana eskaini zion. “Bekadun gisa bertan lanean hasi ginen zenbait ikaskide, eta geroztik, albaitaritzaren adar bat den bromatologiara bideratu dut nire ibilbidea, hiltegietako ikuskapen eta sailkapenen bidetik. Ikasketetan ez bezala, orduantxe hasi nintzen okelari buruzko parametroak-eta ikasten, hiltegietako kameratan orduak eginda; hala nola, animalia amaren esnea hartutakoa ote den, larrean ibilia ote den… Forentse lanak egiten, azken batean”.

Hasierako urte haietan hasi zen kontzientzia hartzen lehen sektorearen eta tokian tokiko ekonomiaren premiaz eta horretarako gertuko hiltegiek joka zezaketen funtzioaz. “Lau hiltegi handi zeuden EAEn orduan, eta horrez gain, tokian tokikoak. Azken horiek ziren errentagarriak, baina handien aldeko politika egiten zen, horien zenbakiek apurtxo bat koadratu zezaten. Gainera politikoek hainbat enpresariren presioa jasan zuten, eta ondorioz, zenbait hiltegi ixtea lortu zuten; Tolosa eta OÒatikoek txiripaz iraun zuten. Durangokoak 2004-2005ean itxi behar izan zituen ateak; baina handik urtetara, Durangaldeko hamalau udalerri txikiek berriro hiltegia irekitzea lortu zuten. Erralde jarri zioten izena, eta 2007an niri eskaini zidaten bertako gerente izateko ardura”.

Erralderen eskutik tokian tokiko ekoizpenen alde egindako apustua hasieratik zailtasunez betea izan zela aitortu du Enekok.“Izan ere, udalerriek eta zenbait teknikarik aurre egin genien administrazioan agintzen zutenen makro-egoitzen aldeko politikari”.

2012an, Erralde klausuratzera derrigortu zuten. “20 bat langilek osatutako proiektu errentagarria zen; inguruko baserritar, artzain, abeltzain eta harakinen konfiantza osoa geneukan, baina ez ginenez administrazioaren gogoko, sanitatearen arlotik harrapatu nahi izan gintuzten, arauak ez genituela betetzen adieraziz. Aitzakia hutsa izan zen”.

Elikadura subirautza

Erralde hiltegiak ateak ixteko atarian, Eneko Egibarrek Gasteizko legebiltzarreko batzordeetako batean agerraldia egin zuen, eta bertan, lantegiaren bideragarritasunaz ez ezik, elikadura burujabetasunaren premiaz jardun zuen. Erraldek filosofia hori Euskal Herrian ere egingarria dela frogatu zuela adierazi zien alderdietako ordezkariei. Lehen sektorean erabakiak hartzerakoan enpresa handiek eta multinazionalek daukaten eragina salatu zuen, eta erantsi, ekoizpen katean sustantzia farmakologikoak (anabolizanteak, clenbuterola…), eta pentsuetan okelen irinak, animalien grasak, soja transgenikoa sartzea negozio handi horien esku uzten dela. Gizartearen osasunean eragin kaltegarria duen panorama horren aurrean, elikadura subirautza defendatu zuen, hots, “herri batek zer elikagai nahi dituen ekoiztu eta zein baldintzatan erabakitzeko ahalmena eta borondatea edukitzea”. 

Egibarrek dionez elikadura burujabetzaren ideia euskal politikagintzaren agendan sartzeko ahalegina egon zen bolada batean, “baina berehala gutxietsi zuten, Francoren garaiko autarkiara itzultzea zela, eta lokalista, atzerakoia… zela esanda. Baina munduko potentzia guztiek (Errusia, AEB, Alemania, Israel, Txina…) lehen sektore indartsua daukate; zerbaitengatik da hori”.

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 562. zenbakian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!