"Bizidantza" ikuskizuna DVDn ikusgai

Aiurri 2020ko eka. 13a, 11:19

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek urtarrilaren 25ean Andoaingo Bastero Kulturgunean eskaini zuten ikuskizuna DVDn argitaratu dute. Dagoeneko eskuragarri dago Katxiporreta.eus webgunean eta ohiko dendetan.

Euskal Dantzen tradizioari begiratu die oraingoan pailazoek: ohorezko kontrapasa, kalejira, martxa, txapeloaz, dantza jauzia, katadera edo aulki dantza, Xan Petrike dantza, esku dantza, fandangoa, banangoa, … dantzak gure kulturan eta gugan duen eraginari erreparatu diote, Vanesa Castaño eta Jon Maya dantzari errenteriarren laguntzaz.

Tradiziotik edan eta Leire Bilbaoren hitzekin, Xabier Zabalaren doinuekin kantari eta dantzan aritu dira oholtzan Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Errenteriako Udal Musika eta Dantza Eskolako haurrak eta Erein dantza taldeko gazteak.

BIZI DANTZA IKUSKIZUNA, ANDOAINDIK MUNDURA

Ikuskizuna azaroan estreinatu zuten, eta koronabirusaren izurriteak dantza geldiarazi bitartean, 46 herritan eskaini zituzten saioak, tokian tokiko dantza taldeekin batera. Herriz herri, kolore eta izaera askotako dantza taldeak ezagutu dituzte, haiekin batera dantzatuz eta gozatuz eta irailetik aurrera dantzan jarraitzeko asmoa dute herriz-irri.

DVDko irudiak Andoaingo Bastero Antzokian grabatu zituen pailazo taldeak, joan zen urtarrilaren 25ean. Bi saio eskaini zituzten orduko hartan.

Dagoeneko ikus-entzunezkoa erosteko aukera dago dago www.katxiporreta.eus webgunean eta ohiko dendatan.

AURKEZPENA

“Lurra sortu zen unetik bertatik, jirabiraka dantzari hasi zen bere buruaren eta eguzkiaren inguruan. Animaliak ere sortu ziren unetik bertatik, dantzari dabiltza lurraren inguruan. Geu ere hitzaren jabe izan aurretik dantzatzen gara, zaldiak, izurdeak eta tximeletak bezala. Pozak eta tristurak azaltzeko dantzatzen gara. Barruak agintzen digunean dantzatzen gara. Gure kultura ospatu eta errituak berritzeko. Garen hori mugimenduan jartzeko. Zangoak luzatuz, gerria mugituz, hegoak astinduz eta ur azpian ere dantzatzen gara gu. Zatoz gurekin dantzara, atera zure barruko animalia plazara!”

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!