Udal agintaldiaren lehen urtea bete da

Jon Ander Ubeda 2020ko eka. 15a, 08:46

2019ko ekainaren 15a larunbata zen, eta Euskal Herriko udalerri guztietan alkatearen aukeraketa egin zen. Andoainen Maider Lainez sozialistak eskuratu zuen aginte-makila, Marijose Izagirre jeltzalearen alderdiak emandako babesari esker. Udal hauteskundeetan garaipen argia eskuratu zuen EH Bilduko Andoni Alvarez oposizioan geratu zen.

EH Bilduk Andoainen garaipen eztabaidaezina lortu zuen, inoiz alderdi batek lortu duen emaitza onena eskuratuz. Aurreko lau urteei eta hautagai berriari adierazitako aitortza zen. EH Bilduk 7 zinegotzi lortu zituen. Eta, hurrenez hurren, PSE-EEk 5 zinegotzi, EAJ-PNVk 4 eta Elkarrekin Podemos alderdiak 1.

Udal hauteskundeetan boto zuzenak garrantzia handia dauka, baina azkenean zinegotzi akta lortu duten 17 zinegotziren artean erabakitzen da kargu gorena nori eman. 2019ko ekainaren bigarren astean azkartu ziren negoziazioak, eta agintaldi berriko lehen plenoa iristeko ordu gutxiren faltan sozialisten eta jeltzaleen arteko akordioa iragarri zen. Ekainaren 15ean abiatu zen agintaldi berria, kargu hartze ekitaldiarekin. Lehen bozketan gehiengo osoa lortzen zuen hautagaiak alkatetza eskuratu zuen. Eta halaxe gertatu zen. Maider Lainezek agintzeko beharrezko zituen 9 botoak lortu zituen, PSE-EEren 5 botoak eta EAJ-PNVren 4 botoak bereganatu zituelako.

Ekitaldira sarbidea mugatua izan zen, eta kanpoan jende asko elkartu zen. Bereziki, hauteskundeak irabazi zituen Andoni Alvarezi eta EH Bilduko kideei babesa adierazteko.

Plenoa normaltasun osoz igaro zen.

 

Aro berri bat

Ana Carrere alkatearen 8 urteko agintaldiaren ostean, aro berri bat zabaldu zen. Berri samarra, gainera, gobernu partekatua delako. PSE-EEren eta EAJ-PNVren artean banatu dira ardura nagusiak. Agintaldi berrian hartu nahi diren neurriak aurkezteko hainbat bilera ireki egin eta gutxira, Koronabirusak eragindako krisia iritsi zen. Aginte-makila eskuz aldatu zela urtea bete denean, Udala San Juan jaien ordezko ospakizun alternatiboen antolaketan murgilduta dago. Gipuzkoako Foru Funtsatik Udalak finantzatzeko iragarritako %20ko murrizketak eragina izango du epe ertain eta luzeko egitasmoetan. Eta, ziurrenik, baita urtean zehar egin beharreko jardunean ere.

Joan zen ostiralean Andoaingo EH Bilduk agintaldiaren lehen urteko balorazioa egin zuen. Udal Gobernu taldeko kideek ez dute oraingoz baloraziorik egin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!