Munduko pertsonaje mitologikoak eta kondairak oinarri izanda, margolanen bidezko kulturarteko elkarrizketa sustatzea du helburu “Lamiak eta Lloronak” erakusketak. Eta horretarako, Andoaingoak eta jatorriz beste herrialdeetakoak diren margolariek sortu dituzten artelanak Andoaingo bost auzo eta plazatan ikusgai jarriko dira. Zehazki, hauetan: Ama Kandida hiribidea, Goikoplaza, Bastero plaza, Zumea plaza eta Karrika.
Ainhoa Marquez, Eduardo Arreseygor, Olaia Zapiain, Itziar Gutierrez, Iñaki Gozalo Wentxi eta Juanan Lazkano dira ekimenean parte hartu duten Andoaingo artisten izenak. Erakusketa irekia ekainaren 18tik datorren 26ra bitarte egongo da ikusgai.
Margolanen artean gogokoena dutena bozkatzeko aukera izango dute ikusleek. Bi eratara egin ahal izango dute hautaketa: QR kodearen bitartez edota Udaletxean, Gizarte Zerbitzuetan edo kiroldegian aurki daitezkeen afitxak betez. Erakusketa Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Ongi Etorri Eskolara ekimenak antolatu dute, elkarlanean.