Lamiak eta Lloronak kale erakusketa, zabalik gaurtik aurrera

Xabier Lasa 2020ko eka. 18a, 13:59

Munduko pertsonaje mitologikoak eta kondairak oinarri izanda, margolanen bidezko kulturarteko elkarrizketa sustatzea du helburu “Lamiak eta Lloronak” erakusketak. Gaurtik aurrera ekainaren 26ra bitarte egongo da ikusgai, Andoaingo bost plaza eta kaleetan.

Udaletxean atzo egin zuten ekimenaren aurkezpen ekitaldia, eta bertan honakoek hartu dute parte: Maider Lainez alkatea, Mari Jose Izagirre alkate ordea, Esti Mujika EH Bilduko zinegotzia, Tere Santana Podemos-Ahal Duguko zinegotzia, Ana Sanz Gizarte Zerbitzuetako teknikaria, Lola Boluda eta Jone Soto Ongi Etorri Eskolara elkarteko ordezkariak, eta Juanan Lazkano egitasmoan parte hartzen duten herriko artisetako bat.  

Erakusketa Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Ongi Etorri Eskolara ekimenak elkarlanean antolatu dute.

Maider Lainez alkateak adierazi duenez, “artistak, pertsonaia mitologikoak birsortzeko, bizilagunek jatorrizko herrialdeetako kondaira eta mitologiei buruz esandakoan oinarritu dira. Elkarrizketa hau, sinbolikoki, udalerria osatzen duten kulturen arteko trukearen, ezagutzaren eta aitortzaren adibidea da, elkarbizitzarako zubia sortzeko eta aniztasuna kulturala balioesteko helburuarekin”.

Era horretan, Andoaingoak eta jatorriz beste herrialdeetakoak diren margolariek sortu dituzten artelanak Andoaingo bost auzo eta plazetan (Ama Kandida hiribidea, Goikoplaza, Bastero, Zumea plaza eta Karrika) ikusgai jarriko dira. Ekainaren 18tik 26ra bitarte egongo da ikusgai erakusketa.

Ainhoa Márquez, Eduardo Arreseygor, Olaia Zapiain, Itziar Gutierrez Iñaki Gozalo Wentxi eta Juanan Lazkano dira Andoaingo artistak, eta honako pertsonaje mitologikoak hartu dituzte inspirazio-iturri gisa: Pacheco (Venezuela), El Duende (Honduras), Cascada Bigar (Errumania), Maritxu Teilatuko (Euskal Herria), Baba Achur (Maroko) eta Coumba Ban (Senegal).    

Pertsonaje mitologiko guztiei buruzko kontakizunekin audioak hiru hizkuntzetan (euskaraz, gaztelaniaz eta jatorrizko hizkuntzan) grabatu dira. Maritxu Teilatukoaren kasuan, Iñaki Otamendi andoaindarrak jarri dio ahotsa. QR kodearen bitartez, pertsonaje mitologiko horiei buruzko informazioa jaso ahal izango da, euren inguruan artelanak egin dituzten artistei buruzko xehetasunez gain.

Ikusleei aukera jarriko zaie margolanen arteam gogokoen dutena bozka dezaten. Bi eratara egin ahal izango dute hautaketa: QR kodearen bitartez nahiz Udaletxean, Gizarte Zerbitzuetan edo Kiroldegian. Bozkatzen duten herritarrek herriko dendetan kontsumitzeko 150 euroko bi bonoen zozketan parte hartuko dute. Hilaren 23a arte eman liteke bozka.

Kiko Herrero graffiti-egileak boto gehien jasotzen dituen margolanaren erreplika Goikoplazan bertan egingo du, ekainaren 26an.

 

Kultur aniztasuna helburu

Martxoaren 21ean Arrazakeriaren Aurkako Munduko Egunaren harira antolatu zen erakusketa, hasiera batean. Baina COVID-19ak eragindako alarma-egoera zela eta, ezin izan zen antolatu data horren inguruan. Atzeratu behar izan zuten, hortaz.

Lola Boluda eta Jone Soto Ongi Etorri Eskolara elkarteko kideek Andoaingo kultur aniztasunari ikusgarritasuna eta integraziorako urratsak ematea du helburu ekimenak. “Kanpotik etorri diren auzotarrak bistaratuz, lehendik bertan bizi diren herritarrekin harremanetan jartzeko aukerak sortu nahi dira. Horretarako, munduko kultura desberdinetako eta Andoaingo artistak harremanetan jarri dira. Halaber, hasierako asmoa Andoaingo artista horiek bertara bizitzera etorri diren familiekin elkartzea, eta harremanak sustatzea izan zen. Baina osasun egoerak galarazi egin digu gauzak modu presentzialean egitea, eta azkenean, guk bitartekaritza lanak egin ostean, Andoaingo sei margolarik eta sei familiek hartu dute parte egitasmoan. Ea denok elkarrekin egoteko aukera daukagun egoera hau bukatutzat ematen denean”.

Ana Sanz Gizarte Zerbitzuetako teknikariak espazio publikoaren aldeko aldarria egin zuen “Lamiak eta Lloronak” ekimenaren aurkezpenean. “Osasun krisialdira egokitu behar izan gara herritarrok. Mugikortasunaren balioaz jabetu gara besteak beste, eta heldu zaigu garaia berriro ere espazio publikoa hartzeko, artea zabaltzeko bertan, herritarrok arte hori eskura eduki dezagun inongo baldintzarik edo ordutegi jakinik gabe. Andoaindarrak animatzen ditut, artearen eskutik, Andoain punta batetik besterako ibilbidea oinez egin dezaten”.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!