Osasun Alerta egoeraren ondorioz, udan haurren aisialdia osatzeko ekimen pribatu ezberdinak abian jarri dira Andoainen. Sport Madness enpresaren eskaintza edota Zumea plazako sukaldaritza eskolarena aipa daitezke. Gaurkoan, Allurraldek uztailean kirol jardueren inguruko aisialdi eskaintza antolatuko duela iragarri du.
Haurrei zuzenduriko jarduerak
2008-2012 urteen artean jaiotako haurrei zuzendutako eskaintza da. Besteak beste, mahai-tenisa, tenisa, badmintona, beisbola, patinak, mendizaletasuna edota musika jarduerak burutu nahi dituzte. Xehetasunak hauexek:
- Izen-ematea: Ekainak 23-29.
- Taldeak: Hamabiko taldeak, begirale batekin.
- Gehienezko haur kopurua: 48 haur.
- Lehen txanda: Uztailak 6-17.
- Bigarren txanda: Uztailak 20-30.
- Haurtzaindegi zerbitzua: 09:00-09:30.
- Prezioa: 78,50 euro, abonatuen kasuan. Bikoitza, abonatua ez bada.
- Informazio gehiago: Kirola.andoain.eus.
- Haurrak egongo diren tokiak: Allurralde, Arrate, Ikastolako pilotalekua eta Ondarreta.
Zozketa bidez egingo da aukeraketa
Eskaera 48 haurren kopurua baino handiagoa bada, zozketa bidez egingo da aukeraketa. Egutegia:
- Ekainak 23-29: Izen-ematea.
- Ekainak 30: Behin-behineko zerrenda.
- Uztailak 1: Zozketa.
- Uztailak 2: Behin betiko zerrenda.
16 urtetik gorakoentzat
Uztailaren 6tik 30era K-Strecht, yoga, zunba-fit, spining, kross training, fitness eta GAP kirol jarduerak antolatu dituzte. Jarduera guztiak arratsaldean edo iluntzean izango dira. Kasu honetan ere izen ematea ekainaren 23tik 29ra egin behar da kirola.andoain.eus webgunean.