Administrazio ezberdinek gertuko pertsonen arteko kontaktua saihestea helburu dute, Koronabirusaren kutsatzea ekidin asmoz. Eta horrekin batera, prebentzio eta higiene mailako ohiturekin adi ibiltzeko deia etenik gabe egiten ari dira. Gizarte bizitza erabat baldintzatu da, martxoaz geroztik. Eta Andoaingo jaiak iritsi direnean, Udalak herriko eragile ezberdinei programazio digitalean parte hartzeko gonbitea luzatu die.
Hori dela eta, San Juan bezperan eta San Juan egunean pantaila bidezko ikuskizunak eskainiko dituzte. Kultura zinegotzi den Txitxu Ruizek saio sinbolikoak izango direnak horrela deskribatu zituen: “Telebista saio formatua izango du, online emitituko dena zuzenean, Andoaingo Udalaren sare sozialak eta Youtube kanala erabiliz”.
Asteartean Maider Lainez Andoaingo alkateak eta Txitxu Ruiz zinegotziak egitasmo ezberdinak aurkeztu zituzten.
Agerraldian adierazi zutenez, "COVID19ak ezarri dituen segurtasun eta osasun neurriek ezinbesteak baldintzatu dute ohikoak ziren ekintzak normaltasunez burutu ahal izatea". Ordezko programazioa multimedia izango da, beraz: "Aurrez grabatu diren edota zuzenean grabatuko diren piezak txertatuko dira, Udaletxeko pleno aretoa ala Ondarreta ikastetxeko patioa egun batzuetan telebista gune bilakatuko direlarik”.
San Juan sua egitea ez da baimenduko
Aurtengoan ez da San Juan surik egingo Goikoplazan, "eta gainerako eremuetan bestelako surik egitea galerazi egingo da". Horren ordez Udalak gau horretan San Juan zortzikoa eta Andoaingo Ereserkia aldi berean abesteko gonbitea luzatu du. Txupinazoa zuzenean botako da, eta ondoren, auzoetako jai batzorde ezberdinek erantzungo diote suziriari, bakoitzak bere auzotik. Gauza bera gertatuko da San Martin elizatik egingo den kanpai errepikarekin, herriko gainerako eliza eta ermitek ere aldi berean erantzungo baitute. Txalapartaren soinuak ere herri osora zabaltzeko asmoa dago. Benetako su errealik ezean, aurreko urteetako suaren artxiboko irudiak emitituko dira.
Plazara ez hurbiltzeko deia
Udal ordezkariek adierazi zutenez, “normalean, andoaindarrei Goikoplazara hurbiltzeko deia egiten zaie. Aurtengoan alderantziz izango da, Udalak andoaindar guztiei saio berezi horien seinalea bidaliko die norberak bere mugikorretik, portatiletik edo telebistatik jarraitu ahal izateko”. Iristear dira ez ohiko ospakizunak.
Emankizunak internet bidez, ekainaren 23an eta 24an
Ekainak 23
- 21:00 Sanjuanak 2020 kartel lehiaketako sari banaketa. On Pedro Aizpuruaren Salbe Gorena Alberto Agirre eta Udal Musika Eskolako Abesbatzen kide batzuk kantatua. Soka-dantza: Alkateak, eta udalbatzak bakarkako zortziko alpargata dantzatuko dute.
- 21:30 Olagain Txistulari banda San Juan zortzikoa joz.
- 22:30 Kanpai-errepika, txalaparta eta suziriak Goikoplazatik Andoaingo auzoetara. Alkatearen agurra. Txupinazoa: Zumeatarra Elkarteko kideak. Ondoren, Udal Musika Eskolako Banda, Olagain Txistulari Banda, Soinuak Musika Eskola, udal Musika Eskolako abesbatzak, eta Alberto Agirre abesbatzako kideen emanaldia. Urki dantza taldeak San Juan zortzikoa dantzatuko du emanaldi labur bat eskainiz. San Juan zortzikoa eta Andoaingo Ereserkia guztiok batera abesteko gonbitea luzatzen da: bakoitza dagoen lekutik, kaletik edo etxetik.
- 23:00 Musika saioa: Malkogarriyak taldea.
Ekainak 24
- 11:15 Hasiera. Andoaingo trikitilari eta panderojoleen saioa. Haur Danborrada: Aita Larramendi, Ondarreta eta La Salle-Berrozpe ikastetxeetako ikasleeek. 2018-2019ko irudiak. Buruhandi eta Erraldoien konpartsaren historia,
eta osatzen duten pertsonaiak ezagutuko ditugu Garazi Kamioren eskutik. - 12:00 Axeri Dantzaren jokoak.
- 12:30 Bertso saioa: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Miren Amuriza, Amaia Agirre, eta Ion Beloki. Gaijartzailea: Unai Ormaetxea.
- 13:45 Dantza saioak jarraian: Azelain Ballet elkartea, Klaap eta Joseba & Bakartxo dantza eskolak.
Pregoia Zumeatarra elkartearen eskutik
2020koa urte seinalatua zen elkartearentzat. 50 urte bete dituzte, eta efemeridearen harira aitortza jaso behar zuten Santa Krutz jaietan. Koronabirusak eragindako krisiak, ordea, asmo horiek atzeratzea ekarri zuen. San Juan egunaren haria, pregoilaria aukeratzeko prozesuan, 2020ko txupinazoa Zumeatarrari dagokiola erabaki zen.
Santakrutzen hasierako danborrada, sagardo dastaketa, kirol jarduera ezberdinak... Gizarte eta kirol mailan Zumeatarra elkarteak ekarpen garrantzitsua egiten dio Andoaingo herriari.