San Juan sua Goikoplazan egiten hasi zela 65 urte betetzen direnean, inork aurreikusten ez zuen galerazpena iritsi da. Udalak, gainera, oso argi utzi du aurten ezin dela surik inon piztu.
1955a bitarte, San Juan bezperako sua auzune ezberdinetan egiten zen. Antza, herrigunea handitu ahala, herritar talde batek sua herriko plazan egitea eskatu zuen. Eta eskaera hori errealitate bilakatu zen 1955ean.
San Juan bezperan, urte hartan, kanpai-errepikarekin hasi ziren. Jarraian, Udal Musika Bandak eta txistulari taldeak kalejira egin zuten Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin batera. Alberto Agirre zen orduko hartan Bandako zuzendaria. Pepe Andoainen akordeoi orkestrak ere kontzertua eskaini zuen.
Garai hartan Sokamuturra antolatzen zen Andoainen. Denborarekin oso toki gutxitan mantendu da.
Plazaren izena
Goikoplazak izen ezberdinak hartu ditu historian zehar. Frankismo garaian Plaza de España izena hartu zuen, eta Errepublika garaian Sabino Arana Goiri plaza izan zen.