Merezi du garai ilun hartan Udal Musika Bandak bizi izan zituen gertaeren kronika egitea, gerraren eta errepresio frankistaren testuinguruan. Udal Musika Banda tradizio eta itzal handiko kultur elkartea zen Andoainen, XIX. mendean sortu zenetik; herriko ospakizun guztietan parte hartzen zuen, eta errespetua eta estimazioa irabazita zeukan herritarrengandik. Udalaren soldatapean aritzen ziren orduan bere musikariak; esan daiteke nolabaiteko ospe edo “kategoria” hartzen zutela bertako musikariek gizartean. XX mendeko lehen erdialdeko San Juan jaien programetan erreparatuz gero, agudo ohartzen gara Udal Musika Banda zela jai horien bizkar hezur.
Iraganari begira jarrita, 1936ko kolpe militarraren ondorengo gertakizunak aintzat hartuta, Tolosaldetik eta Leitzaran bailaratik barrena zetozen kolpistek Andoain abuztuaren 16an okupatu zuten. Udaletxean zintzilika zeuden bandera errepublikanoa eta ikurriña kendu eta monarkikoa jartzean, 40 urte iraungo zuen garai berri baten aldaketa sinbolizatu zen. Nafarroatik zetozen indar militarrek diktadura oinarri zuen estatu berri bat inposatu zuten, herrian topatu zituzten aldeko pertsonen konplizitate zuzenarekin.
Musikariak ere jazarpenen biktima izan ziren
Agudo jarri zuten abian errepresio bortitzaren makinaria, mugimendu nazional-katolikoarekiko “desafecto”-ak ziren herritarren aurka. Hilketez eta atxiloketez gain, bestelako jazarpen motak erabili zituzten etsaien aurka. Bandako kide ugari abertzale eta ezkertiarrak ziren, eta horietako gehienek Andoainetik ihes egin zuten abuztuaren lehen egunetan, frankistak sartu bezperatan. Herrian geratu ziren bakanetako bat, ordea, Gregorio Martinez klarinete jolea, irailaren 3an atxilotu zuten; udaletxeko kalabozoan preso eduki gauez, eta hurrengo egunean hilerriko hormaren kontra jarrita fusilatu egin zuten. Martinez, ezkongabea, Moleda lantegiko langilea zen eta UGTko sindikalista. Andoaingo Udal Musika Bandakoa ez ezik, Donostiako Udal Bandako kidea ere bazen.
Bestalde, Andoaingo Udalak garbiketa prozesua abian jarri zuen handik hilabete batzuetara, bere langileen ideologia ikertzeko eta aurkariak kargugabetzeko asmoz, Udal Musika Banda osatzen zuten kideak ere ekimen horren biktima izan ziren.
Andoaingo Udal Artxiboko agiriez baliatu gara ondorengo kronika osatzeko.
Jose Treku alkate izendatzeko asmoz Andoaingo Udalak 1937ko martxoaren 16an ospatu zuen udalbatzan, Ignacio Urkijo Gobernuko Delegatuak hitza hartu eta zera adierazi zuen, udalbatzen akta liburuan irakur daitekeenez: "… De manera elocuente, hace atinadas advertencias sobre los diversos aspectos de la vida municipal: juzga en primer lugar, de imperiosa conveniencia la reorganización de la Corporación municipal, pidiendo a la misma actúe si bien con justicia, con energía e inexorabilidad en cuantos asuntos afectan al ayuntamiento, sobre todo en la depuración del personal, combatiendo los enemigos de España, a ese enemigo tanto más peligroso cuanto más difícil de descubrir que se ha infiltrado en los municipios, en la sociedad y en la familia, pues con ello se procurará el engrandecimiento patrio y resurgimiento nacional. Espera de los rectores de este pueblo, que rigen sus destinos desde este momento, llenarán esta misión sin lugar a dudas, cumpliendo con un deber si logran que en la vida municipal, en sus plantillas, no quede, si lo hubiere, un solo enemigo de España".
Biharamunean bertan, Udalak nolabaiteko polizia batzordea osatu zuen, gobernu delegatuaren agindua betetzeko asmoz. Une hartan udal plantilla osatzen zuten zortzi langileekin ekin zioten ikerketari; horien artean, 1914az geroztik Udal Musika Eskola eta Bandako zuzendari Alberto Agirre zegoen, ideologiaz eskuineko karlista tradizionalista zena. Batzorde horrek lan samurra eduki zuen, egia esanda. Izan ere, ordurako errejimenak etsaitzat zeuzkan Udal langileak erailak ziren, preso zeuden, edota ihes eginda zebiltzan. Apirilaren 13an prozesuaren emaitzak jakinarazi zituen Batzordeak. Alberto Agirre zuzendariari dagokionez, ez zen zalantzan jarri frankismoarekiko leialtasuna.
Bandatik kanporatutako musikariak
Apirilaren 28an, Udalak egin zuen udalbatzan, Udal Musika Bandako hamalau musikari kaleratu zituen: Jose Mari Oiartzabal, Teofilo Usandizaga, Lazaro Otaegi, Juan Barandiaran, Justo Perez, Ramon Salazar, Manuel Pascual, Antonio Etxeberria, Mariano Arberas, Fermin Altuna, Moises Lozares, Ramon Etxeberria, Jose Karrera eta Francisco Olalde. Ordurako, gehien-gehienak Bizkaiko frontean borrokan zebiltzan, Errepublikaren aldeko Euskal Ejerzitoan, eta bakarren bat erbestean.
Hurrengo egunetan ospatu ohi ziren Santakrutzak, baina Udalak, soilik bi ekitaldirentzat baimena ematea erabaki zuen, eta Udal Musika Bandaren eskutik biak ere: Santa Krutz prozesioko diana eta eguerdiko kontzertua. Dantzaldiak bertan behera utzi zituen: "… quedando suprimidos, debido a las actuales circunstancias, los bailables de la tarde y noche".
Sanjuanak zetozen agudo. Bada, horiek ere murrizketa jasan zuten, are zorrotzagoa jasan ere. Ondorengo erabakia hartu baitzuen Udalak ekainaren 23ko udalbatzan jakinarazi zuenez: “Suprimir toda fiesta profana en conmemoración de San Juan Bautista cual otros años se celebraban con el mayor entusiasmo ya que las actuales circunstancias no aconsejan expansionarse con regocijo limitándose en todo caso a que por la Banda, siguiendo tradicional costumbre, se toque el día veinticuatro la correspondiente diana”.
Musika Banda, kidez hustuta
1937ko irailaren 25ean egin zen batzarraldian, Udalak berak onartu behar izan zuen Bandaren ahultasuna, “(...) Encontrándose en cuadro la Banda municipal por la casi total ausencia de los individuos que la constituían y que oportunamente fueron por esta causa dados de baja en la misma, acuerda interesar del Sr. Director que se ocupe de su inmediata reorganización por medio de los educandos que asisten a las clases de la Academia de Música, y para que les sirva a la vez de ensayo, se reanuden los conciertos de los días festivos, a pesar de lo que y dadas las actuales circunstancias, no serán permitidos los bailes públicos”.
Era horretan, Agirrek Musika Eskolako ikasle gaztetxoak hautatu behar izan zituen. Hona zeintzuk: Angel Urrutia, Eugenio Etxeberria, Francisco Etura, Martin Huizi, Luzio Langara, Pedro Barandiaran, Liberto Aizpurua, Alberto Urrutia, Martin Etxeberria, Jose Etxeberria, Antonio Martinez, Isidro Alkain, Migel Aginaga, eta, Ramon Olano. Era berean, SAPA lantegira lanera aldi baterako etorriak ziren Soraluze eta Bergarako zenbait langile ere erreklutatu zituzten Banda osatzeko.
1938az geroztik, Santakrutzak eta Sanjuanak poliki-poliki berreskuratzeari ekin zioten, aurreko urte eta mendeetako formatu jakin bati eutsiz, alegia, erlijioarekin lotutako errituak eta musika emanaldi desberdinak –Udal Musika Banda nahiz txistulari eta dultzaineroak– oinarri izanda.
1936-1939 epealdi bortitzean, herri edo auzoetako jaiak indartzea baino gehiago, errejimenaren ahalegina ejertzitoaren aldeko mezuak gizarteratzea eta herritarren atxikimendua lortzea izan zen. Horrela, izaera belikoa zuten ekitaldi publikoak berreskuratzeari ekin zion: Espainian zehar hiri baten konkista militarra gertatzen zen aldiro desfilea kaleetan zehar, eta abar.
Matxinatu frankistek, ofizialki, 1939ko apirilaren 1ean iragarri zuten Estatu espainiarra militarki konkistatu zutela, eta garaipen hori ospatzeko, Andoaingo Udalak egundoko ospakizunak antolatu zituen apirilaren 10ean eta 11n. Ekitaldien artean, aipatzekoak dira lubakietan hildako soldadu frankisten aldeko meza eta omenaldia, edota kalean gora eta kalean behera ibiltzeko antolatutako desfile handia. Egun batzuk lehenago, apirilaren 8an Jose Treku alkateak bandoa kaleratu zuen ospakizunen berri emanez. Juan Flamarike aguazilak auzoz auzo ahots goran irakurri zuen. Hona pasarte bat: “… Es preciso que el vecindario sin excusas ni pretextos que nunca serían justificados, asista en masa a las funciones y actos, tanto a los organizados para el lunes en memoria de los que dieron generosamente su vida en los campos de batalla, como a los del martes demostrando adhesión incondicional a la Nueva España y a su Caudillo Franco, bien entendido ya que todas las industrias de la localidad guardarán fiesta en los dos días y el comercio cerrará sus puertas durante la celebración de los principales actos, a quien así no lo haga se le considerará desafecto al entusiasmo que todo buen patriota debe sentir en estos momentos de Paz…”.
Egitarau hori gauzatzeko, ezinbestekoa izan zen Udal Bandaren parte hartzea beste behin ere. Ordurako, 1937ko apirilean Udalak kanporatu zituen musika gehienak kartzelan ziren, edo langile batailoietan esklabu gisa lanean ari ziren. Horietako batzuk, zigorrak bete ostean, herrira itzuli ahal izan zuten. Eta bakarren batek, Udal Musika Bandan berriro parte hartzeko aukera eduki zuen, bostek bai behinik behin: Mariano Arberas, Joxe Mari Oiartzabal, Teofilo Usandizaga, Lazaro Otaegi eta Joxe Karrerak. 1953ko argazkian, astekari honetako 4. orrialdean argitaratu dena, bostak ageri dira.