Juan Mari Artola zendu da, politikagintzan nabarmendutako herritarra

Xabier Lasa 2020ko eka. 22a, 14:43
1994ko udalbatza batean hizketan, Mikel Arregi eta IƱaki Egibar jelkideen ondoan

Juan Mari Artola Lizarribar larunbatean hil zen, 88 urte zituela. Artolak ibilbide luzea egin zuen herrigintzan eta politikagintzan, EAJ alderdiarekin batera. Maria Dolores Ugalde zen bere emaztea, eta Iñaki, Xabier eta Leire hiru seme-alaben aita zen. Bere aldeko hileta-elizkizunak gaur arratsaldean, 18:30etan egingo dira, San Martin parrokian.

Andoaingo zinegotzia eta Gipuzkoako Batzarkidea izan zen, EAJ-PNV alderdia ordezkatuz. 1991-1995 legegintzaldian, Andoaingo alkatetzarako hautagaia izan zen. Zinegotzia gisa jardun zuen legegintzaldi hartan, Pilar Collantes (PSE-EE) alkate izan zelarik (argazkian, Mikel Arregi eta Iñaki Egibar alderdikideekin ageri da hitza hartuta, 1994ko apirilean ospatu zen udalbatzan).

Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzarkide izan zen bi legegintzaldietan (1983-1987 eta 1987-1991). Lehenbizikoan, Ingurumen, Ur eta Saneamendu Batzordeko lehendakari ordea izan zen. Ondorengo urteetan, Eli Galdos jeltzalea Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusia zelarik (1991-1995), Azpiegituretako diputatua zen Roman Suduperen aholkularia izan zen Artola; Leitzarango autobidearen gaia bete-betean egokitu zitzaion orduan.

Lan munduan, Labordeko langilea izan zen, eta 70 hamarkadaren amaieran handik irten eta zerga-aholkularitzara bideratu zuen bere lan ibilbidea. Geroztik, Andoaingo Udaleko langilea ere izan zen urtetan, obra eta zerbitzuetako buru hain zuzen. 1991ean udal zinegotzi izendatu zutenean, utzi egin behar izan zuen udal lanpostu hori.

Artolak Mikel Arregi lankide izan zuen alderdikide izan zuen udalgintzan 1991-1995eko legealdian. “Gizon osoa, zentzuduna eta jantzia”, hitz horiekin definitu du Arregik Artola. “Udalgintzan maisua izan zen zinegotzi bezala hasi ginenontzat, bere ondoan asko ikasi genuelako. Herriko gai eta gora beherekin kezkatzen zen herrikidea zen. Gaur egun nekez ikusten den politiko klasekoa zen; pentsatzen zuena adierazteko ez zeukan erreparorik edukitzen. Gogoko zuen diferente pentsatzen zutenekin, eta ikustekoak izaten ziren, benetan, alkatearekin zein beste alderdiko ordezkariekin pizten zituen eztabaidetan, zer nolako argudio eta ateraldiak erabiltzen zituen”.

 

Andoaingo hiri eta landa-gunearen ezagupen handikoa

Juan Mari Artolak bikain ezagutzen zituen Andoaingo hiri antolamenduko gora beherak ez ezik, baita ere ingurune eta landa guneak. Alde horretatik, aipatzekoa da jakintza horren adibide gisa, nola berak eragin zuen Andoaingo Udalak Donostiako Udalari 2017an mugarriztatze edo deslinde berri bat 2017an eskatu ziezaion, Sorabillako auzoan, Abalotz erreka ondoan dagoen lur sail bati lotuta. Triangelu forma dauka lur sailak, Zubieta eta Andoainen artean dago, eta kasik 11 hektarea dauzka. Artolak, idatzi zuenez, bi udalek elkarrekin zuzendu beharra zeukaten egungo plano topografikoek oker markatzen duten lur sail hori.

Andoaingo Udalak bere egin zuen eskaera hori, eta Josetxo Maraña idazkaria zenak dokumentu historikoez hornitutako txostena egin zuen. Era horretan, Ana Carrere alkateak, aipatu idazkariak eta Udal artxiboko arduradun Karmele Otaegik Eneko Goia Donostiako alkatearekin bilera eduki zuten 2017ko apirilean. Eskaerari ezezkoa ematea izan zen Donostiako Udalaren erantzuna, aurkeztutako agiri historikoen kontrako interpretazioa egin ostean. Egun, auzia Aldundiaren esku dago, Andoaingo Udalak mugarriztatzeari buruzko batzordea osatzea eskatu baitzion.

 

Herri kirolen sustatzaile

Arlo asko ukitu zituen Artolak, eta herri kirolen maitale sutsua zenez, aipatu behar da kirol horien Federazioko sustatzaileetako bat ere izan zela hamarkadetan. Epailetza lanak hartu zituen lehiaketa eta apustu ugaritan, eta 60. hamarkadan, funtsezkoa izan zen bere ekarpena herri kirolak modernizatzeko bidean; herri kirolek premia-premiazkoa zuten arautegia osatu zuen, Jose Ramon Aretxabaleta Aretxa I harri-jasotzailearekin batera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!