Dabid Argindar, frontoiak erretratatzen dituen argazkilaria

Dabid 'Paretaren mintzoa' proiekturako argazkiak egiten. © KIPULA STUDIO

Dabid Argindar Argazkilaria

'Paretaren mintzoa' proiektuak begirada asko erakarri ditu sare sozialetan. Izan ere, frontoiak leku bereziak izan daitezkeela erakutsi du Euskal Herritik atera dituen argazkien bitartez

Dabid Argindar jaiotzez donostiarra da, baina duela 15 urte Andoainera etorri zen bizitzera. Gaztetatik argazkilaritza gustuko izan du eta, egun, goi mailako argazkilaria da; elite mailako futbol eta pilota partidetan, eta zaldi lasterketetan aritzen da argazkilari. Horrez gain, web orriak diseinatzen eta egiten ditu. 

Azken aldian, zenbait proiektutan murgilduta dabil; beste batzuen artean, 'Paretaren mintzoa', pilotalekuen argazkietan oinarritzen den proiektua, edota zaldi lasterketei buruzko web orria. Horrez gain, esku pilotari buruzko "La increÌble historia de la pelota vasca" liburuaren egikaritzan parte hartu du, Santiago Lesmes idazlearekin batera.

Pilotaren munduarekin harreman  estua duzula nabari da...

Pilotazalea naiz, betidanik gustatu izan zait, baina egia da Asperekin lanean hasi nintzenean pilotari gustu handiagoa hartzen hasi nintzela. Hasiera batean, pilota txapelketetako finaletan hasi nintzen argazkilari gisa lanean, baina denborak aurrera egin ahala, partidu gehiagotara joaten hasi nintzen. Beraz,  pilota munduarekin lotuta betidanik egon naizela esan daiteke. Nire lanak aukera eman dit pilota munduan murgildu eta gehiago jakiteko.

Nolatan hasi zinen Euskal Herriko frontoiei argazkiak ateratzen?

Betidanik piztu didate arreta pilotalekuek. Frontoietan denetarik egin izan dugu,  besteak beste, bazkariak, afariak, bertso-saioak, parrandak..., eta beti izan da herriaren muinoa edo erdigunea, hau da, jendearen elkarlekua. Horrez gain, Oteizari irakurrita, hauen espazioak eta berezitasunak harrigarriak iruditzen zaizkit. Hala eta guztiz ere, frontoien argazkilaritzan 2013an murgildu nintzen; Urbasara joan nintzen elurra ari zuenean eta bat-batean pilotaleku bat aurkitu nuen mendiaren erdian, guztiz elurtua. Orduan, autoa gelditu eta argazkiak ateratzen hasi nintzen. Garai hartan ez nuen argazki seriea eginda, baina orduz geroztik frontoiak ikusten ditudanean mementoa erretratatzen saiatzen naiz.

Hau guztiaren ostean, pelotamano.com web orria egiten hasi nintzen, eta, beraz, argazki gehiago atera behar izan nituen. Web orriaren harira lan eskaintza gehiago sortu zitzaizkidan, esaterako, Astore arropa markarentzat. Horrez gain, argitaratu berri den pilotari buruzko liburu baterako argazkiak eskatu zizkidaten. Gauzak horrela, lana eta argazkiak uztartu nituen, eta oraingoz, 1000 argazkitik gora atera ditut.

Lurralde konkretu bateko frontoien argazkiak soilik ateratzen al dituzu?

Euskal Herri osoko frontoien argazkiak ateratzen ditut. Oraingoz, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko frontoi askoren argazkiak egin ditut. Araban ere argazki batzuk egin ditut eta, batez ere, Bizkaia falta zait. Esan beharra dago, Euskal Herria frontoiez josita dagoela, eta ez dela batere erraza berezitasunak dituzten pilotaleku guztiak bilatu eta erretratatzea.

Esanak esan, ez ditut frontoi guztien argazkiak egiten; hau da, informazioa bilatzen dut eta deigarriak iruditzen zaizkidan pilotalekuen irudiak jasotzen ditut. Adibidez, Azpilikuetako (Baztan) frontoia izan da gehien erakarri nauen frontoietako bat, baina asko daude. Ez nizuke bakarra esango, bakoitzak bere xarma baitauka.

Nola topatzen dituzu pilotalekuak?

Hasiera batean nire kabuz topatzen nituen. Ondoren, informazioa jasotzen hasi nintzen, esaterako, frontons.net webgune frantsesean. Horrekin batera, jendeak ere informazio asko helarazten dit, proiektua aurrera ateratzeko. Ahoz ahokoa garrantzitsua da eta pilotazaleek nire proiektuaren berri izan zutenean nirekin kontaktuan jartzen hasi ziren.

Zer egingo duzu horrenbeste argazkirekin?

Asmoa liburu bat plazaratu edo erakusketa bat egitea da, baina ez dut oso argi. Gauzak ondo egin nahi ditut. 

Agian ez dut soilik liburua argitaratu nahi, hau da, pilotak frontoi bakoitzean egiten duen soinua helaraztea polita litzateke. Azken finean, frontoi bakoitzak bere soinua eta berezitasunak ditu, eta hori transmititzen saiatzen naiz nire argazkien bitartez.

Irudiak:
www.argindar.com

Elkarrizketa osorik, Aiurri aldizkariaren 563 zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!