San Juan eguna Andoain 2020

San Juan jaietako bertso saioa

Xabier Lasa 2020ko eka. 24a, 19:12

Punttuka bertso eskolakoen eskutik, aurten ere San Juan jaietako bertso saioa egin ahal izan da. Modu telematikoan, hori bai, gaurkoan ikusgai ipini duten bideoan. Prebentzio neurriak zirela eta, zuzenean ikusteko 30 lagun elkartu ziren soilik.

Miren Amuriza, Amaia Agirre, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Ion Beloki eta Aitor Mendiluzek San Juan egunean tradizio bilakatu den bertso saioa osatu zuten, joan zen ekainaren 13an. Punttuka bertso eskolako Unai Ormaetxea gai jartzaile lanetan aritu zen. Saioa bideo bidez ikus daiteke, eta zuzenean soilik 30 lagunek ikusteko aukera izan zuten.

Hona bertso aldietako bat. Gaia: “2020ko ekaina da. Andoni Egaña hil egin zaigu. Andoni, hau zure hileta eguna da, eta adiskiderik fidelenak azken agurra ematera etorri zaizkizu. Lagun bakoitzak bizian inoiz aitortu ez zizun hori adierazteko aukera edukiko du. Ondoren, Andonik (bizirik balego), erantzungo liekeena entzungo dugu".

GAIA JARRITA:
ANDONI HIL ZAIGU

Aitor Mendiluze:

Joan da Andoni, gure Andoni,

beti osasun juxtuko.

Ospitalean nola etzuen ba

zigarro hori piztuko.

Poz bat badaukat, txikia baina,

ezin egin diot uko:

behingoagatik argazkietan

ez gaituztela nahastuko (bis)

 

Andoni Egaña:

Azken agurra entzun Aitorri

eta nola ez berotu!

Nere zigarro ta gure antza

bidatu horiexei lotu

Esango nuke, ai! Mendiluze:

erotu al haiz, erotu?

Nik txapelketan inoiz ez nian

bigarren posturik lortu (bis)

 

Ion Beloki:

Ai! gure Andoni gaurko honetan

joana zaigu zuloa

parranda askotan jende askori

kendua diozu loa.

Nahiz ta batzutan nei iruditu

zu zarauztar txuloa,

txikitatik zu izan zinen

bertsotako idoloa (bis)

 

Andoni Egaña:

Bere idolo izan nintzela

pozgarria da puñeta!

Parrandero ere deitu ez dit bat

horri ipiniz arreta!

Arrazoi dauka, jende askorekin

nabil edan ta erreta.

Baina lorikan ez det lapurtu,

norberak egiten du eta (bis)

 

Maialen Lujanbio:

Lehen nik lehenesten zintudan

Jainko haundien antzera.

Gero errespetu gehiegizkoa

ta egiten nuen atzera.

Gero inbidia ere izan nizun,

zu beti onena zera.

Ta azkenik lagun zintudanean

zu, jata, hil egin zera (bis)

Andoni Egaña:

Nunbait miretsi egiten nindun

nerabe zela hasteko.

Begirunea sortuaz gero

ene zenbat errespeto!

Azkenerako laguna nindun,

enuen asko usteko.

Ene, Maialen hori jakinda

ni kapaz naiz berpizteko (bis)

 

Amaia Agirre:

Barra ertzean maiz izan zera

patriarkatu noblea.

Gai jartzen zera, Amaia, artista,

a ze nolako lorea!

Eta bertsotan bueno, ba, hortxe

ezin zera aztu ordea.

Zu ere bizirik oso ona zinan,

hilda askoz e hobea (bis)

 

Andoni Egaña:

Esaten nizun gai jartzailetzan

hoberik ez da aukeran.

Eta bertsotan, bueno, hola hola,

zeuk aitortu dezan eran.

Nola mikroan zorionean

den-denok aldatzen geran,

salto txiki bat sumatu nizun

nere heriotza bezperan (bis)

 

Miren Amuriza:

Saio ostean kotxea hartuta

banindoan ipurterre.

Andonik, lasai, esaten zidan,

ez etxeratu haserre.

Galdetu gabe enion uzten,

lengoetatik ezerre.

Baina enitzen ausartu esaten

nire kotxean ez erre (bis)

 

Andoni Egaña:

Sekula ere esan gabea

Mirenek hor utzia, tak!

Pentsatzen nuen hik zigarroa

burmuinetan bertan daukak!

Salpikadero gainetik, aizu,

kenduko al dituzu hankak?

Ni erretzaile bilakatu nau

besteren ausardi faltak (bis)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!