Ana Jesus Altuna gogoan

Xabier Lasa 2020ko uzt. 3a, 09:52

Aita Larramendi ikastolako irakasle lau hamarkadatik gora izandakoa, Ana Jesus Altuna Gorrotxategi ekainaren 23an hil zen, 71 urte zituela. Irakasle eta pertsona gisa erakutsi zituen aparteko ezaugarriengatik hartu dute gogoan lankide ohi, ikasle ohi eta gurasoek.

Valentin Diez zen bere senarra, eta Eneko eta Izaskun bere seme alabak. Ekainaren 25ean, bere senide eta gertukoek azken agurra eskaini zioten San Martin parrokian.

Ana Jesus Altunak 1968an ekin zion irakaskuntzari irakasle gisa, 19 urte zituela. Aita Larramendi ikastola legez onartu gabeko ikastetxea zen diktaduraren sasoi hartan, eta auzoz auzo eta egoitzaz egoitza ibili beharreko eskasiak ezagutuz joan zen zailtzen irakasle gisa. 2009an, berriz, erretiroa hartu zuen, Alfredo Kamio eta Gurutz Ikutza beste bi irakasle beteranoekin batera. Guztira, 40 urtetik gora euskarazko irakaskuntzari eskainitakoak.

Ana Jesus Altuna definitzeko eskatuz gero, bokazioa, goxotasuna, errespetua, umiltasuna, pazientzia, gertutasuna..., ezaugarri horiek eta antzekoak aipatzen dituzte bere lankide izatea urtetan egokitu zaien irakasleek. Bere ikasle izan ziren makina bat belaunaldiek ere antzera mintzatuko dira ziurrenik.

Bertute horiek eguneroko irakaskuntzan txertatzen jakin zuela adierazi du Josune Orbegozo, bere lankide ohietako batek. “Irakasle gisa, guztiok izaten ditugu egun txarrak; lehertzeko zorian jartzen zara eta ikas-gelatik irtetean saiatzen zara barruak husten.  Jolas orduak, adibidez, ondo etortzen zaizkigu arnas hartzeko. Bada, Ana Jesusek denbora libre hori erabiltzen zuen arazo edo zalantzaren bat zeukaten ikasleekin egoteko, edo besterik gabe, kontu-kontari aritzeko. Goxo-goxoa zen tratuan, bazekien gertutasuna transmititzen, eta ikasleak amatxo baten antzera hartzen zituen; bere ahotik nekez irtengo zen errietarik edo purrustadarik. Izaera baikorra berarekin eduki zuen beti emakumeak”.

Errespetuaren eta pazientziaren ezaugarriak erantsi ditu Arantxa Iartzak, Ana Jesusen beste lankide ohietako batek. “Azken aldian hezkuntzan hainbeste zabaltzen ari den aniztasunaren trataeraren kontzeptua Ana Jesusek betidanik garatu zuen, modu naturalean garatu ere. Ikasleek dituzten ezaugarriak onartzea eta errespetatzea, alegia, egokitzea ikasle bakoitzaren egoerara, gaitasun eta zailtasunetara… Eta horretarako, primeran dator berak zeukan pazientzia”.

Ikasgaiekiko praktikotasuna maitasun handiz lantzen zuela adierazi du Arantxa Iartzak. “Egunerokotasunean eta herritartasunean zeukaten gauzekin mimo berezi edukitzen zuen. Esate batera, Pello Esnal idazle andoaindarraren Malkos ipuin liburua asko erabiltzen zuen klaseetan; bertan, Andoaingo pertsonaje eta leku ugari ageri baitira mozorrotuta, eta berak identifikatu egiten zizkien; era horretan, irakurketa ez ezik, geure inguruarekiko interesa piztea ere lortzen zuen”.

Ana Jesus Altunak Txistokiko pasealekuko ikastolaren egoitzan egin zituen azken urteak, euskara eta gaztelerako ikasgaiak, eta batik bat plastika, jorratuz. Oso iaioa zen esku lanetan, Iartzak ziurtatu duenez. “Gabonetan antzerkia antolatzen zuen ikasleekin, eta ikusgarriak izaten ziren presatzen zituen dekoratuak, paperekin eta marrazkiekin”. Ikasgai horretan landu zuen, modu berezian, gaiekiko interesa ikasleengan pizteko zeukan trebezia. Horrela, ikastolatik igaro diren belaunaldi askok, mutilek batik bat, ikastolako bizialdia Ana Jesusek eskaintzen zieten plastikazko orduarekin identifikatzen dute, berarekin ikasi baitzuten botoiak eta kremailerak josten, puntua egiten…

1974-1975. Ikasturtea

Ana Jesus Altuna, 1974-1975 ikasturtean, Aita Larramendi Ikastolako 2. eta 3. mailetako ikasleekin. Gelak falta zirela eta, 70eko hamarkadan, bolada batean, Ikastolako zenbait ikas-taldeek La Salle ikastetxeko geletan ikasi zuten. Atzean, Angel Alkain, Imanol Huizi, Jon Etxeberria, Inaxio Etxezortu, Patxi Kastro, Rikardo Arrieta, Ander Garmendia eta Gema Arratibel. Erdiko lerroan: Xabier Lasa, Aitor Alkain, Dani Arizala, Juan Joxe Elizondo, Pedro Artola, Arantxa Urtasun, Juantxo Omeñaka, Ane Usarralde eta Celso Capdequi. Lehen lerroan: Arantxa Zabala, Patxi Irulegi, Lurdes Rodrigez, Amaia Areso, Garbiñe Usarralde, Xebas Goia, Juankar Erasun, Xabier Garaikoetxea, Joxean Letamendi eta Ixiar Audikana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!