KALETXIKITARRON JAI BATZORDEAK JAIEN BALORAZIOA EGIN DU
"Maiatzaren amaieran jakin genuenean Ontza Elkarteak bertan behera utziko zuela aurtengo auzoko jaien antolaketa, segituan hasi ginen Kaletxikitarron jaiak izango ziren egitarau xumea prestatzen, beti ere kontuan izanda bizi dugun egoera eta ezin genituela alde batera utzi segurtasun- eta osasun-neurriak.
Antolaketa-lanekin hasi baino lehen, azterketa bat egin genuen jakiteko nola gauza genitzakeen festak neurri guztiak betez. Behin azterketa hau egin ondoren, eta ikusirik La Salle Berrozpeko patioarekin eta Berrozpeko Kaperarekin kontatzen genuela, aurrera egitea erabaki genuen. Garbi genuen urteroko sagardo txapelketa, txosna-gunea eta hainbat ekitaldi ezin izango genituela antolatu, baina posible ikusten genuen, konfinamendu garaian lortu dugun auzo-giroa eta auzo-elkartasunetik abiatuta, Kaletxikiko alaitasuna eta zoriontasuna lau haizetara zabaltzea. Santa Krutz jaiak oso arrakastatsuak izan ziren, izugarrizko lana egin zuten dena online egiteko, eta eredu moduan hartu genituen. Baina egoera desberdinean ginenez, momentu honetan zerbait gehiago egin genezakeela ikusten genuen.
Beharrezkotzat jotzen genuen, gainera, kulturak eta herriko hainbat komertziok eta taldek merezi eta behar zuten babesa eta bultzada ematea. Ildo horretatik, herriko merkatariek bizi duten egoera dela-eta, ez dugu beraiengana jo diru eske, ez baikenuen ikusten bizi duten egoeran diru eske joan behar genuenik; iruditzen zitzaigun guk gerturatu behar genuela beraiengana gastua egitera. Hau horrela, ez ohikoa den neurri batzuk hartzera behartuta egon gara: jaien barruan antolatuta zeuden ekitaldi batzuetan parte hartzeko edo hauek ikustera joateko jendeak sarrera sinboliko bat ordaindu behar izan du, jaiak autofinantzatuak izan baitira sarrera hauen eta auzotarren artean.
Halaber, jaiak aprobetxatu ditugu omenaldia egiteko pandemia garai honetan lehen lerroan egon diren eta dauden langileei, pregoia San Juan Bataiatzailea aitona-amonen egoitzako langileen ardura izan baitzen eta larunbat goizean omenaldi txiki bat egin baikenien.
Hau dena ezingo litzateke aurrera eraman auzo osoaren eta herriko talde ezberdinen laguntzarik eta inplikaziorik gabe. Nolanahi ere, jai hauek antolatzeko orduan ulertzen ez ditugun hainbat egoera jazo dira eta tristea bezain harrigarria izan da hainbat eragilek eta taldek eragin duten presioa. Laguntzarik eskaini ez eta oztopo ugari gainditu behar izan ditugu. Aitzitik, hasieratik lagundu eta euren babesa eskaini diguten guztiei eskertu nahi diegu, izan duten jarrera baikor eta aurrerakoiagatik. Denborak erakutsi du ilusioz, gogoz eta irudimenarekin, eta, aldi berean, zuhurtziaz eta erantzukizunez, neurri guztiak betetzea posible dela eta auzoak eta herria bizi-bizirik eduki daitezkeela!
Esker bereziak eman nahi dizkiegu Aiurriri, bere babesagatik eta jaiei egindako jarraipenagatik; Andoaingo Bertso Eskolari (Ion eta Beñat Beloki, Jon eta Aritz Eskudero, Unai Ormaetxea, Xabier Aranzeta eta gai-jartzaile lanetan aritu zen Xabier Ariznabarreta); Irunberri Elkarteari; Estitxu Sistiaga, Maider Zapirain eta Mikel Urdagarini; Andoaingo Olagain Txistulari elkarteari; Nemux-i; Montai enpresari, aulki eta mahaiak uzteagatik; Ontza Elkarteari danborradako danbor eta kupelak uzteagatik eta, nola ez, oso bereziki, La Salle Berrozpeko komunitateari eta Berrozpeko Jesusen Alabei, beraiek gabe hau dena ez bailitzateke posible izango.
Ezin dugu aipatu gabe utzi kaletxikitar guztiek eta bertaratu diren herritarrek osasun- eta segurtasun-neurriak errespetatzeko egin duten ahalegina eta erakutsi duten konpromisoa.
Datorren urtean ohiko jai-egitaraura itzuliko garelakoan,
GORA KALETXIKI!
GORA AMA KANDIDA!".