Saio bikaina jaietan, baliabide murritzekin

Xabier Lasa 2020ko uzt. 10a, 10:59

Bakartxo eta Josebaren dantza eskolak salbuespen egoeran ospatutako San Jaietan parte hartu zuen taldeetakoa izan zen. Erakustaldi ederra emanda, gainera. Txalotzekoa da, gainera, bideoen ekoizpenaz arduratu zirela ere.

Andoaingo Udalak ekainaren 23an eta 24an internet bidez zabaldutako ospakizun digitalaren protagonistetakoa izan zen Bakartxo Arabaolaza eta Joseba Pagolaren dantza eskola. Herriko kultur talde guztien artetik euren saioa grabatu eta ekoiztu zuen bakarra izan zen. Euren baliabide propioekin gainera, inoren finantziaziorik gabe.

Ekainaren 24ko emanaldiaren azken zatian ikusi liteke ikuskizuna, Udalak Youtuben eskegi duen bideoan. “Birusa musikarekin eta dantzarekin akabatuko dugu” lelopean, ia ordu erdia irauten duen ikuskizunean zehar, honako dantzariek parte hartu zuten: Bakartxo eta Joseba tangoa eta milonga erakustaldia eginez; eskolako haur eta gazteak erritmo urbanoko dantza garaikidea eskainiz; Mikel Alvarado eta Marta Oteiza salsa saioa eskaintzen, eta, Marta Oteiza eta Ibane Amigot Hip-hop eta Afrohouse doinuen erritmora dantza eginez.

Andoaingo leku desberdinetan grabatu zituzten dantza saioak, Goikoplazan, Unanibia zubian, Nafarroa plazan, eta baita Ama Kandida etorbidean dagoen dantza eskolako egoitzan. Haur eta gazteen dantza saioak, berriz, nork bere etxean grabatutako piezekin osatu zituzten.

Euren kabuz eginiko ekoizpen landua

Bakartxo Arabaolazak jaietarako egindako lanaren xehetasunak eskaini ditu. “Osasun krisialdia zela-eta, eskola itxi behar izan genuen martxoan, eta geroztik irakasleok zein ikasleek geure arteko harremanak etenda geneuzkan. Hortaz, oso zaila geneukan Udalak Ondarretako jolas lekuan prestatutako grabazioetan parte hartzea, horrek aurrez entseguak egitea eskatuko bailiguke. Baina bestalde, San Juan jaiei begira ezer ez egiteak ere ez gintuen batere konbentzitzen, eta hortaz, geure kabuz ekitea erabaki genuen”.

Koronabirusa iritsi bitarte, Bakartxo eta Josebaren eskolak San Juan jaietan dantza estilo anitzez osatutako ikuskizun dotore eta maila handikoa eskaini ohi zuen Goikoplazan.

Urtez urte makina bat ikusle erakarri izan dituen ekitaldia da, eta gauzak horrela, aurten ez zuten hutsik egin nahi izan.

Baliabaide murritzak, emaitza bikaina

Muntaia osatzerakoan oso bitarteko murritzekin jokatu dutela aitortu du Arabaolazak: “Lagun bati bideo kamera on bat eskatu ondoren, Joseba Pagola eta Marta Oteiza irakasleak aritu dira grabazioak egiten; azken batean, batak zein besteak, dantzarien, grabatzaileen eta ekoizleen lanak egin dituzte”.

Nolanahi ere oso pozik agertu dira lortutako emaitzarekin, “are gehiago ikusita zein baldintzetan egin dugun, hots, bideo grabazio lanetan geu kamera soil batekin aritu garela eta guztia bizpahiru egunetan. Ikusi duten askok aitortu digute ikuskizun polita eta kalitatezkoa eskaini dugula”.

Datorren ikasturteari begira, itxaropentsu agertu dira, pentsatuz eskolak ateak egoera normalizatu batean ireki ahal izango dituztela. Berriz ere tangoa, salsa, funky, hip-hop edo eta bachata dantza estiloak eta gorputz mugimenduak landu nahi dituzte, askoren gozamenerako izango diren ikuskizunak eskaintzen jarraitzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!