Kulturartekotasuna indartzeko artelanak

Jon Ander Ubeda 2020ko uzt. 11a, 10:00

Andoaingo Joakin Larretan ikusgai dagoen muralaren atzean kulturartekotasuna zabaltzea helburu duen egitasmoa dago. Bost artelan landu zituzten beste hainbeste artistek, eta horien artean babes handiena jaso duen proposamena mural bilakatu da.

Andoaingo Ongi Etorri Eskolara ekimenak eta Udaleko Gizarte Zerbizuen sailak kulturartekotasuna sustatzeko "Lamiak eta Lloronak" egitasmoa abian jarri zuten, ekainean. Herriko artista ezberdinei artelan bana egitea eskatu zieten, eta hainbat egunez ikusgai izan ziren zinema karteldegia iragartzeko baliatzen diren kristalezko paneletan. Ekimenean parte hartu zuten artistak hauexek izan ziren: Ainhoa Marquez, Eduardo Arreseygor, Olaia Zapiain, Itziar Gutierrez, Iñaki Gozalo Wentxi eta Juanan Lazkano. Bitartean, artelan horietako bat mural batean txertatzeko bozketa abiarazi zen. Udalak aurreko astean eman zuen bozketaren emaitzaren berri. 124 parte-hartzaile izan dira, denera. Horietatik, 116ek QR kodigoaren bitartez bozkatu dute, eta zortzik paper bidez. Zozketaren bi irabazleak Kiara Espinoza eta Omar Osorio izan dira, eta uztailaren 31ra arte edukiko dute 150 euroko erosketa bono bana gastatzeko tartea.

Bozketa horren arabera, babes handiena jaso duen artelana Olaia Zapiainena izan da. "El duende" izeneko artelana da, eta horixe izan da Mikel Herrero grafitigileak Joakin Larreta kalean margotu duena.

"El duende" Olaia Zapiainen lana

Ongi Etorri Eskolara egitasmoaren parte hartzaileetakoa izan zen Olaia Zapiain ilustratzailea, eta berea izan da lan guztien artean nabarmendu dutena. "El Duende de Honduras" izena ipini zion lanari, Claudia Perazak inspiratuta.  Obra hori, aurrerantzean, mural bilakatu da. Mikel Herrero grafitigilearen ardura izan da, Joakin Larreta kalean ikusgai dagoena. Olaia Zapirainen lan gehiago Aiurri hamaboskarian ikus daitezke. Berea baita erreportajea osatzeko ilustrazioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!