derik handienetakoa da Buruntzaldea IKT. Zenbat kide biltzen ditu?
Eskualdean igeriketa talderik handiena Buruntzaldea IKT da. Usurbilen igeriketa talde bat zegoen, baina arazo ezberdinen ondorioz desagertu egin zen; saiatu ginen bertako igeriketa taldearen kudeaketa eramaten, baina ez genuen aurrerapausorik egin. Hernanin ere igeriketa talde bat dago, baina txikiagoa da, 40 lagun inguru biltzen ditu. Buruntzaldea Igeriketa Taldeak, berriz, 140 igerilari ditu. Hortaz, eskualdeko talderik handiena gara, bai.
Noiztik ari zara lanean Buruntzaldea igeriketa taldeko arduradun gisa?
Buruntza Igeriketa Taldean 2011-2012 denboraldian hasi nintzen. Hasiera batean entrenatzaile lanak egiten nituen soilik; garai hartan Buruntzaldeako zenbait entrenatzailek taldea utzi zuten eta nik neuk ere, aldaketa bat behar nuenez Lasartera gerturatu nintzen. Urte haietan, taldea sendotzen eta batzen saiatu ginen, irteerak eginez edota bestelako entrenamenduak sustatuz. Esan beharra dago, entrenatzaile gisa hasi nintzenean Buruntzaldea Igeriketa Taldea soilik Lasarten zegoela.
2012-13 denboraldian mahaigaineratu nuen Andoainen ere lan egin behar genuela, azken finean, jatorrian bi herriak talde berean zeuden. Arrazoi jakin batzuengatik banatu zen taldea berriro ere elkartu behar zela pentsatu nuen. Gauzak horrela, denboraldi horretan bertan Andoaingo igerilariekin lanean hasi ginen.
Urte guzti hauetan entrenatzaile lanetan aritu naizen arren, urtetik urtera ardura gehiago edukitzen hasi nintzen. Taldea sendotzen eta indartzen saiatu naiz urte guzti hauetan.
Igerilariek emaitza onak lortu zituzten pasa den denboraldian...
2012tik aurrera urtero egon dira taldeko igerilariak Espainiako txapelketetan, eta 2013an lehen domina irabazi genuenetik emaitza oso onak lortu ditugu. Horrela, emaitzei dagokionez, Espainiako txapelketan, zenbait frogatan onenen artean aritzeaz gain, 2017-2018 denboraldian bi taldekidek naiozarteko mailara jauzi egin zuten, besteak beste, Ainhoa Martinek eta Nahia Zudairek. Lehena, Espainiako selekzioarekin Erroman lehiatzen aritu zen; bigarrena, igeriketa egokituan maila oso altua erakusten ari da, eta Europako txapelketetan eta nazioarteko beste zenbaitetan parte hartu du. Tokyoko paralinpiar jokoetan parte hartzeko aukera izan zezakeen aurten, baina bizi izan dugun egoeraren ondorioz bertan behera geratu da, eta jokoak 2021era luzatu dira.
Esanak esan, aurreko denboraldian Ainhoak eta Leirek Terrasan Espainiako Absolutuan hainbat domina irabazi eta Euskadin errekorrak lortu zituzten. Egia esan, Estatu mailan dauden taldeen tamainarekin alderatuta txikiak gara; txikitasun horretan, aldiz, maila oso altua erakusten ari gara.
Datorren ez-ohiko denboraldia nola antolatzen ari zarete?
Geuk egin dezakegunaren baitan, datorren denboraldia normaltasun teoriko baten barruan antolatzen ari gara. Kontaktua mantentzen dugu Lasarteko eta Andoaingo kirol zerbitzuekin eta, beraz, badakigu egoera zein den. Ikusi beharra dago egoera nola garatzen den, eta horren arabera egokitzapenak egin beharko dira.
Taldekideek zalantzak edo kezkak azaldu dizkizue?
Inork ez digu gaiarekiko galderarik egin, baina nik esango nuke gizarte bezala guztiok ditugula zalantzak eta kezkak. Egungo egoera ikusita, oso zaila da bi hilabeteetara zer gertatuko den jakitea. Hortaz, guztiok ditugun zalantza horiekin egin dezakegun bakarra normaltasun teoriko batean pentsatzea da. Edozer gauza jazotzen dela, guraso zein taldekideekin komunikazio zuzena mantenduko dugu.
Zein neurri hartuko dituzue higienea eta segurtasuna bermatzeko?
Gipuzkoako Igeriketa Federazioaren bitartez jasotzen ditugu Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak. Udal instalazioetan lan egiten dugunez, kirol zerbitzuen arautegia bete beharko dugu. Horrez gain, protokoloak sortuko direla pentsatzen dut igerilekuko instalazioei dagokionez.
Horrekin guztiarekin, taldean geuk hartutako segurtasun neurriak ezarriko ditugu. Esaterako, norberaren materiala erabiliko da; igerilarien artean ere gutxieneko tartea errespetatu beharko da, horretarako, kaleetako kokapen sistema ezberdina baliatuko dugu. Gutxieneko neurri horiek biltzen dituen protokolo bat egingo dugu.
Gehitu beharra daukat, igerilekua bera nahiko leku desinfektatua dela, eta egia esan, beste edozein kirol instalazioetan baino garbiketarako joera eta ohitura askoz ere handiagoa dagoela. Nire ustez, arazoa aldageletan egonen da, izan ere, igerilekuetako aforoa aldagelek baldintzatuko dute; hau da, aldagelak erabiliko dituztenen kopuruak baldintzatuko dute uretan zenbat pertsona egongo diren. Andoaingo igerilekuak aldagela asko dituela esan genezake, eta, beraz, jokatzeko aukera handiagoa ematen du. Nik zentzu horretan arrisku gutxiago ikusten dut. Lasarteko igerilekuari dagokionez, berriz, konplexuagoa da. Aldagela bana dute emakumezkoek eta gizonezkoek, hortaz, iraileko egoerak asko baldintzatu dezake igerilekuko aforoa.
Izena ematek epea hilak 19ra arte
Buruntzaldea Igeriketa Taldekoak 2020/2021 denboraldia antolatzen hasi dira, eta zenbait aldaketa egingo dituzte. Lehenik eta behin, kluberako sarbidea erraztu nahi izan dute, eta bigarrenik, maila handiagoko entrenamenduak eskaini nahi dituzte.
2011 eta 2012. urteetan jaiotako haurrek bi entrenamendu egun edukiko dituzte, 17:00etatik 18:00etara, eta egunak aukeran izango dituzte.
Bestalde, 2009ko haurrek eta 2008ko gazteek astelehen, asteazken eta ostiraletan egingo dituzte entrenamenduak, 18:00 eta 19:15 bitartean; baina nahi duenak 4 edo 5 egunetan entrenatu ahal izango du.
Izena emateko aukera egonen da Buruntzaldeako webean. Informazio gehiagorako 696 506 632 mugikor zenbakira deitu edo info@buruntzaldeaikt.eus posta elektronikoaz mezua bidali.