Andoaingo EH Bilduk botoetan garaipen argia lortu du. Boto protzentaian, ordea, argiagoa da garaipena. 2016ko datuekin erreparatuta %10,7ko igoera izan du, Gipuzkoako igoerarik handienetakoa izanik. EH Bilduren baitan Ordizia eta Andoain izan daitezke igoera handiena izan duten Gipuzkoako bi udalerriak. Andoaingoa behintzat Arrasate, Bergara eta Beterri-Buruntzako datuen gainetik dago, nabarmen. Eta aipaturiko herrigune horietan EH Bilduko emaitzak onak izan dira.
EAJ-PNVk boto asko galdu ditu Andoainen eta Urnietan. Eskualdeko datuak aztertzen hasita portzentaian igoera txikiena Urnietan lortu du eta boto galera handiena Andoainen. 1800 bototik gora lortu zituen EAJ-PNVk Andoainen, 2012an eta 2016an. Atzokoan 300 bototik gora galdu zituen, 1500era jaitsiz.
PSE-EEren kasuan, eskualdean boto galera handiena Lasarte-Orian izan du. Portzentaiari begira, igoera apalena Urnietan izan du. Andoaingo sozialisten emaitzan, ordea, bada analisirako datua. 2012tik hona, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoen erdia galdu du. 2012an 1836 boto lortu zituen, 2016an 1077 eta 2020an 913. Azken 25 urtetako hauteskundeen emaitzei erreparatuta, atzokoan PSE-EEk inoizko emaitzarik txarrena lortu zuen. Bitan bakarrik jaitsi da 1000 botoen langa horretatik, eta azken aurrekoa 2014ko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan izan zen (923 boto).
Galerarik handiena, oraingoan, Elkarrekin Podemos alderdiarena izan da. Ez du beste hiru alderdiek duten tradizio eta oinarri historikoa, eta panorama politikoan egonkortzeko arazoak ditu. Andoainen botoetan eta portzentaian galera handiena izan duen alderdia da.