Hilario Ugalde, grinari eusten dion herritarra

Xabier Lasa 2020ko uzt. 26a, 08:00
Gaztetan Ugalde ez zen geldirik egotekoa izan, eta pilotari, futbolari eta dantzari gisa aparteko grina erakutsi zuen.

Hilario Ugaldek Andoainen bizi den billabonatartzat dauka bere burua. Oinkariko dantzari eta Behar Zanako erreboteko jokalari ohia izanik, umorez dio irabazia daukala billabonatartasunaren titulua. Erretiroa hartuta bizi da egun, akabo iraganeko buruhausteak merkatari gisa.

Hilario Ugalde Odriozola (Villabona, 1958) orain 23 urte heldu zen Andoainera, “Villabonan jaio eta hazi nintzen eta bertako bizimodura errotuta bizi izan nintzen ia lau hamarkadatan. 1983an ezkondu eta bertan bizitzen jarri ginen emaztea (Josune Ansa) eta biok. Baina hiru seme-alabekin familia osatu eta laster, egokiena Andoainera etortzea izango zela ohartu ginen; izan ere, emazteak Andoaingo botikan lan egiten zuen, eta eguneroko martxan familiatik lau kide bertara etortzen ziren egunero. Horrela ezin genuen jarraitu, niri zegokidan etsia hartzea...”. Herri aldaketa horren latza ere ez zitzaion egin, dena esatera. “Euskalduna futbol taldean lau bat urte egin nituen, eta ez zitzaidan arrotza egiten bertako jendea”.

Egun, eguneroko bizimodua Andoainen egiten badu ere, jaioterriarekiko loturak ez ditu galdu. Iraganeko bizipen eta sustraiek markatzen segitzen dute bere kasuan. “Kuadrilla hangoa daukat, eta egun seinalatuetan aisa jartzen ditugu hitzorduak. Behar Zana elkarteko zuzendaritzako partaide izatea ere egokitu zait azken aldian...”.

1975a, sinbologia handiko urtea

1975eko azaroaren 20a euskal herritar askoren oroitzapenean geratu da iltzatuta, diktadorea hil zen eguna izateagatik. Hilarioren biografian bigarren arrazoira darama egun seinalatu horrek. “Esan dezakegu egun horretan sortu zela Oinkari dantza taldea. Horretarako, aurrez, batzuren batzuk 'zergatik taldea ez osatu?' galderaren jiran jo eta su arituak ginen. Ni, pertsonalki, beti erakarri ninduen dantzaren munduak; dantza sueltoko txapelketa asko irentsiak nituen, batez ere gure osabak (Joxe Luis Ugalde) parte hartzen zuenean, eta inondik ere ez nituen galtzen Villabonako jaietan Erketz, Argia eta antzeko taldeek egiten zituzten emanaldiak. Kontua da, Bixente Iguaran, Agustin Laskurain eta beste zenbaitzu elizaren babespeko egoitza batean biltzen ginela, eta elkarri burua berotuz aritzen ginela. Halako batean, pausoa ematea erabaki genuen. Lasarteko Felix Telleriak, Tolosako Udaberriko hiru kidek  eta Zizurkilen Joxe Arregi, Julian Zinkunegi eta bestek sortua zuten dantza taldeak laguntza agindu ziguten, eta aurrera egin genuen. Ideia ahoz aho zabaldu ostean, azaroaren 20an jarri genuen lehen entsegurako deialdia. Juxtu, Franco hil behar egun horretan! Hitzordura berrogeita hamar bat gazte agertu ginen, baina kaleetan guardia zibilak gora eta behera zebiltzala-eta, hitzordua bertan behera utzi genuen azkenean; tabernaz tabernako poteo alaia eginez amaitu zen Oinkarirentzat lehen egun ofiziala izan zena”.

Euskal kultura eta giroa herrian suspertzea izan zen taldearen helburua hasieratik. “Egundoko ilusioarekin heldu genion erronkari. Formalidadez ekitea zen gure asmoa, eta esatera baterako, gogoratzen naiz nola tematu ginen Lesakako ezpata dantza ikasteko, eta nola jardun genuen hainbat larunbatetan bertako Dolar dantzalekuan pausoak ikasten. Egia esan, ontzen joan ginen entseguz entsegu eta emanaldiz emanaldi, eta taldearekiko atxikimendua izugarri errotu zen gugan; bertan hainbat bikote sortu zela esatea nahikoa da! Fama handiko taldeek dantzari trebatu batzuk fitxatzeko tentatu arren, denek ere bertan jarraitzea erabaki genuen”.

Mila ofiziokoa

Denetik egin izan du Hilariok lan merkatuan. “Ofizio askoko pertsona, txiroa seguru!” dioen esaera gogora ekartzearekin batera, jubilazioa hartu arte lan munduan nondik nora ibili den azaldu du Ugaldek. “Hogei urtetik gora makina-erremintan aritu nintzen, 1973an hasita; SACEMen lehenbizi, eta Asteasuko Maimenen ondoren. Urte horietan izebak, arrebak eta hiruok Uztargi taberna ireki genuen; taberna giroa puri-purian zegoen garai hartan, eta lana erruz egin beharra zegoen. Batera eta bestera ibiliaz, lo eskaseko bolada izan zen; egin kontu, maiz, goizeko 03:30ean taberna itxi, eta 06:00etarako lantokian fitxatu egin behar! Horrela zortzi urtez”.

Langabeziara joanda etxe eta umezaintzan bi urte egin ostean, 2007an Andoaingo Ondarreta auzoan Eroski janari-denda bere gain hartzea erabaki zuen. “Urte eta erdi itxita zeraman, eta bezeroen aldetik hutsetik hastea izan zen. Lau langilez osatutako enpresa aurrera atera behar, eta makina bat buruhauste gainetik kendu ezinik! Nekeak neke, ez nuen damutzeko tarterik hartu. Lanari sekula ez diot uko egin, eta jendarteko harremanetan ondo moldatzen naizela esango nuke; pazientziarekin ondo moldatu naiz, beharko batzuekin!”.

Osasuna, lehenetsita

Azken 12 urteetan autonomo gisa ibili izanik, urte gehiagotan lanean eta kotizatzen jarraitu beharko luke Ugaldek, baina kito esan zuen iaz. “Osasunak lehentasuna eduki behar zuela erabaki nuen. Izan ere, azken urtetan betaurreko-ontziarekin doan astoaren pare ikusten nuen nire burua, aurrera eta aurrera lanean, itsu-itsuan. Fisikoki gainbeheran, bizkarreko minez…”. Ezin alaiago dago hartutako erabakiagatik. “Iraganeko dinamika mekaniko nekagarri hura eten, eta bizimodu berri bati ekin nionetik, hori da, hori, nire bizitzak jasan duen eraldaketa! Lehen bezalatsu, goizean goiz jaikitzen naiz, baina eguna nahiko betea daukat gogoko ditudan zereginekin: etxeko bazterrak txukundu, bilobak zaindu, arrabolean edo bizikletan saioa egin…”.

 

Elkarrizketa osorik: 565 Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!