Aurreko asteetan lurrean topatutako argazkiak biltzen ibili naiz, deigarria zaidalako musukoa lurrera botatzea edo bidean galtzea. Erredakziora nindoala lehen pertsonarengan jarri dut arreta. Atzetik zetorren, musukorik gabe. Niregana gerturatu ahala, erretzen ari zela konturatu naiz. Aurrera begira jarri eta igerilekuko bidean zubia zeharkatzen ari zen beste gizonezko bat topatu dut. Hark musukoa jantzita zeraman.
Juanita Alkain plazatxoa bidegurutze modukoa da. Norabide ezberdinetara jarri eta emakumezko gazte bat korrika ikusi dut. Ez zeraman musukorik. Eskola kalean aurrera gizonezkoa, txakurra alboan zuela. Hura ere, maskararik gabe. Kafea hartu dudan tabernaren kanpoaldean bezero bat musukorik gabe zegoen. Tabernaren barrualdean bezeroak eta zerbitzaria, guztiak, musukoa jantzita musika txatxua entzuten ari ziren bitartean: “El del medio de los Chichos”...
Tabernatik atera eta lehen metroetan topatu ditut oinezkoa, auto gidaria, eta kalean lanean ari ziren garbitzaileak. Guztiak musukoarekin. Bidean aurrera egin eta Goikoplazan antzeko egoera topatu dut. Kaletxikin behera bizilagun bat ikusi dut hamabost metrora, musukorik gabe kalea zeharkatzen. Arantzibia plazara gerturatzen ari nintzela, garajetik irteten ari zen ezagun batekin egin dut topo. Hizketan ari ginela tren geltokira zihoan gizonezkoari erreparatu diogu biok. Musukorik ez zeraman.
Horixe, lehen orduko panorama. Ordu gutxiren bueltan musukoa denen ahotan ikusten hasiko gara.