Elkarrizketatua: Irati Uranga
Zer moduzko esperientzia izaten ari da aurtengoa?
Ez-ohikoa, berezia. Egoera asko zailtzen da kontaktua eduki ezin denean. Azken finean, jolasak egiterako orduan asko mugatzen du haurra eta begiralea. Joko kolektiboak eta kontaktua mantentzen direnak ezin dira ohi bezala egin. Ikasteko balio duen esperientzia da.
Oso zorrotz bete behar dira Aldundiak ezarritako baldintzak. Haurrak musukoekin moldatzen al dira?
Moldatzen dira. Hala ere, jolasetan ez da batere erraza maskarak jarrita edukitzea, izan ere, jarduera guztiak fisikoak dira eta egiten duen beroarekin askotan azkarrago nekatzen dira. Musukoak kentzeko gogo handia edukitzen dute, baina soilik segurtasun distantziak mantenduta uzten diegu musukorik gabe egoten. Ez da erraza ezartzen dituzten neurriak betetzea, baina segurtasuna mantendu behar da.
Zein da egin duzuen ekintzarik dibertigarriena?
Herri kirolak eta joko fisikoak asko gustatzen zaizkie haurrei, baina benetan gustukoena oraingoz txerri eguna izan da. Esan beharra dago, umeei izugarri gustatzen zaiela ere ur jolasak. Beroa egiten duenean urarekin jolasean aritzen dira haurrak eta baita begiraleak ere.
Elkar ezagutzeko leku onak izan ohi dira udalekuak. Zein balorazio egiten duzu?
Udalekuak baliagarriak dira elkar ezagutzeko. Kontaktuaren bitartez haurrak hobeto ezagutzen dira, eta alde horretatik, mugatuta gaude. Gainera, txanda bi astetakoa denez ez dago denbora nahikoa haur bakoitza ondo ezagutzeko. Zortez, nire taldean haur guztiak elkar ezagutzen dira eta, beraz, oso pozik nago. Laburbilduz, egoera honek muga asko jarri dizkigu, baina ikasteko esperientzi berritzat har dezakegu.
Haurrak jakitun dira bizi dugun egoeraz?
Udalekuen hasieran konfinamenduaz hitz egin genuen. Haurrak jakitun dira bizi duten egoeraz, baina puntu bat arte. Badakite bizi dugun egoera txantxetakoa ez dela.