Egun hauetan jaiak antolatzen aritu beharko zenukete, burubelarri. Noiz erabaki zenuten atzera egitea?
Martxoan hasi ginen erabakia hartzen. Denbora falta genuen, eta ez dago jaiak antolatzeko girorik auzoan. Ekitaldi sinboliko modura, igandean itxaferoak edo azken traka botatzea pentsatu genuen baina auzoan urduri gaude, azken egunetan atera diren positiboak direla medio.
Zenbat lagunek osatzen duzue jai batzordea?
Bost lagun gaude orain. Gutxi gara eta urteak daramagu laguntza eskatzen, baina ez dira kide berriak gerturatzen. Betikoak gabiltza antolaketa guztia gure gain hartzen. Gauzak horrela, jaia antolatzea oso zaila da.
Zer nolako giroa somatzen duzue auzotarren artean?
Ez dute galdetu ere egin. Logikotzat hartu dute erabakia.
Zuk pertsonalki nola bizi duzu egoera?
Pena handiarekin. Urtero, jaiak gerturatu ahala, urduritasun modukoa sartzen zait gorputzean.
Udan jairik gabe, Udalak auzoz auzo ekitaldiak antolatu beharko lituzkeela iruditzen zaizue?
Bai, noski! Gure auzoa ez dute kontutan hartzen. Lehen, udan, Zinema Kalean hemen eskaintzen zuten. Orain hori ere ez.
Zer da jaietan gogokoen duzuna?
Jaiei amaiera emateko, "Pobre de mi" abestu eta gero, elkarri helduta ABBAren "Chiquitita" abesten dugun unea oso berezia da.